Konponbideari begira

Analisiak

Bira

Berriro hasi

 

2011-10-27 / Onintza Enbeita

Badakit programa igande gauetan ematen duela Espainiako telebista kate batek, baina nik asteartean ikusi nuen Internetez. Aprobetxatu egin behar dira sinesten ez ditugun jaiegunak ere. Joan den igandeko programari Reiniciando Euskadi ipini zioten titulua; Euskadi berriro hasten, gutxi gorabehera. Ez dut nik ukatuko urriaren 20tik hona gauzak asko aldatu ez direnik, baina berriro hasten ari garen inpresioak harritu egiten nau. 52 urteko jarduera militarra bertan behera utzi du ETAk, baina Euskal Herria ez da berriro hasten ari; ez baikaude, inondik inora ere, orain dela bost hamarkada geunden tokian. Euskal Herriak independentea eta euskalduna izan behar duela sinesten dudalako pentsatzen dut jarraitzen ari garela eta ez berriro hasten. Batzuentzat hobeto eta beste batzuentzat okerrago egingo ziren gauzak, baina ibilbide militarrak ere eragin du orain gauden lekuan egotea. Baliteke hau ez izatea egon behar genukeen lekua, eta bakoitzak albokoaren astoari botako dio horren errua, baina hemen gaude, eta hemen bagaude, urteetan gertatu diren gauza on eta txarren ondorioz da. Beraz, momentu historiko hau, egoera hau edo bidegurutze hau ez da berriro hasteko tokia: aurrera jarraitzeko tokia da.

Publizitatea