Konponbideari begira

Analisiak

Euskal gatazka, arazo «espainol» bat?

 

2011-10-29 / Ibai Peña - Euroaginduagatik atxilotua

Baionan, 2010eko urtarrilaren 8an, Baionan. Gaueko 11:00ak. Frantses Polizia Nazionalaren auto bat gurutzatu zitzaigun. Autoan ni eta beste hiru pertsona gindoazen, bat adingabea. Polizia-etxera eraman gintuzten, arrazoirik eman gabe. Nire aurkako euroagindu bat zegoela jakinarazi zidaten, eta besteak aske utzi. Gaua polizia-etxean pasa eta Pauera eraman ninduten. Epaileak euroagindua jakinarazi eta Pauen espetxeratze agindua eman zuen. 25 egun espetxean pasa eta gero, epaileak euroagindua onartu ez, eta aske gelditu nintzen. Baionara itzuli nintzen.

2010eko abuztuaren 7a. Gaueko 01:00a aldera, Uztaritzen Jendarmeriak gelditu gintuen «ohiko errepide kontrol» batean. Ordu erdiz gure agiriak konprobatzen aritu ostean, autotik bortizki atera gintuzten, pistola buruan jarriz. Lurrera bota, eskuburdinak ezarri eta Polizia-etxera eraman gintuzten. Bilatze eta atxilotze agindu bat zegoela jakinarazi zidaten, eta haren berri ote nuen galdetu. Baietz erantzun nien, eta kartzelan egon ostean, epaileak euroagindua ez onartzea erabaki zuela. Gezurra zela esan zidaten, iseka eta trufaz. Ziegan sartzerakoan, biluzi behar genuela esan ziguten. Uko egitean poliziek biluzi gintuzten. Gaua ziegan pasa ondoren, epaileak aske uzteko agindu zuen.

2010eko urriaren 10a. Uztaritzera nindoan txirrinduz. Auto bat sumatu nuen gibeletik. Aurreko aldiko jendarmeak ziren. Nire aitzinean gurutzatu ziren. Autoaren aurka ezarri ninduten, dokumentazioa eskatu. Haien artean eztabaidatu eta gero, barkamena eskatu eta joan ziren.

2011ko urriaren 26an, 17:00etan. Frantses Polizia Nazionalaren auto bat gurutzatu zitzaigun errepidean. Autoaren paperak eta dokumentazioa eskatu zizkidaten. Zergatia galdetu eta ez zidaten erantzun. Konprobazioa egin, lagunari agiria itzuli eta autotik jaisteko eskatu zidaten. Eskuburdinak jarri, autoa bide erdian utzi eta polizia-etxera eraman ninduten. Nire aurka bilatze eta atxilotze agindu bat zegoela esan zidaten. Betiko agindu bera zela ohartu eta aske utzi ninduten. «Hurrengora arte!», esan zidan polizia batek. Gertakari horietan guztietan, poliziek bilatze eta atxilotze agindua betetzea haien betebeharra zela esan zidaten. Euren lana baino ez zutela egiten esan zidaten, erantzukizuna «espainolena» zela.

Euroaginduaren prozeduran epaitu zutena eta oztopatzen saiatzen ari direna ez da nire herriarekiko konpromisoa eta militantzia politikoa baizik.

Jazarpen honen erantzukizuna Estatu frantsesaren errepresio estrategiarena eta hori aurrera eramateaz arduratzen diren polizia eta epaileena da soilik. Nire bizimodua eta militantzia baldintzatzea dute helburu, Ipar Euskal Herrian errotu dudan bizitza ezegonkortuz eta etengabe oztopatuz.

Estatu frantsesa gatazkaren parte dela agerian den arren, onartu gabe jarraitzen dute. Euskal militanteen aurkako erasoek ez dute etenik. Jazarpena errepresio judizial eta polizial horren isla besterik ez da. Asko izan dira azken urteetan Ipar Euskal Herrian atxilotutako gazteak, espetxeratutakoak, onartutako euroaginduak… Azken egunotan ere jakin ahal izan dugu Josu Esparzaren aurkako euroagindua onartu dutela eta edozein momentutan Espainiaratu dezaketela. Errepresioarekin euskal militanteak beldurtu eta isilaraztea dute helburu. Baina ez dute lortuko! Euskal jendartearen gehiengoak azaldu duen bezala, haien estrategiak porrot egin du eta, bide beretik segituz gero, porrot egiten jarraituko du. Konponbidea ez da errepresioaren bide antzutik etorriko.

Egun, Euskal Herrian sortutako egoera berriak ateak parez pare ireki dizkio konponbideari. Estatu frantsesari dagokio pausuak ematea, erantzukizunez. Euskal Herriak oraindik orain bizi eta sufritzen duena gatazka politikoa da eta, honenbestez, aterabide politikoak eskatzen ditu. Egoerak arduraz jokatzea galdegiten du eta Estatu frantsesa arduragabekeria handia erakusten ari da. Borrokaren bitartez ailegatu gara konponbide demokratikoaren atarira eta borrokaren bitartez lortuko dugu herri bezala ukatuak zaizkigun eskubideak irabaztea. Merezi duelako, beharrezkoa delako: borrokan jarraituko dugu!

Publizitatea