Konponbideari begira

Analisiak

Itomena

 

2011-10-30 / Axun Lasa - Joxean Lasaren arreba

ETArengandik jaso dugun berri onak pozez bete nau, eta bere ekintzen ondorioak jasan dituzten pertsona guztiengan pentsatu arazi dit. Nire besarkadarik zintzoena guztioi eta zuetako bakoitzari.

Alde guztietatik, asko gara Euskal Herrian gogor lanean ari garenak bakeak berreskura dezan ostu dioten duintasuna. Eta bide horrek balio behar du biktima guztiok ere berreskura dezagun geurea.

Garbi gera dadila neure buruaren izenean bakarrik hitz egiten dudala.

Prentsak, politikoek eta bien artean gizartean erein diren haziek ETA bakarrik jotzen dute euskal gizartea bizitzen ari den sufrimenduaren kausa. Eta, egia esan, ez dakit niri bakarrik gertatzen zaidan, baina nazkatuta nago horretaz.

Nazkatuta nago hedabideen gezurrak irensteaz; nire zergen kontura bizi direnen hitz-jario pozoitsua agoantatzeaz; borreroak agindu, babestu edo isiltzen direnak mantentzeaz (nireek ziur aski lasai lo egingo dute ohe epelean beren basakerien kontzientziarik gabe). Eta nazkatuta, inork niri barkamenik ez eskatzeaz, inork guri barkamenik ez eskatzeaz.

ETAk barkamena eskatu behar du eragindako minarengatik. Hori deritzot. Baina ez du ETAk bakarrik egin behar. Beste biktima asko izan gara ahaztuak, baztertuak eta ez aitortuak erakunde, politiko eta hedabideen partetik. Familia gehiegik galdu ditugu maite genituenak eta pertsona gehiegik sufritu dugu geure azalean beste horien torturaren izua, sigla ezagun edo ezezagunen pean ezkutatuta jardun duten horiena, dominadun uniforme pean jardun duten horiena, gure anai-arreba, seme-alaba, lagunak… bahitu, torturatu, hil eta desagerraraziz.

Epaileen aginduan babestuz (jaun ukiezinak, espetxeak besteentzat bakarrik eraiki izan balira bezala beren etxeetan lasai lo egiten dutenak), gure anaiak duintasunez hilobiratzeko giza-eskubide oinarrizkoa ukatu ziguten beste terrorista horiek. Eta horrekin nahikoa ez eta, legearen eta borraren indarra erabiliz, hilerri barruan kolpatu gintuzten, zerraldoekin geundela.

Hamabi urte luzeetako desagertze legalaren ondoren, J. A. Lasa eta J. I. Zabalaren senitartekook sinistuta geunden azkenean iritsia zela unea, gure anaiak geureganatzeko, beraiengatik negar egiteko, hurbil sentitzeko eta agurtzeko. Gajoak gu! Ez ginen konturatzen zein bestelakoa zen errealitatea. Berehala jakinarazi baitziguten gure anaiak duintasunez hilobiratu nahi izatea oso akats larria zela.

Garai hartan, guk gajook ez genekien gure anaiak ETAkoak izateagatik gu ere kolaboratzaile, apologo, konplize eta etakide bihurtzen ginela. Nork esan behar zigun, hainbeste urteren ondoren, espainiarren fiskal nagusiak hori argitzeko mesedea egin behar zigunik: ETAko kideen senitartekoek barkamena eskatu behar dugu, beharbada «noiz edo noiz zerbait egingo genuelako».

Egia: barkamena eskatzen dut artikulu hau idazteko aurpegia izateagatik, izuaren menpekotasunik gabe, nire bizitzan lehenengo aldiz, adierazpen askatasuna erabiltzeko ausardia izateagatik.

Beste bandokoen artean, biktima aitorpen legala dudan bakarretakoa naiz. Eta, hala eta guztiz, ezin omen naiz kexatu Galindok, bahiketa eta hilketagatik kondenatua izan eta gero —torturengatik kondenatzeko frogak falta omen ziren—, zerbitzu eta babes zibilaren arloan egindako lan eskergagatik, dominak eta goratzarreak jaso zituelako.

Ezin omen naiz kexatu komisarian jaso nituen torturengatik ere, inoiz salatu ez nituenak, eta gaur arte publikoan azaldu ez ditudanak.

Gogoratzen dut nola sinatu arazi zidaten betiereko isiltasuna torturatu ninduten eraikinetik ateratzen utzi aurretik. Beharbada, ez diot oraindik neure buruari barkatu. Baina nork sinetsi behar zidan? Poltsa, flexioak, iletik tiratzeak, askatu zuten txakurra… horiek ez dute aztarna fisikorik uzten. Ezta ere Donostiatik Madrilera, eskuak lotuta, Land Rover baten atzeko aldean, jarlekurik gabe, burdin xafla baten gainean, bizkarra inon bermatzeko lekurik gabe egindako bidaiak. Ezta ere burua altxatzeko baimenik gabe bata bestearen atzetik entzun behar izan nituen mehatxuek. Ezta autotik ateratzean burutik oinetara estaltzen ninduen mantan biltzeak ere. Ezta oihuek ere. Ezta ziegako mirila aurrean, nekatuta egon arren, zutik iraun beharrak ere; nekatzea debekatua neukan, eta ni, nekatua nengoen, oso nekatua, nekatuegia.

Zuzen egon beharra neukan. Eta nik, ezin nuen. Baina egon beharra zegoen, eta ezin nuen.

Zertaz kexatu behar nuen, ez baninduten ukitu, ez baninduten torturatu? Zeren... nork dio hori guztia tortura dela?

Nork dio tortura dela osotasuna mantendu beharra, aurrean nuen gizaseme beltzaran bekozkodun indartsu batek ez nekizkien gauzez galdetuz eskuan zuen kateaz amorru biziz mahaian jotzen zuen bitartean?

Nork dio tortura dela neure pixa sentitzea izterretan behera behin eta berriz, eta berriz, eta berriz, galdetzen zidaten gauzei buruz ezer ez nekiela erantzuten nuen bitartean?

Nork dio tortura dela ziegan hiltzeko beldurra sentitzea, erabat zikin, urik ukitu ere egin gabe, bakardadean, zazpi egun luze iraun zuen kalbario hartan?

Bakeroak belaunetaraino pixaz eginda... Nola azaldu? Nola sentitzen da horrelako tratu txar fisiko eta psikikoak jasan ondoren, beldurra hezurretaraino sartuta eta arima zauriz beterik, bizitzan irauteko, jarraitzeko, moldatzeko, barkatzeko... betebeharra duena?

Ongi pentsatuz, nori bururatuko zitzaion Madrilen (ukitu ere egin ez nindutenean) Estatuko Segurtasun Indarrengandik torturatua izan nintzela esatea?

Zergatik ez dute barkamenik eskatu beharrik espainiar estatuko demokraziaren zaindariek?

Iraganeko sufrimenduak handiak izanagatik, neurri batean gaindituak borondate indarra eta pertsona hunkigarriei esker, itxaropena dut etorkizunean. Baina aldi berean sentitzen dut Euskal Herrian bakea lortzeko ahaleginek, izuaren biktima guztien barne bakea lortzeko ahaleginek ez dutela ahaztu behar herri honetako historia ez-ofiziala den hau guztiau.

Publizitatea