Konponbideari begira

Elkarrizketak

Pete Cenarrusa. Idahoko Estatu idazkari izandakoa

«Autodeterminazio bidez gaindituko da gatazka politikoa»

2003an politika publikoa utzi zuen arren, ez du politika utzi. Hura izan da euskal gatazkaren konponbide demokratikoaren alde Idahoko Estatuak egin duen adierazpenaren bultzatzaile nagusia.

2012-04-15 / Koldo Aldabe

94 urteek eta duela bi urte diagnostikatu zioten minbiziak ez dirudite Pete Cenarrusa (Idaho, 1917) bizitza publikotik erretirarazteko gaitasuna dutenik. Bizitza osoan kirola egin duelako dela dio hark; oraindik ere ariketa fisikoak egiten ditu egunero. Politika aktibotik 2003ko urtarrilaren 6an erretiratu zen, baina lanean jarraitzen du, emazte Fredarekin batera, urte horretan sortu zuen Cenarrusa Foundation for Basque Culture-n. Fundazio horren bitartez aurkeztu zuen Cenarrusak martxoan Idahoko Ordezkarien Ganberak eta Senatuak euskal gatazkaren konponbide demokratikoaren alde onartu duten adierazpena. Boisetik, bidalitako galderei erantzun die.

Berezia izan al zen iragan martxoan Idahoko Ordezkarien Ganberara itzultzea?

Bai, oso berezia izan zen. Bi arrazoirengatik. Batetik, esku artean geneukan egitasmoa eztabaidatu zutelako eta aho betez onartu zutelako. Bestetik, nire politika bizitza hasi nuen lekura itzuli nintzelako. 1950ean hautatu ninduten lehenbizikoz, eta hamazazpi urte eman nituen etxe horretan, 1967an Estatu idazkari izendatu ninduten arte. Orduko oroitzapen ugari berreskuratu nituen, barregarri eta serioak.

Txalo zaparrada eskaini zizuten hautetsiek, adierazpena aho betez onartu eta gero. Ez zaituzte ahantzi, eta ez zauzkate ahazteko.

Hunkitu ninduen, bai niregatik, bai han onartu zen adierazpenak dioenarengatik eta adierazpenean lan egin dutenengatik. Urte asko eman ditut politikagintzan; 1950ean hautatu ninduten lehen aldiz. Guztira, 52 urte eta zortzi hilabete egin ditut hautetsi moduan. Estatu idazkari gisa, berriz, bizirik daudenen artean AEBetan gehien iraun duena naiz. Horrek ere laguntzen du ni ez hain azkar ahantzarazten.

Zuk eta zure fundazioak bultzatutako adierazpena onartu zuten Idahoko Legebiltzarreko bi ganbarek. Adieraz zenezake zergatik den garrantzitsua adierazpen hori?

Idahoko Estatuaren gomendio bat da adierazpena. Hitzaurrean aipatzen diren erakundeei gonbita egiten zaie neurriak hartzera Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzen laguntzeko. Adierazpenaren bitartez, Idahoko Estatuak, Legebiltzarreko bi ganberetako ordezkarien bitartez, AEBetako Gobernuari eta Estatu Idazkaritzari eta Europako Legebiltzarrari aholkatu die behar diren neurriak har ditzaten euskaldunek bi mendeetan bizi izan duten gatazkaren bi alor konpontzeko, hain zuzen ere indarkeria eta erakunde propioen gabezia. Adierazpenaren asmoa da, hitzaurrean ageri den gisan, Idahoko Estatuaren sostengua helaraztea AEBetako, Espainiako eta Frantziako gobernuei, Europako Batasunari, baita Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere, behin betiko bakea lor dadin eta biktima guztiak ezagut daitezen egiten ari diren esfortzuetan.

Zeintzuk dira adierazpenaren oinarriak?

Lehendik ere Idahoko Estatuak onartutako adierazpenetan egin den gisan (1972an, 2002an eta 2006an), adierazpenak gobernuei dei egiten die bakea, demokrazia eta autodeterminazio eskubidea babestera, Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzeko. Idahon, guk ulertzen dugu gatazka politiko bat konpontzeko beharrezkoa dela irtenbide politikoa. Euskaldunek erreferendum bat egin beharko lukete Euskal Herriaren etorkizun politikoaz erabakitzeko, Eskozian 2014an egingo duten gisako bat. Soilik horrela jakingo dugu euskaldunek zer nahi duten, egungo egoeran jarraitu, botere gehiago eskuratu edo independentzia lortu. Bide hori da gure gatazka konpontzeko bide demokratiko eta zuzen bakarra.

