Konponbideari begira

Analisiak

Agur, ETA; gora bakea

 

2011-11-02 / Xabier Ezeizabarrena - Irakaslea

Euskal Herriko gailurretik ikusten denez, ibarrez eta herriz betea da Euskal Herriko lurra, baina M. Otamendiren iritziz (BERRIA, 2011-10-23), denborak aurrera egin ez balu bezala. Beharbada, hala dela ematen du mendi garaietatik begiratuz gero eta irakurtzen ditugunean berak idatzitako proposamen batzuk. Nire ustez, behean, ibarrean, oso bestelakoak dira gauzak eta gure herriaren bakearen alde lan egin zuten guztiei eskertu egin beharko genieke; ez ETAri edo bere sortzaileei, jakina.

Niri, mendi goratik euskaldunei begira nagoen, iradoki dit Zuzenbidea eta politika ezin dela erabili hain baldar, gure gatazka konpondu ezina baitakar. Hainbeste euskaldun gure bizitza osoan ibili ginen bakearen aldeko lana eta ahaleginak egiten, etengabeko gure norabideak bilatzen eta irekitzen. ETAk, aldiz, ezin du gauza antzeko bat argudiatu Euskal Herriaren aurrean. Beraz, ETAri, agur; ongi etorriak benetako bakea eta eskubideak.

Edonola ere, ez dagoela helburu politikorik, den funtsezkoena izanik ere, bere-berez xede denik. Pertsona gisa eta herri gisa dugun izateak erakusten duenez, beharrezkoak gara prozesu batean, eta inork ezin du aurreratu prozesu horretan zer gertatuko den, arian-arian jartzen baitira oinarriak. Izan ere, ez oraingo erregimenaren segida, ez libre erabakitzeko eskubidea eta ez independentzia ezin direla izan, bere kabuz, prozesu jakin baten azken helburua. Prozesu politiko demokratikoak, erregimen totalitarioetan gertatzen ez den bezala, bizirik daude beti, zabalik; etengabe aldatzen ari dira. Horixe da, hain zuzen, demokrazia guztien muina: bidea beti zabalik egotea hitz egiteko, negoziatzeko eta gizarte liskar mota guztiak konpontzeko. II. Mundu Gerra ondoren erabiliriko konponbide juridiko-politikoek ez dute balio orain nazioartean den egoeran, eta konstituzioek ez dituzte konponbideak betiko ematen orain ere baditugun barne liskarretarako. Alabaina, berriz, ETA ez zen beharrezkoa.

Errealitate demokratikoaren parte da bere burua aldatzeko premia gorria, egoera berrietara egokitzekoa eta, bistan denez, beste ezeren gainetik subiranotasun bakarra dutenei galdetzekoa: herritarrei galdetzekoa alegia eta bereziki benetako bakearen une batean. Hemen gainetik aipatu dugun sare korapilatsu horretan, zuzenbidea funtsezkoa da. Beraz, Zuzenbidea da gatazka konpontzeko tresna nagusia; horretarako erabiltzen dituen formulak ez dira denak inposizio kutsukoak: borondate eta interes kontrajarriak ezkontzeko modua ere egiten da. ETAk, aldiz, inposizio hutsa nahi zuen herriaren kontra. Hitz batean esanda, gizartearen odola ETAren asmoak besterik gabe bideratzeko. Astakeri agalanta! Agur, ETA!!! Ez diegu ezer eskertu behar.

Azken finean, Zuzenbideak bakea sortu behar du, gatazka eta lege arazoak konpondu. Legediak berak galarazten du, teoria formalean behintzat, bere tresnak alderdikeriaz erabiltzea arazo bat luzatzeko. Alderantziz: edozein interpretazio irizpide konponbideak bilatzeko da, alde batzuk gogobetetzeko eta justizia betetzeko. Halaxe da Zuzenbide Konstituzionalean hortxe dago kokatua oraingo euskal gatazka, Espainiako eta Frantziako konstituzio mailetan eta Europako Batasunaren esparruan maila makro-konstituzionala. Beste horrenbeste esan dezakegu Nazioarteko Zuzenbideari buruz; ezinbestekoa da zenbait gairi heltzeko: besteak beste, libre erabakitzeko eskubidea eta errealitate berriak diren motakoak direla nazioartean aitortzea. Berriro ere ETA ez zen batere beharrezkoa gure gatazka politikoa bideratzeko.

