Konponbideari begira

Elkarrizketak

Ezker abertzalea aro berrian. Elkarrizketa. Pernando Barrena. Ezker abertzaleko kidea

«Lehentasunezkotzat jo behar da gobernuen eta ETAren arteko agenda»

Konponbidearen garaia iritsi da, Pernando Barrena ezker abertzaleko kidearen ustez. Garai berri honetan lehentasunezkotzat jo du Espainia eta Frantziako gobernuak ETArekin hitz egiten hastea ondorioez. Agenda politikoaren bidea guztiz irekitzeko.

2011-10-30 / Pello Urzelai

Jarduera politiko publikoan bete-betean sarturik dago berriro Pernando Barrena (Berriozar, 1965). Bartzelonara abiatu aurretik erantzun die BERRIAren galderei.

ETAren erabakiaren dimentsioa historikoa dela esan daiteke? Zein izan dira, ezker abertzalearen ikuspuntutik, horraino iristeko osagai nagusiak?

ETAren erabakia historikoa denik inongo dudarik ez daukat. ETAren historian, atzera begiratuta, goi mailako hiru erabaki aurki ditzakegu. Bata, ETAren sorrera. Bigarrena litzateke trantsizio garaian ETAk jarduera armatuarekin jarraitzea erabaki izana. Hirugarren erabaki historikotzat joko nuke ETAk jarduera armatua bertan behera uzteko erabakia. Hain zuzen, ETAren erabaki hau dator ezker abertzaleak azkenengo bi urte hauetan hartu duen ibilbidea babestera. Orain dela bi urte Zutik Euskal Herria izeneko ponentzia eztabaidagai jarri zuen ezker abertzaleak bere kideen artean, eta eztabaida horren ondorioetan argi eta garbi agertu zen ezker abertzaleak apustua egiten zuela bide politiko eta baketsuen alde eta horretara mugatu behar zuela bere jardunbidea. Duela bi urte ezker abertzaleak esan zuena ETAk babestu egin du momentu honetan. Horrek berebiziko garrantzia dauka.

Zure ustez, zein ezaugarri ditu aro berri honek?

Konponbidearen garaia da. Nabaria izan da ETAren erabakiak zer-nolako jokalekua eta zer-nolako sentsazioak ekarri dituen azkeneko aste honetan. Nik, oro har, poztasuna nabaritu dut. Kalean jendea kontent dago hartu den erabakiarekin, eta itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari. Ikusten du eragile batek, behintzat, hartu egin dituela erabakiak. Jendea zain dago beste aldean daudenek zein erabaki hartuko ote duten eta ETAk hartutako erabakiaren mailan egongo ote diren. Beraz, konponbidearen garaia ireki da. ETAk jarduera armatuaren amaiera iragarri du, eta horrek ekarri behar du konponbidearen garaia irekitzea, eta, horretarako, ezinbestez Aieteko Adierazpenean aski ongi jasotzen denez, behar-beharrezkoa da Espainiako Gobernuak eta Frantziakoak modu positiboan erantzutea horrelako erabaki bati eta martxan jartzea behar diren tresnak ETArekin elkarrizketa bat irekitzeko eta gatazka armatuaren ondorioei buruz hitz egiteko. Horrek bakarrik ekarriko du behin betiko bukaera gatazka armatuaren korapiloa askatzeari dagokionez.

Esan duzu jendea beste aldearen urratsen zain dagoela. Nekeza izango da beste alde horrek, hau da, estatuek urratsak egitea lortzea?

Kostako da. Horrek ez du zalantzan jarriko ezker abertzaleak hartu duen bidea eta ETAk modu tinko batez azaldu duen erabaki hori. Nire ustez, beste prozesuekin alderatuta, diferentzia da ezker abertzaleak hartu duela erabateko iniziatiba eta erabateko konbentzimendua daukala erabaki horiek aurrera eramateko. Estatuek, modu batez edo bestez, ez dakigu noiz, espero dezagun goiz izatea berandu baino, erabakiak hartu behar dituzte denbora berri honetan konponbideak mahai gainean jartzeko. Mugitu beste erremediorik ez dute izango, eta oso epe laburrean, gainera.

