Konponbideari begira

Elkarrizketak

Iñigo Urkullu. EAJren EBBko lehendakaria

«EAJ laguntzeko prest dago; PPk urratsak egin behar ditu»

Alderdi sozialistari lagundu zion bezala, EAJk laguntza eskaini dio PPri bakegintzan. Iñigo Urkullu EAJren EBBko lehendakariak uste du PPk eta Espainiako Gobernuak urratsak egin behar dituztela.

2012-04-29 / Pello Urzelai

Alderdia garai berrietara egokitzeko ahaleginetan ari da Iñigo Urkullu (Alonsotegi, 1961) EAJren buruzagitza hartu zuenetik. Norabide horretan kokatu du alderdiaren ikurra egokitzea. «Ikurra garbitu eta freskatu egin dugu; lauburuaren irudia gehiago nabaritzen da». Alderdikideen artean harrera ona izan duela dio. Ostegun goiza da, apirilak 26. Urkullu Sabin Etxean dago; ez da joan Gernikara bonbardaketa gogoratzeko ekitaldietara, ez dutelako gonbidatu.

Sei hilabete igaro dira Aieteko Konferentzia egin zenetik eta ETAk armak uzteko erabakia jakinarazi zuenetik. Espainiako eta Frantziako gobernuek zergatik ez diote erantzun han egindako elkarrizketarako deiari?

Horretan lan egiten ari naiz eta etorkizunean ere landu egin nahi dut. Nire ustez, gauza bat azpimarratu beharra dago (eta badakit ezker abertzaleak eta, jakina, ETAk hau ez dutela bat ere gustuko): badago etika aldetik arrazoirik erakunde terrorista bat gaur egun izateko? Ez etika aldetik, ez demokrazia aldetik. Beraz, ze arazo dago etikoki eta demokratikoki erakunde terrorista bat desagertu egin behar dela planteatzeko? EAJk argi dauka erakunde terrorista batek ez daukala izaterik. Hortik aurrera, esaten dugu beharrezkoa dela Espainiako Gobernuaren eta erakunde terrorista baten artean solaskidetza bat izatea. Ez dakit zuzenekoa ala zeharkakoa izan behar duen, baina solaskidetza bat izan behar da. Zertarako? Ezker abertzaleak berak duela zortzi urte proposatzen zuenerako: gauza teknikoez hitz egiteko, gai teknikoetarako. Horrela dago jasota Aieteko Adierazpenean. Espainiako Gobernua, gaur egun, PPk urteetan elikatu duen diskurtsoaren gatibu da. Baditu alderdi barruan gainditu beharreko baldintza batzuk. PPri esaten diot: alderdi sozialistari lagundu egin genion bezala, PPri laguntzeko prest gaude. PPk eta Espainiako Gobernuak urratsak egin behar dituzte.

Elkarrizketa, desarmea eta desegitea lotuta daude, edo sasian diren militanteen egoera...

Lotuta baino gehiago, korapilatuta esango nuke. Korapilo hori askatu egin behar da. Ezin da baldintzatu ETA erakunde terrorista bezala izaten jarraitzearena baldin eta Espainiako Gobernuak ez dakit zein urrats egiten duen. Printzipio moduan, erakunde terrorista batek ez dauka izateko arrazoirik. Hori argi utzita, goazen korapilora. Gauza nabarmena dago: badira kartzeletan hainbat preso odol ekintzarik gabeko presoak direla. Erakunde armatu edo terrorista batekoak izateagatik dira preso. Zergatik ez da planteatzen preso horien egoera? Nola ez dute egoera hori osotasunean planteatzen ezker abertzaleak edo ETAk berak? 'Preso batzuk erakunde armatuko kide izateagatik daude; ni desagertzen banaiz erakunde gisa, preso horiek ez dira izango erakunde terrorista bateko kide'. Adibidez. Eta legeria beste modu batera ezarri ahal izango da. ETAk urriaren 20ko agirian bertan behera utzi zuen ekintza armatua, behin betiko, alde bakarrez... beste batzuen eskuetan utzi beharko luke presoei dagokiena. Eta diot beste batzuen eskuetan utzi beharko lukeela. Eta oso zorrotz diot. Azken batean, ematen du presoen eta espetxe politikaren aldarrikapena ETAk zuzentzen duela, eta nik uste dut beste batzuek zuzendu behar dutela.

