Konponbideari begira

Analisiak

Darwin eta gu

Carrero Gernikan

 

2011-10-29 / Jose Mari Pastor

Luis Carrero Blanco zenak monumentua du Santoña jaioterrian. ETAk 1973an hil zuen Francoren gobernuko presidentea, eta hango udalak haren aldeko monumentua eraiki zuen gero. Kantabriako herrian inor ez da ausartu oraindik monumentua kentzera, ezta sozialistak ere. Santoña berezi samarra da. Bertako udalean falange frankistak Espainian duen zinegotzi bakarra dago: Leoncio Calle Pila. Calle jaunak odola isurarazteko mehatxua egin zuen 2007an —orduan ere zinegotzia zen—, inor bazihoan Carreroren omenezko monumentua botatzera. «Beharrezkoa bada, tiroak izango dira», esan zuen. Espainiako justiziak ez zuen haren kontrako auzibidera jo, noski. Callek zinegotzia izaten segitzen du, eta prest dago diktadorearen oinordekoa izan behar zuenaren aldeko monumentua tiroka defendatzeko.

Pertsona bat ezagutzen dut, behin, Carreroren monumentu horren aurrean, «voló, voló, Carrero voló» kantatzen hasi zena, ia ohartu gabe. Eskerrak inguruan falangistarik ez zegoen, bestela errepaso ederra emango ziguten hari eta harekin geundenoi. Une txoro batean hitz horiek kantatu zituena ez da ezker abertzaleko kidea. ETA kritikatu izan du, baina barneratua du Carreroren aurkako atentatuak herritar ugariren artean eragindako sentimendu ez bereziki goibela. Horretaz poztu ziren asko amnesiak jota daude orain. Carrero terrorismoaren biktima gisa aurkeztu digute egunotan. ETAk bere jarduera armatua betiko uzteko erabakiaren berri eman eta biharamunean, erakunde armatuak hildako 829 lagunen izen-abizenak argitaratu zituzten Espainiako egunkariek. Hedabide ustez aurrerakoienetan biktima agertu zen Carrero, baita Meliton Manzanas ere, Francoren polizia politikoko torturatzailea.

Biktimen gaia tentu handiz ibiltzekoa da. Alde bateko zein besteko indarkeria sufritu dutenen mina hor dago. Erraza da aholkuak ematea halakorik zuzenean sentitu ez denean. Alde humanotik, sufrimenduari dagokionez, biktima guztiak berdinak dira. Baina berdinak ote dira bakoitzaren erantzukizun politikoaren aldetik? Arlo horretatik begiratuta, berdin-berdinak dira Meliton Manzanas eta Carrero Blanco eta Diego Armando Estacio eta Carlos Alonso Palate? Gauza bera ote dira diktadura frankistako errepresioaren sinboloak eta Barajasko atentatuan hildakoak?

ETAren borroka deslegitimatu nahi duten askok arazoak dituzte batzuetan. Idoia Mendiak joan den astean esan zuen ETAk 30 urte galdu dituela armak uzteko. Baten batek uler lezake 1981 baino lehenagoko atentatuak justifikatuta daudela. Bizkaiko Diputazioko presidente Augusto Unzetaren kontrakoa 1977an izan zen. Ontzat jotzen du? Txarli Prieto sozialistaren ustez, aldiz, ETAk duela 34 urte gelditu behar zuen. Gipuzkoako Diputazioko presidente Juan Maria Araluze 1976an hil zuten. Beraz? Urkulluk adierazi duenez, ETAk ez zuen inoiz sortu behar, ez baitago «heriotza bat bera ere» merezi duen aberri, erlijio edo ideiarik. Inoiz Mandelaren aurrean izanez gero, halakorik esango lioke EBBko buruak Hego Afrikako diktadura arrazistaren kontra armak eskuetan borrokatu zenari? Pedagogia egiteari lotuz gero, hobe luke batzokietan bertan hastea. «Que corra la sangre hispana mientras dure la invasión …» edo «eta tiro, eta tiro, eta tiro beltzari; eta tiro, eta tiro belarrimotzari ...» dioten kantak EAJko zaharrei entzun dizkiet, ez ezker abertzaleko gazteei.

Garai berriak datoz. Denok egin beharko ditugu autokritika eta hausnarketa sakonak. Denok. Baina kontuz, mea culpa esateko modu asko daude. Carrerok badu bere monumentua Santoñan. Ez diezagutela eska orain beste bat eraikitzeko Gernikan eta, «beharrezkoa bada», tiroka defendatzeko.

Publizitatea