Nola dago ezker abertzalea garai berrira begira? Zer irudikatu nahi zuen ezker abertzaleak Altsasuko argazkiarekin?

Ezker abertzaleak Altsasuko agerraldi horrekin irudikatu nahi izan du zirkulu baten itxiera, apustu baten itxiera. Altsasun hasi ginen, eta Altsasun bukatu dugu oraingoz bide hori martxan dagoela, eta izugarrizko aurrerapauso batekin. Ezker abertzale konpaktu bat, iraganean eta orainaldian egondako militanteek osatua, eta irudikatuz ezker abertzaleak apustu bat daukala martxan eta horrek ez daukala atzera biderik.

Pitzadurarik gabeko ezker abertzalea?

Bai, nik uste dut baietz. Momentu honetan, termino politikoetan, ezin da inongo pitzaduraz hitz egin. Ezker abertzalearen meritua izan da eztabaidaren poderioz eta azterketaren inguruko iritziak trukatzearen ondorioz posizioak erabat findu izana, eta erabateko sintonia ikusten dugu ezker abertzalean. Hori ere oso pozgarria da une honetan.

Zein da zuretzat Aieteko konferentziaren ebazpenaren balioa?

Oso handia da, mahai gainean jartzen duelako momentu politiko honetan zein izan behar duen ibilbide orriak. Egoera bat aurkitu dute nazioarteko adituek; alde ezberdinen iritziak entzun zituzten, eta mahai gainean jarri zuten ibilbide orri bat, gure ustez, Gernikako Akordioarekin batera markatzen duena hemen Euskal Herrian, gauzak onbidean, zer-nolako urratsak egin beharko liratekeen. Aieteko Adierazpenean jasotako lehenengo puntua bete egin da, ETAren erabakiarekin. Beraz, momentua da nabarmentzeko Aieteko deklarazioaren balio ikaragarria eta bigarren eta hirugarren puntuak hor datozela. Azken finean, Aieteko Adierazpenaren baliorik esanguratsuena, ibilbide orria jartzeaz gain, gatazka politikoari ikuspegi integral batetik heltzea da. Aieteko ibilbide orri horrek oso garbi marrazten du garaia heldu dela elkarrizketari heltzeko, gatazkaren ondorioei heltzeko eta elkarrizketa politikoen garaia irekitzeko.

Tony Blairrek The New York Times-en argitaratu duen artikuluan dei egin die Espainia eta Frantziako gobernuei ETArekiko elkarrizketei ekiteko. Gai izango dira erronkari aurre egiteko? Azaroaren 20ko hauteskundeak baino lehenago?

Azpimarratu behar da Tony Blairrek hori esatea ez dela edozeinek esatea. Tony Blairrek izugarrizko jarraipena egin zion Irlandako bake prozesuari, protagonista nagusietako bat izan zen talde britainiarraren aldetik, Jonathan Powellekin batera, eta ederki aski daki prozesu hark eskaini zuela irtenbide integral bat eta, beraz, errezeta horrek, osagai ezberdinekin seguruenik, Euskal Herrian balio duela aurrera egiteko konponbide prozesu batean. Tony Blairrek esandakoaren balioa mahai gainean izanda Espainiako Gobernuak izugarrizko aukera du momentu honetan bertan agenda horri heltzeko. Esaten ari dira «bukatzen ari den gobernu bat dago Madrilen». Nire ustez, hori ez da inondik inora aitzakia momentu honetatik bertatik jadanik erabakiak hartzeko. Zapatero da orain Espainiako gobernuburua, eta berak benetan nahi badu historiara pasatu, bere nahia izan den bezala, gatazkaren konponbideari hasiera eman zion presidente moduan, behar beharrezkoa du urratsak egitea momentu honetan eta oinordetza politiko bat uztea presidente izango den hurrengoari, ez dakigu Rubalcaba edo Raxoi izango den.

