Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Euskal presoak

Presorik gabeko jokalekua lortzeko urratsak eskatu ditu Etxerat-ek

Elkarteak dio euskal gizarteak duela «giltza» euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izateko
Etxerat elkarteko kideak, atzo, Gasteizen egin zuten agerraldian.
Etxerat elkarteko kideak, atzo, Gasteizen egin zuten agerraldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2011-10-28 / Edurne Begiristain

ETAk borroka armatua behin betiko utzi izana «aurrerapausoa» da eskubide guztiak errespetatuak izango diren jokaleku bat eraikitzeko bidean, Etxerat-en arabera. «Euskal Herriak desiratzen duen egiazko konponbideari» hainbat ate irekitzen dizkiola uste du euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak. Alta, oraindik preso eta senideen eskubideak urratzen direla salatu du, eta, horregatik, indarrean dagoen espetxe politika bertan behera uztea galdegin du berriro ere: «Jokaleku honetan espetxe politikak ez du inolako lekurik».

Etxerat-ek agerraldia egin du Gasteizen, azken egunotako albisteen inguruko gogoeta egiteko. Mattin Troitiño eta Rosa Biguri Etxerat-eko kideek nabarmendu dutenez, ezinbestekoa da pertsona guztien eskubideak, preso eta senideenak barne, errespetatuak izango diren aroari ateak zabaltzea. «Gatazkaren erroei heldu, eta gatazkaren ondorioak gaindituko dituen jokalekua eraiki behar dugu. Hau da, preso eta iheslariak egoteko arrazoirik ez dagoen jokaleku demokratiko berria», nabarmendu dute. Horretarako, alde guztiei eskatu diete «arduraz» joka dezaten eskubide urraketarik gabeko jokaleku «barneratzailea» eraiki dadin.

Norabide horretan, espetxe politikak «180 graduko bira» eman behar duela nabarmendu dute Etxerat-eko kideek. Esate baterako, sakabanaketa amaitzeko eskatu dute, «onartezina baita astebururo milaka eta milaka euskal herritarrek bizia arriskuan jartzea». Aurten dagoeneko hamahiru istripu izan dira espetxeetarako joan-etorrietan, eta sakabanaketa politika hasi zenetik, berriz, 400 inguru. «Errusiar erruleta kriminal hau amaitu behar dugu».

Halaber, «bizi osorako» zigorra ahalbidetzen duen Parot doktrina indargabetzeko eskatu dute, «gatazka betikotzeko tresna» delako. Gogorarazi dutenez, 70 euskal presok baino gehiagok betea dute jada euren zigorra. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak askatzea ezinbestekoa dela iritzi diote, bai eta isolamenduak amaitzea ere.

Etxerat-en ustez, euskal gizarteak dauka helburu horiek lortzeko «giltza». «Gizartearen aktibazioa eta inplikazioa ezinbestekoak izango dira euskal preso eta iheslari politikoen eskubideak errespetatuak izateko», adierazi dute. Bide horretan, azaldu dute Etxerat elkartea lanean «buru-belarri» arituko dela euskal gizartearekin batera.

Publizitatea