Euskal gatazka kokatzeko, zein ikuspuntutatik abiatu zarete?

Adierazpena zirriborratu genuenok ulertzen dugu oinarrizko hiru arazo daudela euskal gatazka politikoan. Lehena da Espainiako eta Frantziako sistema politikoetan dauden demokrazia gabeziak. Ulertzen dugu Euskadik bizi duen indarkeria diktaduratik eratorritakoa dela. Espainiaren kasuan, 37 urtez ez da egon denborarik demokrazia politikorik eta are gutxiago demokrazia sozialik garatzeko; ez da egon pentsaera demokratikorik eta kultura demokratikorik Espainia eta Frantziako estatuetan Euskal Herriaren independentzia erreferendum bati bide emateko, Eskozian egingo den bezala.

Bigarren arazo nagusia da Euskal Herriko bake gabezia. Alde horretatik, adierazpenak dio soilik elkarrizketa politikoaren bitartez lor daitekeela bake iraunkorra eta eragotz daitekeela odolustea. Horrek eskatzen du hamarkadetako indarkeriak eragindako biktima guztiak ezagutzea, indarkeriak eragindako arazo guztiei konponbidea eman ahal izateko; eta indarkeria 1968 baino lehenagokoa da, 1936ko uztailetik honainokoa.

Hirugarren arazoa da euskal gatazka politikoa konpontzeko irtenbide politikoaren gabezia. Bake luze eta iraunkorra lortzeko, gatazka politikoaren eta haren jatorriaren diagnosi zuzena egin behar da, eta soilik orduan gai izango gara gatazkari irtenbide zuzena emateko. Euskal Herriaren etorkizun instituzionala, euskal gatazkaren muina dena, euskal herritarrei ahotsa eta erabakitzeko ahalmena emanez bideratu behar da.

Fundazioko kide Roy Eigurenek Idahoko ordezkarien ganberan azaldu zuenez, adierazpenak Obamaren administrazioaren onespena jaso zuen, hura eztabaidara eraman aurretik.

Horrela da, bai. Dirk Kempthorne gobernadorearen kabineteko buru izandako Phil Reberger jaunarekin bilera egin genuen, eta hark aholkatu zigun AEBetako Estatu Departamentura jotzeko Idahoko senatari Jim Risch jaunaren bitartez. Horrela egin genuen, eta egun gutxiren buruan Hillary Clinton Estatu idazkariaren baiezkoa jaso genuen. Horrek ez du nahitaez esan nahi Obama administrazioak urratsak egingo dituela Euskal Herrian elkarrizketa bultzatzeko, baina erakusten du Estatu Departamentuak bat egiten duela gure ikuspuntuarekin, alegia soilik elkarrizketa bultzatuz lor daitekeela Euskal Herrian bake iraunkorra eraikitzea.

Duela hamar urte, Idahoko Estatuaren antzeko adierazpen batek Espainiaren haserre bizia eragin zuen, eta Condoleezza Riceren esku hartzea ere ekarri zuen. Uste duzu orain ere antzeko erreakzioa eragin dezakeela adierazpenak?

Javier Ruperez Washingtonen zegoen orduko espainiar enbaxadoreak leporatu zigun iritzi artikulu baten bitartez Idahoko Legebiltzarrak eta Idahoko euskaldunok ezer ez genekiela Euskal Herrian gertatzen ari zenaz. Ruperezek ez bezala, nik ez dut sinesten egia absolutuan, gutxiago politikan, ez bada giza eskubideen erabateko errespetuan, iritzi askatasuna barne. Jendeak hanka sartzeetatik ikasten duela pentsatzen duenetakoa naiz; horregatik uste dut oraingoan ez dugula ikusiko duela hamar urteko erreakzioa.