Presoen gaiari dagokionez, espetxe politika aldatzea euskal gizartean errotuta eta zabalduta dagoen eskakizun bat da. ETAren erabakiaren ondoren, gutxienez espero zitekeen presoen egoera humanizatzea edo leuntzea. Gobernuek hori ere geroko utziko dute?

Utziko duten ala ez ez dakigu. Egin behar dute, eta berehala egin behar dute. Azpimarratu behar da hemen ez dela eskatzen inongo eduki politikorik daukan erabaki bat edo mugimendu bat. Hitz egiten ari gara bertan behera utzi behar dela garai batean presoen egoera okertzeko presoak subjektu politiko moduan aintzat ez hartzeko eta beraien eta beraien familien sufrimendua areagotzeko martxan jarri zuten eskema politiko oso bat. Ez gara hitz egiten ari espetxe legeriaren aldaketa bati buruz, hain zuzen, salbuespeneko politika horiek guztiak bertan behera uzteko ez delako behar. Presoen sakabanatzea ez dago jasota espetxe legerian, hori erabaki politiko bat da. Presoak kartzelaren barnean sakabanatuta edukitzea modulu ezberdinetan, euren komunikazioak interbenituta egotea, edozein presori dagokion espetxe eskubideak ez aplikatzea eta edozein eskubide murriztea, hori guztia ez dago jasota espetxe legerian. Hori guztia bertan behera utzi behar da lehenengo urrats moduan. Hala ere, guk oso garbi daukagu gatazkaren ondorioen konponbidea ekarriko duen prozesu edo dinamika batek ekarri beharko duela bukaeran euskal preso eta errefuxiatu guztien etxeratzea. Ez daukagu inongo zalantzarik. Bestela, hori gertatuko ez balitz, ezin izango genuen hitz egin gatazka horren gainditzeaz. Denok prest gaude horretaz hitz egiteko. Gobernuek eta ETA erakundeak badute horretaz zer hitz eginik, eta hitz egin dezatela, nahi duten guztiaz, moduaz, epeei buruz... baina horren bukaeran euskal preso guztiak etxean nahi ditugu.

Aieteko ebazpenaren hirugarren puntua biktima guztien aitortza eta erreparazioari buruzkoa da. Nola ekin nahi dio ezker abertzaleak eginkizun horri?

Heldu beharko zaion gai bat da. Garrantzi handia dauka. Ezker abertzaleak ere, eragile politiko moduan, helburua dauka etorkizunera begira euskaldun denontzako Euskal Herri bat eraikitzea. Euskal Herri horretan sartzen dira mota guztietako pertsonak, diferentziarik egin gabe ideologiaren arabera eta iraganeko gatazkan izan duten parte hartzean. Elkarbizitzaz hitz egiten denean, ezker abertzaleak urrats esanguratsuak egin beharko ditu horretan ere, baina iruditzen zaigu une honetan ahalegin bat dagoela PPren aldetik, eta sektore batzuen aldetik, diskurtso oso bat inposatzeko. Galtzaileak eta irabazleak nahi dituztela esaten digute. Guk eskema horretan ez dugu sinesten. Konponbidearen antipodetan kokatzen den diskurtso bat da. Horrekin batera, errelatuaz hitz egiten digute, eta horrekin ezkutatu nahi dute inposatu nahi dutela hemen herri honetan azken hamarkadetan gertatu den errealitatearen irakurketa.

Urrats esanguratsuak egiteko prest zaudetela esan duzu biktimen arloan. Nolako urratsak?

Hori buruan daukagu, eta lanean ari gara gure artean eremu horretan egin daitezkeen urratsak aztertzen. Urrats horiek etor daitezke modu ezberdinez, baina argi daukagu ezker abertzaleak zeresan handia izango duela bide horretan, eta ezker abertzaleak oso presente dauka hemen sufrimendua alde guztietan gertatu egin dela, gurean ere bai. Guk badakigu zer den gatazka honen ondorioz sufritzea, badakigu zer den mina pasatzea eta gure senitartekoak eta lagunak galtzea. Esan dezakegu biktima guztiekiko enpatia sentitzen dugula.

