Konponbideari begira

Elkarrizketak

Jon Mirena Landa. Argituz elkarteko kidea

«Diskurtso ahula du Jaurlaritzak estatuaren biktimen inguruan»

Landak uste du «hankamotz» geratu dela Jaurlaritzak landu berri duen Poliziaren biktimen dekretua, ez duelako jasotzen estatuak giza eskubideen urraketetan izan duen erantzukizuna.

2012-02-19 / Edurne Begiristain

Argituz elkarteak Orain da Garaia. Posible al da esparru lokalean biktimen oroimen bateratzailea? izeneko txostena aurkeztu berri du. Jon Mirena Landa (Portugalete, 1968) Zigor Zuzenbideko irakasle eta elkarteko kideak lanaren garrantzia azpimarratu du.

Zertaz ari gara oroimen bateratzaileaz ari garenean?

Memoria ezin da izan selektiboa, ezin da izan norberaren urraketena bakarrik. Ikuspegi kolektibo batetik begiratuta, oroimenak kontuan hartu behar du urraketa guztien inguruko memoria. Euskal Herriko historiari begiratzen badiogu, gatazkaren osagaietako bat izan da bakoitzak bereari begiratu diola. Hortaz, oroimen bateratzaile batek giza eskubideen etikan eta kulturan sustraitua egon beharko du, eta horrek bere baitan hartu beharko ditu urraketa guztiak, nork egin dituen kontuan hartu gabe.

Eta posible al da lortzea?

Gai hau konplexua da.Gauza bat da maila kolektiboan garbi edukitzea oroimenak bateratzailea izan behar duela, eta beste gauza bat da hori tokian-tokian kudeatzeko modua. Ez da batere erraza alde batetik edo bestetik gertatu diren urraketez aritzea izen-abizenak daudenean eta herri konkretuetan gaudenean. Txostenak egiten duen azterketa ez da teorikoa, txertatu egiten dituelako mota guztietako biktimak eta biktimekin lan egin duten mota guztietako pertsonen zuzeneko lekukotzak. Horien bitartez ezagutzen ditugu egin diren okerrak, dauden aukerak eta egoerak kudeatzeko moduak.

ETAk jarduera armatua utzi izana lagungarri izan daiteke oroimen bateratzailea lortzeko?

Dudarik gabe. ETAk erabakia hartu zuenetik euforia fase bat bizi izan dugu, eta orain bigarren aroan gaude, birkonpontzeko garaian. «Eta orain zer?» galderaren aurrean askotan esku hutsik gaude, eta, batzutan, iraganeko inertziek irabazten dute, betiko eztabaida politikoek eta joera baztertzaileek. Txostenean bertan jasotzen da zein gako erabili behar ditugun aukera positiboak baliatzeko eta polarizazio politikoa saihesteko.

Hori lortzeko, alde denei urratsak eskatu dizkiezue.

Exijentzien garaia gainditu beharko genukeela uste dut, alde bateko jardunetarako garaia baita. Errazagoa da norberak urratsak egitea, besteei exijitzea baino. Denok autokritika egin beharko dugu, horrek zabaltzen duelako bidea. Exijentzia dinamika albo batera utzi, eta beste lidergoen garaia da, eta lidergoa esaten dudanean, errespetuan oinarritutako lidergoaz ari naiz. Uste dut espazio publikoan azaldu beharko direla errespetu keinu gurutzatuak, alegia, ez norberaren biktimekiko errespetua, baizik eta besteen duintasunarekiko keinuak. Horrek ez du esan nahi norberaren identitatea eta ideologia alde batera uzten direnik, errespetua dagoela baizik. Enpatia eta gutxieneko zubigintza egiteko aukera zabaltzen du horrek.

Keinu gurutzatu horiek antzematen al dituzu gizartean?

Interlokuzio politikoaren mailan bitartekari politiko guztiek egon behar dutela aitortzen hasi dira, baina biktimen kasuan urrats gehiago eman beharko genituzkeela uste dut. Gertatu denaren ikuspegi kritikoa egin behar da, norberaren erantzukizunak aitortuz. ETAk egindakoa aitortu egin beharko du, eta lagundu beharko du prozesu hori aurrera ateratzen. Estatuaren aldetik, buelta eman beharko dio orain arte izan duen diskurtso ukatzaileari. Eta ez da bakarrik diskurtso kontua, jardun politikoa ere aldatu beharko da. Keinuak sendo eta logika bati helduta egin beharko dira.

