Konponbideari begira

Analisiak

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Analisia

Politikaren paradoxak

 

2011-11-08 / Pello Urzelai

Eta nahaste-borraste honen erdian, politikaren krudeltasunaren ondorioz, Jose Luis Rodriguez Zapatero desagertu egin da». Esaldi horrekin amaitu zuen atzo Iñaki Gabilondok bideoblogaren komentarioa. Ez zaio arrazoia falta. Politikaren paradoxak. Rubalcabak ez dauka arazorik Felipe Gonzalez (edo Alfonso Guerra) hauteskunde kanpainako taula gainera ateratzeko («nahi beste»), baina Zapatero hobe existituko ez balitz bezala ari da jokatzen alderdi sozialistaren hautagaia. Azkenean, Zapaterori utzi dioten tokitxo bakarra Patxi Lopez lehendakariaren aldeko kanpaina egitea izan da. Politikaren paradoxak: Zapatero, antza, Euskal Herrian bakarrik suertatu ahal da lagungarri alderdi sozialistarentzat. Horregatik joan zaio Patxi Lopezi bisitan Ajuria Enera.

Zapaterok sostengu osoa eskaini dio Lopezi eta euskal gizarteari haren lidergoa onartzeko eskatu dio. Are gehiago, Zapaterok adierazi du harro dagoela Lopezek hasitako eginkizunaz. Halaber, Lopezek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen dekalogoari ere babesa eman dio Espainiako gobernuburuak. Baina euskal gizarteak, oro har, ez dauka hain argi Patxi Lopez ezer lideratzeko moduan dagoenik. Ez du ahaztu Aieteko konferentzia gutxietsi zuela eta milaka kilometrotara joan zela, eta, horregatik, ETAren agiri historikoa iritsi zenean AEBetan zegoela.

Euskal gizarteak, oro har, gogoan du Lopezen dekalogoaren puntuak armak behin betiko isiltzearen baldintzapean zeudela, baina hori gertatu denean dekalogoaren puntuak —presoen hurbiltze progresiboa edo indar guztien legeztatzea, adibidez— ezin dira indarrean jarri, itxaron beharra omen dago. Berriro urratsak atzeratzeko edo geroko uzteko politika ezagun hori. Beste aldearen mugimenduen zain egotean eta ez arriskatzean oinarritzen den politika. Antzekotasun handia duena, gainera, Raxoik Moncloara iristeko izandako jokabidearekin.

Mugimenduak beste une egokiago baterako utziz denbora politikoaren biktima bihurtzen da agintaria. Unea iritsi baino lehen agintetik kanpo gelditzen delako. Zapatero paradoxa horren adibide argia da, eta Lopez beste adibide bat izateko bidean da. Konturatu orduko, Lopez PPren politika egokituaren jarraitzaile hutsa izango da, denbora politikoaren biktima, lehen lerrotik desagertze bidean.

Publizitatea