Konponbideari begira

Elkarrizketak

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Arantza Tapia. EAJren Gipuzkoako zerrendaburua

«ETAren aitzakiarik jada ez dago; proposamen politikoen garaia da»

Arantza Tapiaren arabera, «itxaropen garaia» da. Alderdi abertzaleen eginbeharra «euskal gizartearen aldaketarako nahia» Madrilen entzunaraztea dela dio.

2011-11-04 / Jokin Sagarzazu

Markel Olanoren gobernuaren aurpegi ezagunenetako bat izan zen Arantza Tapia (Astigarraga, 1964). Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako diputatua izan zen. AHTaren, Pasaiako kanpo portuaren eta Hondarribiko aireportuaren alde azaldu zen diputazioan egon zen urteetan, eta hala egingo du aurrerantzean ere, Madrilen. Espainiako Kongresurako EAJren Gipuzkoako zerrendaburua da Tapia.

EAJren zerrendaburuen artean Espainiako Kongresuan esperientziarik ez duen hautagai bakarra zu zara. Zein izango da zure zeregina?

Nire eginbeharra izango da gaur arte Jose Ramon Belokik egin duen lana egiten jarraitzea, bai berak parte hartu duen batzordeetan bai berak landu dituen gaietan. Batez ere, ikerketa eta azpiegitura alorretan oinarrituko dut nire lana.

Lor ditzakezuen emaitzei dagokienez, Kongresuko taldeari eustea izango litzateke EAJren helburua?

Bai. Guk beti azpimarratu dugu taldearen garrantzia. Orain arte euskal gaiak defendatzen bakarrak izan gara [Espainiako Kongresuan]. Alderdi sozialistak eta alderdi popularrak ez dute Euskadirentzako plangintza berezirik. Beraz, guretzat oso garrantzitsua da taldea mantentzea eta orain arte egin dugun lana egiten jarraitzea, hemengo eragileekin batera eta sarean lan eginez.

Amaiur izango da zuen aurkari nagusia?

Bi jokaleku ezberdin daude guretzat. Alde batetik, Amaiur dago. Udal eta foru hauteskundeetan [koalizioa osatzen duten alderdiek] oso emaitza onak lortu zituzten, eta ezin dugu hori ukatu. Bestetik, nik uste dut kasu honetan oso garrantzitsua dela PSOE eta PPren arteko lehia. Bi alderdiak saiatuko dira beraien arteko lehian gu —Euskadi— albo batean uzten. Raxoi-Rubalcaba dikotomia horretan oinarritu nahi dute guztia, eta guk esan beharra daukagu hori hala izan daitekeela Espainiako Estatuan baina hemen ezberdina dela.

PPk Espainian lor ditzakeen emaitza onek eraginik izan dezakete EAJren emaitzetan ere?

Legealdiaren amaieran Ekonomia Iraunkorraren Legea onartu zen. Hor esaten da krisi ekonomiko batean gaudela, oso larri gaudela [instituzioen eskuduntzen artean], bikoizketak ez direla eman behar... Hor dago zentralizazio baten mehatxua. PP gobernura iristen bada, lege hori aurrera eramaten saiatuko da, inoren laguntzarik gabe. Beraz, gure helburua da horri aurre egitea, esatea Euskadik badakiela gauzak hobeto egiten, gure interesak eta gure egiteko modua defendatu nahi ditugula.

Gipuzkoako kasuan, zein esparrutatik erakarri nahi dituzue botoak?

Esparruak nahiko definituta daude Gipuzkoan. EAJ eta ezker abertzalearen arteko lehia aspalditik dator, nahiz eta ezker abertzaleak ezin izan duen aurkeztu hainbat garaitan. Hortaz, guk gure jendea erakarri, fidelizatu nahi dugu berriro ere.

Programari erreparatuta, 30 urte hauetan Madrilen eskuratutakoa jarri duzue berme gisa. Aro berri honetan, eta garai honetan zehazki, hautesleek hori baloratuko dutela uste duzu?

Hautesleak nahiko helduak dira, eta beraiek erabakiko dute. Gure programan bi ardatz daude. Batetik, aipatu duzun zati pragmatiko hori. Hor esaten dugu: «Gure kudeatzeko modua hau da; horrela egiten ditugu lanak, eta horrela jarraitu nahi dugu». Krisi larri batean gaude. Enpleguari buruz ikusten ari gara zer gertatzen ari den Espainiako Estatu guztian, eta ez dugu nahi hemen gauza bera gertatzea. Ekonomiak ez badu aurrera egiten, gure politika sozialak ezingo ditugu bermatu, eta desorekak hazten hasiko dira.