Egungo egoera politikoa ere desberdina da. AEBetako Gobernuak eta Estatu Departamentuak nazioarteko harremanetan eta beste hainbat gaitan norabide aldaketa egin dute. Bush administrazioak ez zuen jakin edo ez zen gai izan gure adierazpenaren garrantzia ikusten, eta Rice anderea saiatu zen adierazpena erretira genezan. Ez zuen lortu, baina adierazpenak ez zuen lur emankorrik aurkitu Washingtonen. Egun, egoera desberdina da, eta Estatu Departamentuak, eragozpenik ez jartzeaz gain, parte hartu du gurekin. Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren kasuetan, egoera ere desberdina da. Dena den, fede oneko erantzuna espero dugu, eta bake iraunkorra lortzeko esfortzuei estuki lotuko zaizkiela itxaroten.

Zenbat denbora behar izan duzue zuk eta fundazioak adierazpen hori prestatzen? Gogotik lan egin behar izan duzue?

Bizitzan, edozer gauza lortzeko, gogor lan egin behar da. Adierazpenaren onarpenaren atzean hainbat hilabetetako lana dago: azterketak, informazio bilketa, elkarrizketak eta, azkenik, gure jarreraren defentsa. Iazko urrian ekin genion lanari, Aieteko Adierazpenaren eta horren ondotik iritsitako ETAren agiriaren ostean. Adierazpen egitasmo batek, bozkatua izan dadin, hainbat galbahe igaro behar ditu Legebiltzarreko bi ganberetan. Batzorde batetik bestera igarotzen da, guztien onespena behar da, eta, azkenik, onartzen bada, joango da bozkatzera. Horrek guztiak esan nahi du talde bat osatu beharra geneukala, euskal politikagintzan adituz osatua, adierazpena idazteko, eztabaidatzeko eta zuzenketak egiteko; talde horrek, gainera, Idahoko Legebiltzarreko hainbat ordezkarirekin bildu behar zuen, baita AEBetako Estatu Departamentuko kideekin ere; eta soilik orduan has gintezkeen bi ganberetan proposamena aurkezten eta defendatzen. Bost hilabeteko lana izan da, hamar kidez osatutako talde batek egina.

Uste duzu Euskal Herrian azken hilabeteetan konponbideari begira egin diren urratsek ez dutela atzera bueltarik?

Fede handia dut Bruselako eta Aieteko adierazpenak bultzatu zituztenengan. Fede handia dut, baita ere, Gernikako Akordioa posible egin zutenengan. Urrats horiek guztiak oso garrantzitsuak dira Europako azken gatazka armatua gerarazteko. Dena den, denok kontuan hartu behar dugu bizitzan ezer ez dela atzera bueltarik gabea, heriotza izan ezik, eta, ondorioz, bakearen bilaketan lanean jarraitu behar dugula. Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute urrats publikorik egin ETAk iragan urrian jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuenetik. Alderdi politikoak legez kanporatzea —Sorturen kasua— eta buruzagi politikoak preso edukitzea ez da estrategiarik egokiena bakea eta elkarrizketa bultzatzeko. Hori guztia 1975 arte berrogei urteko diktadura jasan behar izan duen gizartearen kultura demokratikoaren gabeziaren isla da. Balio demokratikoak eta giza eskubide guztien errespetua luzaroko demokrazia praktikak ezartzen dituen ezaugarri politikoak dira.

Zeintzuk lirateke, zuretzat, egin beharreko urratsak gatazka politikoa gainditu eta bake iraunkorra lortzeko Euskal Herrian?

Euskal gatazka politikoaren irtenbide bakarra da erreferenduma egitea eta, horren ondorioz, Euskal Errepublika independentea sortzea Europako Batasunaren barruan, euskal herritarren borondate askean oinarritua eta Euskal Konstituzio batekin. Konstituzio horrek gure antzinako printzipio eta balio politikoak eta lege erakundeak barne bildu beharko lituzke, XI. mendetik, euskal lurraldeetan lehen lege idatziak egin zirenetik, ezagutzen diren batzar irekietan jada bazeudenak. Estatu independentea, printzipio hauetan oinarritua: askatasunean, legearen aurreko berdintasunean, konkistarako eskubidearen bazterketan, gizarte ongizatean eta gure kultura eskubideen segurtasunean, azken horien artean nagusia gure hizkuntza eta ohiturak betieretzeko eskubidea. Geure historia propioaren subjektu izateko eskubidea berreskuratu behar dugu, eta beste nazio batzuen historiako objektu izateari utzi behar diogu, gutxi gorabehera Ameriketako Estatu Batuen Independentzia Adierazpenean esaten den bezala.