Euskal Herriko giza eskubideen urraketen mapa osatugabea landu du Argituz-ek. Zergatik da osatugabea?

Gertatu diren urraketen gaineko ikerketa hasi besterik ez delako egin. Estatuaren aldetik ahalegina egin da giza eskubideen urraketak desagerrarazteko, eta justiziak ez du sekula lanik egin zigorgabetasun horretatik ateratzeko. Lehenengo lana, beraz, egia jakitea da, eta Argituz horretan hasi da. Pausoz pauso goaz, urraketa batzuetatik tiraka beste batzuk ateratzen direlako.

Orain arte ez da egin gatazkaren biktima guztien zenbaketa ofizialik. Zergatik?

Oroimen defentsiboak eta oroimen selektiboak egon direlako. Ez da egin giza eskubideen urraketen gaineko lan sendorik, egokirik eta orekaturik. Egia merezi dute urraketa larriak jasan dituztenek, bai eta herriak berak ere. Bermeak jarri behar ditugu ziurtatzeko egia hori ez dela alde batekoa, baina lan hori egiteko dago.

1968. eta 1978. urteen artean Poliziak eragindako biktimen inguruko dekretua egin du Jaurlaritzak. Zer iruditzen zaizu?

Lehenik eta behin, esan behar dut hobe dela zerbait egitea, ezer ez egitea baino. Hori esanda, Argituz-en pentsatzen dugu Jaurlaritzaren diskurtsoa ahula dela. Hizkuntza sinboliko bat erabili behar da biktimen duintasuna errespetatzeko, eta ez dakit dekretuak alde horretatik maila ematen duen. Beste era batera esanda, agian askoz hobeto izango zitekeen lehenik eta behin biktimekiko konplizitatea lantzen joatea, egia sortzen laguntzea, eta erabakitzea zein bide jarri arazoei aurre egiteko. Hori bada lehen urratsa prozesu hori zinez eta zintzo hasteko, ongi etorria izango da, baina baldin bada ariketa bat biktimekin bat etortzeko asmorik ez duena eta diru laguntzak emateko helburu hutsa izan nahi duena, ez litzateke ongi egongo.

Hutsunerik ikusten diozu?

Ezkututako urraketen poltsa handia dugu, eta egia jakiteko bideak jarri behar dira. Horrek eskatzen du estatuaren erantzukizunaren aitorpen garbia, eta dekretuak ez du hori jasotzen. Estatuak baimendu, bultzatu eta estali dituen giza eskubideen urraketak egon dira, eta diskurtso sendo bat egon behar du horren inguruan. Dekretuak zabaltzen badu prozesu hori, ongi ikusten dut, baina estandar juridikoak ezin dira gelditu dekretu batean, are gehiago dekretuaren funtsa kalte-ordainetara mugatzen bada. Estatuak egin duena azaldu behar du dekretuak, eta hori gabe hankamotz geratzen da.

Dekretu bidez arautzeak babes legal gutxiago emango die Poliziaren biktimei?

Dekretua egitea ez da oso ongi ulertzen arautu behar den gaiaren seriotasuna kontuan hartuta, lege babesik ez diolako ematen. Halako gaiek ez lukete egon behar gobernu baten erabakiaren menpe, lege baten bitartez ahalik eta kontsentsu handiena bilatuta egin beharko lirateke. Legeak etorri beharko du, eta ez legoke batere txarto dekretuan bertan aurreikusiko balitz. Edonola ere, dekretua azken urratsa balitz, guztiz defizitarioa litzateke.

Gaur egunera arteko kasuekin beste dekretu bat egingo du Jaurlaritzak. Epeka egiteak biktimen arteko banaketa ekar lezake?

Urraketa berberek tratamendu juridiko berbera behar dute, baina Jaurlaritzak biktima poltsa desberdinak eta estandar juridiko desberdinak sortu ditu. Dekretuen banaketak esan nahi badu mailaketak egingo direla, gaizki goaz. Dekretuen banaketak esan nahi badu une honetan ahal denari heldu nahi zaiola baina serioago hartzeko asmoa dagoela, ongi etorria izango da.

Egiaren batzorde bat sortzea proposatu du Argituz-ek. Zein xederekin?

Justiziatik kanpoko mekanismo bat behar dugu batez ere estatuaren biktimen kasuan egia bilatzen laguntzeko, justiziak ez baitu funtzionatu orain arte. Argitu gabeko giza eskubideen urraketak bateratu beharko lituzke egiaren batzorde batek, eta sinesgarria izan beharko luke.

Publizitatea