Zenbait estatu eta gobernurentzat, arau multzo geldo hutsa da legedia: bere hartan du azalpen politiko eta soziala, eta ez diote erreparatzen politikan, lurraldean eta gizartean den egoerari, ez eta egoerak berak izan duen bilakaerari. Ikuspuntu horrek urratu egiten ditu legeak interpretatzeko jarraibide oinarrizkoenak. Zuzenbidea ez da helbururik eta loturarik gabeko arau batzuen multzo itxuragabea, eta ezin da horrela balitz bezala interpretatu; aitzitik, arau bakoitzak, araudi bakoitzak egiteko bat dute: gatazkak konpontzea eta gizarte bakea lantzea. Bere buruarentzat nahikoa den egitura geldoa ere ez da Zuzenbidea; aitzitik, indar dinamikoa da Zuzenbidea, eta baketze helburuen zerbitzuan, egokitu egiten da gizarte errealitate, historiko eta politikoetara, eta, nola ez, denboran izaniko aldaketetara.

Euskal auzian, ezin argiago dago zein den gogoeta hauen guztion ondorio praktikoa eta Euskal Herriko arazoek behar zituzten eta behar dituzte oraindik lanak eta asmoak, norabideak eta Europako loturak ere. Bai Zuzenbideak eta bai sen onak erakusten dute euskal arazoa ez dela, gaur egun, euskal bakarrik. Era berean, erakusten dute ETAren terrorismoa, euskal arazoa ez ezik, espainiar arazoa ere badela. Euskal gatazkan aldez edo moldez ari diren osagaietatik bat bera ere ezin da izan inoren jabetza esklusiboa, horrela aurkezteak gatazkaren eta haren adarren interpretazio itxuragabetua egitea baitakar.

Gaur egungo zuzenbideak konponbide bidezkoak ematen ditu gatazka mota guztietan, betiere arauen irizpide interpretatibo eta teologikoak egokiro erabiliz gero. Horrek esan nahi du zuzenbidea ez dela kasuala edo geldoa, balio eta helbururik gabea. Zuzenbidea etengabe agertzen da harreman sozial eta politikoetan, eta harreman horien bitartez egokitu beharra dauka, bere indar guztia erakutsi beharra. Horixe da «Zuzenbidearen Indarra», Ihering-ek aldarrikatua; hain zuzen, gizarteak ematen dion indarra, zernahi gatazka konpontzeko modu funtsezko eta argia izan dadin.

Zuzenbideak, oinarri horiek ahazturik erabiltzen bada, erabat galtzen du balioa eta izugarri ahultzen da, legelarien mundua kanpotik baldintzatzen duten faktoreen aldean. Zuzenbideak eutsi beharra dauka. Hala egin ezean, ez da nahikoa izango alor horietan sortzen diren gatazkak konpontzeko. Hori egiteko zilegitasuna, hain zuzen, demokraziak berak ematen dio, elkarrekin bizitzeko eta etengabe eraikitzeko modu irekia den aldetik, ETAk bere bizitzan zehar bultzatu ez zuen bezala. Zuzenbideak kanpo erasoei eusten ez badie, sistema kolokan geratzen da, eta gizarteak mesfidantzaz hartzen du haren funtzionamendua eta zilegitasuna. Are gehiago: zuzenbideari kanpoko faktoreak nagusitzen bazaizkio, sistema demokratikoa apurtzen da eta beste gobernu eta bizikidetza mota batzuk sortzen dira, gizarteak bake sozialaren bila egiten duen bidean. Berriz ere, ETA izan zen gizartearen etsaia, gure eskubidearen kontrakoa. Beraz, gaurtik aurrera birkonpondu beharko genituzke arimak eta herriaren askatasunak. Horretarako ere ETA ez zen eta ez da beharrezkoa. Agur, ETA! Gora bakea!

Publizitatea