Konponbideari begira

Analisiak

Handik eta hemendik

Argia eta tunela

 

2012-04-01 / Imanol Murua Uria

Posible ote da, ETAk jardun armatuaren bukaera behin betikoa iragarri zuenetik ia urte erdi joan denean, Espainiako Gobernuak pausorik eman gabe jarraitzea? ETArekin, zeharka bada ere, harremanak izateari uko egiten jarraitzea? Presoen arloan mugimendurik egiteko asmorik ere ez edukitzea? Azken batean, posible ote da gatazkak utzi dituen hainbeste arazori adarretatik heltzea erabaki beharrean usteltzen uztea erabakitzea?

Posible da, nonbait.

Frantziako Asanblada Nazionalak presoen gerturatzeari buruzko ebazpena onartu izanak eta Nicolas Sarkozyk presoak gerturatzearen alde zegoela esan izanak interpretazio baikorragoetarako bidea eman zuten: Frantziako iritzi publikoak errazago irentsiko lituzke espetxe politikako neurriak, eta Frantzian egindako mugimenduek bidea erraz liezaiokete gero Espainiako Gobernuari. Baina ebazpenak eta adierazpenak gorabehera, hemen ez da ezer mugitu.

Paristik ez, Madrildik dator orain notizia. ETAk joan den urrian bere erabakiaren berri eman zuenetik, Madrildik ez da berri onik iritsi gatazkaren konponbidearen ikuspegitik. Eta aste honetakoa, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Parot doktrinari buruz hartu omen duen erabakiaren albistea, orain arteko seinale txarrena izan daiteke.

Legea batere behartu gabe erabaki zezakeen Auzitegi Konstituzionalak helegitea aurkeztu duten 28 euskal presoei Gorenak ezarritako zigor gehigarria kendu eta berehala aske uztea. Zailtasun juridiko eta politiko handiagoak izango ditu preso guztiak, denborarekin, kaleratzeko bideak adostea, baina Parot doktrina bidegabea ezarri zaien presoen arazoa Konstituzionalaren erabaki bakar batek konpon zezakeen.

Baina kontrako bidea egitea aukeratu dute.

Bruselatik ere etorri da notizia, egun berean. Oso esanguratsuak Jonathan Powellen hitzak. Pentsatzekoa da publikoak ez diren mugimenduei buruzko informazio ona duela Powellek, sukaldean zertan ari diren, edo ez diren, badakiela. 2005-2007 prozesuaren bukaeran, Genevako azken negoziazio ahaleginean, bete-betean izan zen, eta geroztik hor da: Aieteko Konferentzian urrian, eta Europako Legebiltzarrean Aieteko seikotearen izenean-edo aste honetan.

Espainiako eta Frantziako gobernuen ikuspegitik prozesurik ez dagoela ulertu zaio Powelli, Mariano Raxoiren gobernuak ETArekin hitz egiteari uko egiten jarraitzen duela. Tunelaren bukaerako argia ikustearekin ez dela nahikoa esan du, amaierako argira iristeko tunel osoa igaro behar dela. Eta, horretarako, tunela behar dela. Auzitegi Konstituzionalaren erabakia batetik, Powellen hitzak bestetik, tunela alderantzizko bidean egiten ari ote diren pentsa daiteke, argirantz zulatu beharrean ilunperantz zulatzen ari ote diren.

Powell baikor agertu da, ordea. Konponbideak aurrera egingo duela uste du, «gizartearen bultzadarekin». Konstituzionalak Parot doktrina berretsi duela jakin eta hurrengo egunean, Gernikako Akordioaren sinatzaileek manifestaziora deitu dute apirilaren 14rako. Kolosala, berriro? Hauteskundeak ere etorriko dira berriro: euskal gizarteak Espainiako Gobernuaren jarrera itxiari buruz duen iritziak izango du bere isla emaitzetan; eta oso litekeena da indarrak batuz bakebidea bultzatuagatik egurra jasotzen jarraitzen dutenek boto-emaileen saria jasotzen jarraitzea. Indar korrelazioak aldatzen ari dira, eta aldatzen jarrai dezakete.

Esana dago: pausorik ez ematea pausoak ematea baino garestiago irteten zaiela kalkulatzen dutenean hasiko dira pausoak ematen. Eta kalkuluak, agian, gaizki egin dituzte.

Publizitatea