Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera

Otegiri «ongietorria» egingo liokeela esan du Caamañok

Auzia Gorenean dagoela eta epaileei «lan egiten utzi» behar zaiela esan du Espainiako Justizia ministroak

2011-10-27 / Erredakzioa

Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroak atzo adierazi zuen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea «bakea egonkortzen laguntzeko prest balego» hari «ongietorria» egingo liokeela.

«Prozesu honetan, betiere zuhurtzia izanda, zenbat eta gehiago aurreratzen dugun, hobe izango da. Eta Otegi jauna, norabide onean aurrera egiteko, bake egoera berri hau behin betiko egonkortzeko prest badago, beti izango da ongietorria, Justiziarekin dituen kitatu beharrekoak gorabehera», esan zuen Caamañok SER irrati katean.

Auzitegi Nazionalak Bateragune auzian hamar urteko kartzela zigorra jarri zion Otegiri joan den irailaren 16n, ETAko buruzagitzat jota. Caamañok gogoratu du defentsak Gorenera jo duela eta horren ebazpenaren zain egon behar dela. Auzitegiari lanean uzteko eskatu zuen Justizia ministroak.

Caamañori erantzunez, PPko Komunikazio idazkari Esteban Gonzalez Ponsek esan zuen Otegiri eskatu beharreko gauza bakarra «terrorista guztiak atxilotzen eta ETA desegiten lagun dezala» dela.

Adamsen eskaera

Ildo horretatik, atzo, Irlandako Sinn Fein alderdiko lehendakari Gerry Adamsek adierazi zuen Otegi aspalditik «Euskal Herriko bake prozesuan konprometituta» dagoela eta, beraz, aske egon beharko lukeela.

Kataluniako irrati bati eskainitako elkarrizketa batean eskaera horren arrazoian sakondu zuen Adamsek: «Otegik urrats garrantzitsuak egin ditu Euskal Herrira bakea eramateko, eta ez ginateke egoera honetan egongo haren eta beste batzuen lanik gabe»

Publizitatea