Konponbideari begira

Analisiak

Handik eta hemendik

Beste ahots batekin

 

2011-11-13 / Imanol Murua Uria

ETAk oso labur hitz egin zuen urriaren 20an. «Bukatu da» esan nahi zuen, eta horixe esan zuen, orrialde erdian, hogei esalditan. Ez zen gehiago behar eta, gainera, ez zen gehiago komeni. Azalpen eta gogoeta luzeagoak etorri beharra zeukaten, ordea, eta etorri dira.

Garrantzitsuena: ETAk berretsi egin du armak baldintzarik gabe utzi dituela, gatazka konpontzeko prozesuan ez duela eragingo ziurtatu du eta ondorioak konpontzeko prozesuan baino ez duela ikusten hemendik aurrera bere burua. ETAren diskurtsoa guztiz bat dator, azken batean, Zutik Euskal Herria agiriaren ildoarekin: gaur egun borroka armatua ez da baliagarria, eta indar metaketaren bidez gizartearen gehiengoaren babesa lortzen saiatzea da bidea. Estrategia hori bideragarri egiteko utzi ditu armak ETAk.

Argibide gutxi batzuk ere eman ditu sukaldeko lanaz. Batetik, «nazioarteko komunitatearen aurrean» konpromisoak hartu dituela, zer konpromiso zehaztu gabe. Bestetik, Espainiako Gobernuarekin bildura zuzenik ez duela egin, baina «elkarren berri» izan dutela eta PP «jakinaren gainean» dagoela gainera. «Gatazkaren konponbidea ekarriko lukeen akordio zehatzik edo akordio erresolutiborik» ez dagoela esan du, baina ez du argitu «elkarren berri» izate horrek ondoriorik utzi ote duen, adibidez, ondorioei buruz egin beharreko elkarrizketei begira. Besterik gabe, «konponbideak jarraitu behar dituen urratsen sekuentzia» marrazten ari dela adierazi du, non eta nork esan gabe. Bakoitzak uler dezala nahi duena, edo ahal duena. Baina, aurreko prozesuak gogoan, ideia garrantzitsu bat garbi utzi nahi izan du: ez pentsatu «dena» lotuta dagoenik. Ez dago.

Pazientzia. Horixe eskatu dute bi bozeramaileek, presoei buruz ari direla. Ideia nagusia: gatazkaren ondorioak (preso/iheslariak, ETAren desarmea, Euskal Herriaren desmilitarizazioa) «osotasunean» gainditu behar dira eta ETAk bere gain hartzen du «eremu horien kudeaketa». Beraz, desarmeak eta presoen auziak elkar baldintzatuko dutela ulertzen da. Ez du amnistiarik aipatzen, baina bai «konponbide kolektiboa», eta konponbide horrek preso nahiz iheslari guztien etxeratzea ekarri beharko duela, «ahalik eta azkarren». Baina pazientzia.

Gainerakoan, ezker abertzaleak hemendik aurrera jarraitu beharreko estrategiari dagokionez, Euskal Herria Zutik agirian marraztutako ibilbideari lotu zaio ETA, ondorio hauetara iristeko barne desadostasunak gainditu behar izan dituztela onartu ondoren. Estrategia berria bultzatu zutenei arrazoi eman die («ezker abertzaleak bere hausnarketan bete-betean asmatu zuen»), eta autokritika ere egin du, «ETAk une horretan ezker abertzaleari begira zegokion funtzioa ez zuelako behar bezala bete». ETAk ere bere egin duen estrategia berrian, beraz, gakoa herritarren atxikimendua lortzea izango da: «Ez dago [ezker abertzalearen proiektua] aurrera aterako den bermerik. Proposamen bakoitzak biltzen duen atxikimenduaren araberakoa izango da». Alegia, ETAk berak dioen bezala, amaiera idatzi gabe dago.

Ezin zen bestela izan: joan den hilean jakinarazitako erabakiaren ondoren, diskurtso berrituarekin eta tonu berriarekin etorri behar zuen ETAk, eta hala etorri da. ETAk beste ahots batekin hitz egingo balu bezala da.

Publizitatea