Konponbideari begira

Analisiak

Espainiako Kongresua. Inbestidura saioa

Raxoik gatazkaren gaia saihestea salatu dute alderdi abertzaleek

Presidentetzarako hautagaiak ez du gatazkaren konponbiderako neurririk proposatu bere hitzaldi nagusian Alderdi abertzaleek gaiari eustera behartuko dute gaurko saioan, euren hitzaldiekin
Alfonso Alonso eta Mariano Raxoi, atzo, Kongresuko euren eserlekuetan.
Alfonso Alonso eta Mariano Raxoi, atzo, Kongresuko euren eserlekuetan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS

2011-12-20 / O. Elduaien-P. Urzelai - Berriemaile bereziak

Euskal Herria konponbide prozesuan murgilduta dagoenean, Madrilen, Espainiako Diputatuen Kongresuan gaiari izkin egiten saiatu dira bi alderdi nagusiak. Gaur gobernuburu hautatuko duten Mariano Raxoik ez zuen gaiaz hitz erdirik egin inbestidurako hitzaldian. «Terrorismoaren biktimei» erreferentzia egin zien hasieran, eta «espainiarren borondatez Kongresuan ordezkaritza duten indar politikoekin elkarrizketa eta lankidetzarako borondate zintzoa» agertu zuen arren, mutu gelditu zen ETAk armak uzteko erabakia jakinarazi ondoren egin beharrekoaz. Krisi ekonomikoa eta handik ateratzeko neurriak izan zituen hizketagai nagusi.

Alderdi abertzaleei ez zaie gustatu PPko buruaren jarrera, eta EAJk zein Geroa Baik kritikatu egin zuten Raxoik Euskal Herriari buruz aipamenik egin ez izana. Talde abertzaleek gaiaren inguruan galdetuko diote gaur.

Raxoi «abstentzioan eta anbiguotasunean» babestu zela salatu zuen EAJko bozeramaile Josu Erkorekak. Gatazka politikoari erreferentziak ez egiteaz aparte ere topatu zuen kritikarako gairik Erkorekak. Krisi ekonomikoaren aitzakian estatua zentralizatu nahi duela eta erkidego autonomoen sistema kendu nahi duela salatu du. «Gaurko hitzaldiak gure susmo txarrenak baieztatu ditu. Autonomia erkidegoetako eskuduntzez mintzatu da Raxoi, eta kezkatu egiten gaitu».

Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosek ere salatu zuen Raxoiren hitzaldia. «Raxoiren isiltasunak kezkatzen gaitu, eta bere izendapenaren aurka bozkatzera bultzatzen gaituzte». Barkos ere saiatuko da Raxoiri gaiari buruz hitz eginarazten, neurri zehatzei buruz galdetuko baitio.

Iñaki Antiguedadek ere gaur hartuko du hitza, Amaiurren izenean, eta Euskal Herriko egoeraz hitz egitera behartuko du Raxoi. Euskal Herriaren nazio izaeraz, euskal herritarren eskubideez eta gatazka konpontzeko neurriei buruz hitz egingo du Antiguedadek. Izan ere, behin eta berriz esan dute Madrilera etorri badira gatazka konpontzeko helburuz etorri direla, Euskal Herriaren aitorpena lortzeko eta autodeterminazio eskubidea defendatzeko.

«Gauza asko egiteko»

Alderdi sozialistako bozeramaile Alfredo Perez Rubalcabak ez zuen aipatu gabe utzi ETAren jardun armatuaren amaiera. «ETA desagertu egin da azkenean, baina gauza asko gelditzen dira egiteko», adierazi zuen arratsaldeko hitzaldian. Hori esanda, leialtasuna eskaini zion gobernuburu berriari, «borroka antiterroristaren ildoa» zehazteko ardura aitortuta. Gaiaz gutxi hitz egingo zuela iragarri zuen. «Bakarrik hitz egingo dut bakeaz, justiziaz eta memoriaz, zeren eta ez baitiegu inoiz utziko borreroei historia idazten biktimen kontra».