Konponbideari begira

Analisiak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Iritzia

ETAk jarraitu egin behar du

 
ETAren biolentziarik gabeko aro berriaren abiapuntuan gaude. Zergatik eta nola iritsi gara puntu honetaraino, eta zergatik orain? Gehienek esaten dute estatuen irmotasunak, errepresioak, debekuak eta legez kanporatzeak behartu dutela ETAren erabakia. Beste batzuek, berriz, Ezker Abertzalearen hausnarketa-prozesuaren ondorioa dela esaten dute. Bat izan, bestea izan ala biak izan, kontua da azken bi urteotan aldaketak eragin eta erakutsi dituzten bakarrak Ezker Abertzalea eta ETA bera izan direla. Aldaketa prozesuari EA, Alternatiba, Aralar eta beste hainbat eragile sozial lotu zaizkio. Alabaina, gainontzeko alderdi eta instituzioek ez dute deus ere egin aldaketa errazteko edo bizkortzeko; ez, behintzat, ikus eta ebalua daitekeen ezer berririk. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, justizia-sistemak eta poliziek azken bi urte hauetan egin dutena ezin esan daiteke aldaketa errazteko izan denik. Atxiloketek, epaiketek, kartzelatzeek, debekuek (manifestazioak, presoen argazkiak eta abar), legez kanporatzeek, presoak Euskal Herritik urrutiratzeak eta zigor erantsiek irmotasuna erakusteko eta, agian, ETAri amore emanarazteko balio izan lezakete. Behartzeko baliteke, baina ezin esan daiteke aldaketa errazteko balio dutenik.

Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak, Frantziakoak, justizia-sistemak eta poliziek segituko al dute «irmotasunaren» ildo beretik? Ezker Abertzaleak gestionatu du, EA, Alternatiba eta Aralarren laguntzaz, bake prozesua azken bi urteotan. Nork gestionatuko du biolentziarik gabeko normalizazio politikoa eta adiskidetze prozesua? Eragileetako bat, ezinbestean, Ezker Abertzalea izango da, nahiz, itxura denez, Sortu ez den legeztaturik izango Espainiako Gorteetarako hauteskundeak igaro arte. Hori horrela, Amaiur eta Bildu koalizioek hartu behar izango dute bere gain lan hori. Ikusteko dago Euskal Herriko alderdi politikoek eta gobernuek zer egiten duten. Oraindik orain ez da antzematen inolako mugimendurik, elkarri so baina geldirik daude. Bateren batek proposamen berriren bat egingo al du? Alderdi politiko nagusiek, EAJk, PSE-EEk, PSNk, PPk eta UPNk, ba ote dute zerbait adosturik egoera berri honetarako? Hitz egin al dute zer egin daitekeen ETAk borroka armatuari utzi ondoren?

Aieteko Adierazpenak bere bigarren puntuan azaltzen du ETA erakundearen eta Espainia eta Frantziako gobernuen artean bideratu behar direla «gatazka armatuaren ondorioen» konponbideak. ETAk, beraz, jarraitu egin behar du ondorio horiek konpondu bitartean. ETA ezin desager daiteke oraindik. Eginkizun eta erantzukizun jakinak dagozkiolako prozesuak dirauen bitartean, gerokoak gero.

Publizitatea