Konponbideari begira

Analisiak

Borroka armaturik gabeko ETA

 

2011-11-16 / Xabier Uria Calvo - Zuzenbidean lizentziaduna

Orain dela urtebete baino gehiago («Guztia da ETA-ren paradoxa», BERRIA, 2010-08-21) esaten nuen «posible dela borroka armaturik gabeko ETA bat egotea». Posiblea, eta desiragarria. Hori da daukaguna eta hemendik aurrera edukiko duguna.

Askok, urriaren 20an jakitera emandako ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaitzearen ostean, azkar hasi ziren ETAren desegitea eta desagertzea eskatzen. ETAk, aldiz, ondo asko bereizi du bere jarduera armatuaren amaieraren eta ETAren beraren amaieraren artean.

ETAri egindako azken elkarrizketan (Gara, 2011-11-11), badirudi, zorionez, ETAren eta borroka armatuaren artean behinola egondako identifikazio puntu hura gainditu egin dela. Batetik, hitz egiten duen etakideak onartzen du borroka armatua utzita badagoela zerbait galdu dutelako sentimendua. Orain arteko bide armatuak izaera bat eman dielako, nortasun bat. Baina irmotasun berberarekin argi uzten du: «ETA ez dela sekula izan izaera politikoa duen talde armatu huts bat, baizik eta une historiko batean borroka armatua erabiltzea hautatu zuen erakunde politikoa». Erakundeak euren helburuengatik definitzen direlako, ez une baten edo bestean helburua lortzeko erabiltzen duten estrategia aldagarriengatik.

Halere, elkarrizketan etakideak ez du ETAren amaiera inongo unetan hizpide. Jarduera armatuaren amaiera aipatzen du, eta etorkizunera begira negoziaziorako hiru gai nagusi aurreikusten ditu: euskal preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea, ETAren armen desegitea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa. Baina kontu hartu, gai horien artean ez dela, printzipioz, ez ETAren desegiterik, ez eta gaurko etakideen gizarteratzearen gaineko aurreikuspenik, jakinik horiek denak kartzela zigor bati aurre egin beharko lioketela aurretik kide izate hutsagatik. Hortaz, ez dirudi ETA desagertzeko ideiarekin dabilenik, edo desegite hori Estatuarekin negoziatzeko. Baina bai borroka moldea aldatzeko. Zein izango da, bada, borroka armaturik gabeko ETAren papera hemendik aurrera?

Nire ustez, ETAk prozesuan eginkizun bat behar du, eta eginkizun hori ezin da izan soilik geldirik egotea, ezta desagertzea ere («Borroka politikoa ala porrot armatua», BERRIA, 2010-07-29), baina erabakiak ETArena behar zuen. Orain ETAk berak horren gaineko erantzun batzuk ematen dizkigu.

Hasteko, ETAk bere azken helburua Euskal Herriaren independentzia dela berretsi arren, argi utzi du ez duela prozesu politikoa tutelatuko, ez dela prozesu horrekiko mehatxu izango. Are gehiago, ez dela konponbide politikoaren mahaian eserita egongo. Ordezkaritza eta erabakiak besteren esku uzten ditu. Horrek ez du esaten ETA zer izango den, baina bai zer ez den izango. Ez da herriaren ordezkari izango, bai negoziazioa zein erabakia herriaren eta haren ordezkarien esku uzten dituelako.

Baina badaude ez-egiteez gain beste gauza asko ETAk egin egin ditzakeenak, Euskal Herria Estatuen amaraun juridiko-politikotik gutxina-gutxinaka aska dadin, edo, behintzat, ez dadin are gehiago lotu («ETAren agiriari erantzun irekia»; BERRIA, 2009-02-03). Euskal Herrian indarren metaketa eman dadin eta espainiar eta frantses herrietan (Estatuetan baino gehiago, eta garrantzitsuagoa) gure kausaren aldeko laguntasun eta atxikimenduak eman daitezen baldintzak jartzeko egin daitezkeen gauzak.

Hasteko, eta ez da makala: hartutako erabakia, alegia, jarduera armatuaren amaiera, bermatzea. Inork ETAren edo ETAren edozein bereizketaren izenean armak hartu eta hasitako borroka politikoa zangotrabatuko ez duela zaintzea eta nazioarteko komunitatearen aurrean konpromisoak beteko direla ziurtatzea. ETAk berak, inork ez bezala bete dezakeen papera, orain arteko barne kohesio eta diziplina handia mantentzea. Horregatik bakarrik, oraingo ETAk bizirik irautea beharrezko gauza dugu.

Era berean, helburu duen desmilitarizazioa lortzeko, bere burutik hasita eta borroka armatua erabat alde batera utzita, molde propio eta berriak jorratu beharko ditu, ETAren eta Estatuaren arteko negoziazioan berehala lortzen ez bada.

Elkarrizketa horretan ere aipatzen denez, memoria historikoaren kontuari heldu beharko dio, bi norabidetan: eta estatuen indarkeriak eragindako biktima eta sufrimendu ugari aitortu daitezen egiaren alde lan eginez eta, bere burua eredu jarrita, baita berak ere eragin dituen sufrimenduaren eta biktimen aitortzari (eta behar izatekoten egiaren argitzeari) bide emanez.

Horiek denek prozesu politikoari bide emago dioten ETAren luzerako egiteko garrantzitsuak dira: egon daitezkeen trabak kentzea, borroka armatu beragatik hasita, borroka politikoak aurrera egin dezan. Eginbehar horiek bermeak jarriko dituzte. Eta ekarpen handiak izango dira.

ETAk berak esan bezala, ez baitago prozesua ez den beste aukerarik.