Hori alde batetik. Eta, bestetik, ilusio handiko garai bat irekitzen ari da. Ibarretxe joan zenean Estatutu Politiko Berriaren proposamenarekin eztabaidatu ere ez zen egin ETA zegoen aitzakiarekin. Aitzakia hori jada ez dago; proposamen politikoak egiteko garaia da. Hortaz, berriro eta indarberrituta jarriko dugu aldarrikapen hori mahai gainean. Ezker abertzalea hor egongo da. Baina beraiek beste esparrura ere etorri beharko dute, kudeaketaren esparrura. Egoera honetan, bi ardatz horiek landu behar ditugu: eguneroko gaiak eta etorkizuna.

Raxoi gobernura iristen bada, gatazkaren konponbidea bere lehentasunetako bat izango dela uste al duzu?

Ziur nago egingo duela. PPk ez du aukera hori pasatzen utziko.

Gatazka politikoa badenik ukatzen ari dira PP eta PSOEko buruzagiak. Nola ulertzen duzue hori?

ETA zegoenean esaten zuten ezin genuela hitz egin gatazkari buruz ETA zegoelako. Orain jokalekua erabat aldatu da, eta beren burua kokatu behar dute. Denbora kontua da.

EAJk 2015erako lortu nahi du estatus politiko berria. Bitartean, Gernikako Estatutuaren garapena izango al da EAJren diputatuen helburua?

Autogobernua ahalik eta handiena izatea izan da beti gure helburua. Iritsi da garai bat non Gernikako Estatutua ia beteta dagoen eta beste urrats bat egin behar den. Dauzkagun tresnekin mantendu behar dugu daukagun autogobernua —zenbait tresna Madrilera eramateko arriskua hor dago; argi eta garbi esaten ari dira hori PP eta PSOE—, eta, bestetik, landu behar dugu estatus politiko berri hori: zein izango den, nola egingo dugun...

Ez duzue uste autodeterminazio eskubidearen bandera Amaiurrek duela?

Ibarretxe lehendakariak jarri zuen mahai gainean erabakitzeko eskubidea Estatutu Berrirako Proposamenean. Amaiur horren defentsara badator, ongi etorria izango da. Baina erabakitzeko eskubidea zertarako? Erabakitzeko eskubidea berez ez da ezer ez badugu zerbaitetarako erabiltzen. Erabakitzeko eskubidea behar dugu euskal herritarrak hobeto bizitzeko, herritarren ongizatea bermatzeko eta gure herria ezberdintzeko.

Zein izango litzateke aldarrikapen hori Madrilera eramateko bide orria?

Euskal Herritik ateratako zerbait izan behar du. Erabakitzeko eskubidea zertarako nahi dugun definitzen badugu eta babes zabala lortzen badugu, horrek ez du atzera bueltarik izango. ETAren mehatxurik gabe oso zaila izango zaie gaia ez eztabaidatzea.

Krisialdi ekonomikoari dagokionez, zeintzuk dira EAJren programaren ardatz nagusiak?

Lau erronka nagusi ditugu. Lehena, krisi ekonomikoari aurre egitea, daukagun enplegua mantenduz eta haziz. Bigarrena, Euskadiren interesak defendatzea, zentralizazioari aurre egiteko. Hirugarrena, ekonomia sozial edo politika soziala babestea. Eta laugarrena, bakea bermatu, egonkortu eta normalizazio politikoan aurrera egitea.

PPren programaren inguruan, zein irakurketa egiten duzue? Akordioak egiteko aukerarik ikusten duzue? Garestiago izango al da EAJren diputatuen babesa lortzea?

Gauza batek eman dit atentzioa, eta onerako. Raxoik esan du tropeleko burua izan nahi duela, eta horrek pentsarazten dit neurriak hartuko dituela, erreformak egingo dituela. Beraien programa oso orokorra da, eta xehetasunetan sartzerakoan ikusi beharko dugu zein aukera dauden. Gu beti egon gara prest edozeinekin lan egiteko eta hitz egiteko, eta iruditzen zaigu une honetan oso garrantzitsua dela guztien arteko elkarrizketa eta lana. Ikusiko dugu zer planteatzen duten beraiek. Guk, halere, argi dugu gure lehentasuna dela Euskal Herriak bere posizio ekonomikoa ez galtzea.

Publizitatea