Elkarrizketa politikorako garaia bete-betean iritsi dela esan daiteke. Zertara bideratu beharko litzateke elkarrizketa politiko hori?

Lehenik eta behin, beharrezkoa da heltzea gatazka armatuak utzi dituen ondorio batzuei. Horretarako, elkarrizketa beharrezkoa da. Elkarrizketa horrek subjektu nabariak ditu: alde batetik, Espainiako Estatua eta Frantziakoa, eta, bestetik, ETA. Hitz egin behar dute, eta erabaki zer-nolako neurriak hartu behar diren, gatazkaren ondorioz oraindik ere zazpiehun preso baino gehiago dauzkagulako, milaka jende etxetik kanpo dagoelako. Eta, gero, ETAk armak erabili ditu; hitz egin beharko da zer gertatzen den arma horiekin. Hemen, Espainiako eta Frantziako indar armatuen hedatze izugarria izan dugu, eta horretaz ere hitz egin beharko da; zer egiten duten horiek guztiek garai berri hauetan. Agenda hori lehentasunezkotzat jo behar da; beraiek heldu behar diote, bi estatu eragile horiek eta ETAk elkarrizketei heldu behar diete, konfrontazio armatuaren ondorioen orrialde hori lehenbailehen pasatzeko. Ondorioz, ireki egingo da agenda politikoa. Azken finean ETAk jardunbide armatuari amaiera ematea erabaki du, baina ETA sortu aurretik hemen oraindik badago gatazka politiko bat, eta ETA bukatu denean hemen gatazka politiko bat dago oraindik. Zertan datza? Herri bat dagoela eta herri honek bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea daukala; eta hori da herri honi ukatzen diotena gobernu instantzia horiek, Espainiak eta Frantziak. Horri ekin beharko zaio elkarrizketa politikoetan. Baina berriro diot, une honetan lehentasuna dauka gatazkaren ondorioez hitz egiteak eta hori guztia konpontzeak: presoak, desmilitarizazioa, desarmea eta abar.

Nola ikusten dituzu Patxi Lopez lehendakariak hasitako bilerak?

Hitz egitea ez dago inoiz soberan, baina iruditzen zait oso eskema pobrean ari dela. Ez delako planteatzen ezer zehatz helaraztea alderdiei. Irailaren amaieran Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu zuen dekalogo hori erabiltzen ari da, eta nire ustez guztiz zaharkituta gelditu da. Ez naiz lehena esaten, baina uste dut hori horrela dela. Bestetik, Lopezek bere bidaia famatu horren harira sortu duen irudi txar horren ondorioz, azaldu nahi du iniziatiba politikoa balu bezala eta bere esku baletor bezala. Oso asmo politiko garbia dago.

Zein da zure aurreikuspena Amaiurren emaitzaz?

Jendeak ez du sumatzen inondik ere EAJren eskaintza serioa eta eraginkorra denik autodeterminazioaren alde, autodeterminazio eskubidea Madrilen defenditzeko, eta, aldiz, konturatzen ari naiz sentimendu hori oso azpimarratuta dagoela Amaiur osatzen duten alderdien inguruan eta sektore subiranista zabal horren inguruan. Jendeak eskertu egiten du autodeterminazioaren eta herri honen eskubideen defentsaren inguruan planteamendu komunak egitea, eta hori ikusi zen maiatzaren 22an, Bilduk egin zuen apustuarekin. Konbentzituta nago azaroaren 20ko hauetan ere hori guztia areagotu egingo dela, bi apustu horiek, eskubideen defentsa eta bakearen aldeko inbertsioa, are nabarmenago eta are sakonago agertzen direla hauteskundeetarako hilabete eskas falta den honetan. Jendeak eskertuko du hori, eta ziur naiz, eta hala espero dut, urteotako hauteskunde joera guztiek iraulketa bat izango dutela azaroaren 20ko hauteskundeetan.

Publizitatea