Konponbideari begira

Analisiak

Handik eta hemendik

Portuak eta aireportuak

 

2012-02-26 / Imanol Murua Uria

Guardia Zibilak Ahumadako dukeari baino ez omen dio obeditzen. Horixe esan zien, behintzat, Jesus Egigurenek ETAko ordezkariei 2005eko negoziazioetan, Espainiako Gobernuak atxiloketen etenari buruz berme erabatekorik ezin ziela eman argudiatzerakoan, Luis Aizpeolea kazetariarekin batera idatzitako liburuan (ETA, las claves de la paz. Confensiones de un negociador, 2011) kontatzen duenez. Alegia, agintean PSOE zegoenean, Espainiako Gobernuak ez zituela segurtasun indarrak guztiz kontrolatzen. Orain, ordea, PP dago gobernuan.

Datorren apirilean urtebete egingo zuen azken tortura salaketatik, aste honetan Guardia Zibilak Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño atxilotu, inkomunikatu eta, salatu dutenez, torturatu ez balituzte. Euskal Memoria elkarteak joan den astean torturari buruz prestatzen ari den lanaren berri eman zuenean, nabarmendu zuen 10 hilabete joan zirela azken salaketetatik, Aitor Esnaola eta Lander Etxeberria ETAko ustezko kideek Guardia Zibilak torturatu egin zituztela salatu zutenetik. 1977tik, urte bakar bat ere ez da joan inork torturarik salatu gabe. 2012a ez da salbuespena izango.

BERRIAn joan den otsailaren 9an argitaratutako erreportajean zetorren datua: mila biztanleko sei polizia daude Euskal Herrian. Europako Batasunean, ez dago parekorik. Hemen Amerikako Estatu Batuetan, 2,3 poliziako ratioa dago mila biztanleko; eta ez dago, ez dagoenez, polizia eskasiarik.

ETAren bukaera kudeatzeko irizpide nagusitzat legea betetzea hartu dute, nonbait, PPk eta PSOEk. EAJren eta CiUren sostenguarekin Espainiako Kongresuan onartu berri duten adierazpenean horixe dio hirugarren puntuak, eta Mariano Raxoi zein Alfredo Perez Rubalcaba bat etorri dira legearen mugen barruan jokatu beharra nabarmentzean.

Gernikako Estatutua ere legea da. 3/1979 lege organikoa. 17. artikuluan, ordena publikoa Polizia autonomikoari dagokiola zehazten du, eta Espainiako segurtasun indarrei «erkidegoz kanpoko edo erkidegoz gaindiko polizi zerbitzuak» baino ez dagozkiela, hala nola «portu, aireportu, itsasertz eta mugak zaintzea, aduanak eta espainiarrak eta atzerritarrak nazio lurraldean sartu eta ateratzea kontrolatzea, atzerritarren araubide orokorra, estradizioa eta kanporatzea, emigrazioa eta immigrazioa, pasaporteak, nortasun agiri nazionala, armak eta lehergaiak, Estatuaren zergabidearen babesa, kontrabandoa eta Estatuari egindako zerga-iruzurra». Lan horietarako, Zarauzko autopista ondoko kuartela, adibidez, ez dute ezertarako behar. Gainerakoan, 17.6 eta 17.7 atalek hiru salbuespen aurreikusten dituzte: Estatuko Segurtasun Indarrek ordena publikoaren arloan eskuhar dezakete baldin eta Eusko Jaurlaritzak hala eskatzen badie; baldin eta «Estatuaren interes orokorra arrisku larrian» badago; baldin eta alarma, salbuespen edo setio egoera ezartzen bada.

Bukatu da ETAren aurkako borrokaren aitzakia. Irtenbidea ez dago, noski, Gernikako Estatutu zaharkituan. Nafarroako Foru Hobekuntzan, gainera, ez zaizkio foru gobernuari segurtasunaren arloan EAEko gobernuaren pareko eskumenak aitortzen. Baina, eztabaida mahai gainean jartzeko garaia dela iritzi diote bai EAJk eta bai Amaiurrek ere, batak zein besteak eraman baitute gaia Espainiako Kongresura, duela 34 urte Francisco Letamendia Ortzi diputatu abertzaleak egin zuen bezala, bere erara, 1978ko uztailaren 19an hizlari tribunatik «¡Que se vayan!» hura bota zuenean. Arrazoia ez ezik, legea ere alde dute.

Publizitatea