Harremanetarako Nazioarteko Taldea eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordea ari dira lanean egun Euskal Herrian. Zer egin dezake eta zer egin beharko luke nazioarteak Euskal Herriko gatazka politikoa konpontzen laguntzeko?

Bake prozesuan nazioarteko aktoreek eta erakundeek parte hartzea garrantzitsua da, horrek ziurtatzen baitu nazioarteak prozesua gainbegiratzen duela eta, gainera, ikuspuntu eta jarrera guztiak bideratzen direla, eta, ondorioz, irtenbidea errazago lor liteke. Horri dagokionez, euskal herritarrek hainbat ikasgai barneratu dituzte. XIX. eta XX. mendeetan euskal herritarrek bizi izan dituzten krimen handi gehienak ez esku hartzearen printzipioaren edo estatuen barne arazoetan ez murgiltzearen printzipioaren aterkipean gertatu dira. Horregatik, bake prozesuan nazioarteko begirale edo bitartekarien parte hartzea funtsezko elementua da, baina ez soilik euskal gatazkari dagokionez. Nahikoa da begiratu bat botatzea Hego Afrikara, Irlandara, Palestinara...

Aieteko Nazioarteko Konferentziak mundu mailan oso ezagunak diren buruzagiak ekarri zituen Donostiara. Haien bultzadak emango al du fruiturik?

Donostiako urriko Nazioarteko Konferentzian Kofi Annan, Gerry Adams, Jonathan Powell, Gro Harlem Bruntland, Bertie Ahern eta Pierre Joxe buruzagiek bost puntuko adierazpena egin zuten, bakearen, berradiskidetzearen eta irtenbide politiko eta demokratikoaren alde. Espero dut haiek Espainiako eta Frantziako gobernuak konbentzitzea ETArekin elkarrizketak has ditzaten, preso politikoak askatzen hasteko urratsak egin ditzaten, Euskal Herriko alderdi politikoek elkarrizketa mahaian erabakitakoa onar dezaten eta euskal nazioaren etorkizun politikoari buruz euskal herritarrek erreferendum bidez erabakitzen dutena onar dezaten. Baina ziur naiz gatazka politikoa konpontzeko bide bakarra herritarren borondatearen arabera jokatzea dela eta Espainiako eta Frantziako administrazioek euskal herritarrei euren hitza erabiltzeko ahala ematen badiete Europako azken gatazka armatua gaindituko dela.

Eta zeuk lanean jarraituko duzu hori horrela izan dadin?

1951n idatzi nuen nire lehenbiziko adierazpena euskal arazoari buruz Idahoko Legebiltzarrean, eta aurrera atera zen. 60 urtetik gora dira ia. Eta uste dut gogorra litzatekeela niretzat orain gelditzea. Ez dago nire esku esatea zenbat denbora gehiago jarraituko dudan gure herritarren etorkizunaren alde lanean, baina ziur naiz esan dezakedala nire egunen akabera arte izango dela. Gure fundazioak egunero lanean diharduen gizon eta emakume talde on bat dauka, eta horrek ziurtatzen du euskaldunen belaunaldi aldaketa Idahon. Boiseko euskaldunek Euskal Etxea dute, kultur etxe bat, museo bat, ikastola bat eta hainbat jatetxe; horien bitartez, gizarte honen etorkizun kultural, sozial eta ekonomikoa etengabe garatzen eta eguneratzen da. Milaka euskaldunek parte hartzen dute ekitaldi, ospakizun, hitzaldi, kirol ekitaldi eta beste hainbat gauzatan gure estatuan, Nevadan, Kalifornian, Oregonen, Arizonan, New Mexicon, Coloradon, Wyomingen, New Yorken eta beste estatu batzuetan. Duela gutxi, Idahoko Estatuak elkarlanerako hitzarmena izenpetu du Eusko Jaurlaritzarekin. Horrek erakusten du etorkizunean elkarrekin garatzeko proiektuak izango ditugula, eta erakusten du, baita ere, euskal gizartea Idahon eta AEBetan zehar dinamikoa eta indartsua dela eta etorkizunak jarriko dizkion erronkei aurre egiteko gai dela.

Publizitatea