Ez al dituzte presoek beraiek horretarako aukeratu euren solaskideak?

Bai, baina nik ez dakit hori oso argi dagoen. Ez dakit argi gelditu ote den presoen solaskidetza horrek nor ordezkatzen duen. Argitzeko dago.

Aipatu duzun korapiloa alde batera utzita, espetxe politikan aldaketak eskatzen ari da EAJ, ezta?

Aspalditik.

Gaixo dauden presoei egoerari irtenbide bat ematea edo presoak hurbiltzea... Hori ez al da premiazkoa?

Bai. Gainera, 1997an Eusko Legebiltzarrak hartutako akordio batean oinarritzen dugu guztia. Gaur egun, Espainiako Gobernuari esan diot: zuek publikoki esaten duzue legeria zorrotz bete behar dela. Bat nator, legeria zorrotz betetze horrek bide batzuk eskaintzen dituelako, espetxe politika malgua izan dadin. PPri eta Espainiako Gobernuari esaten diet sakabanaketa eta urrunketa ezberdinak direla. Posible da hainbat kartzelatan sakabanatzea baina gerturatuta. Guk aldarrikatzen dugu gerturatzea. Espainiako Gobernuak egin dezake, bai presoak gerturatu, bai gaixorik dauden presoen egoera konpondu, bai zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenen egoera planteatu, bai badaezpadako neurriak dituztenena, bai kartzelan dauden presoek graduan urratsak egin ahal izatea, jakinik horretarako preso bakoitzak ere urratsa egin behar duela.

Currinek aurreko egunean zioen bezala, egia al da alderdien artean orain elkarrizketa gutxiago dagoela ETAren erabakia jakinarazi aurretik baino?

Arrazoia eman behar diot, zoritxarrez. Ez dakit zer gertatu den. Nire eskarmentuaren arabera, 2009a, 2010a eta 2011 emankorragoak izan ziren. Denekin dauzkagu ateak irekita solaskidetzarako. Saiatu egiten ari gara batzuekin eta besteekin, baina egia da bata besteari begira egongo bagina bezalako egoera batean gaudela.

Hauteskundeen eraginagatik? Horrek blokeatzen du zuen jarduna?

Ez nuke esango kasu guztietan hauteskunde muga horrek baldintzatu egiten duenik. Baliteke PPren kasuan hala izatea, edo neurriren batean alderdi sozialistaren kasuan. Ezker abertzalearen kasuan, beste arrazoi bat izan daiteke: PPrekin harreman zuzena nahiago izatea. Baliteke. Baina badakite beraiek hori ezinezkoa dela.

Zer espero duzu Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldetik?

Kontua gaizki hasi zela eta ez zela horrela sortu behar uste dut. Ez dut esaten Aralarren duten egoeragatik. Aintzane Ezenarrok, Aralarren izenean, borondaterik hoberenaz Lopez lehendakariari planteatu egin zion ea zein zen gai honetan bere aitzindaritza. Hortik aurrera proposamen bat egin zuten Aralarrek eta Aintzane Ezenarrok. Baina proposamen hori Lopez lehendakariak bere eskuetan hartu nahi izan zuen, berea balitz bezala, eta asteetan hala jokatu zuten. Joko maltzurra izan zen, nire ustez. Horrek guztiak zapuztu egin zuen PP bide batean sartzea. Orain arazoa da Aralarren barruan gertatzen ari dena. Ez da bakarrik ezker abertzalea ez dela lantalde horren partaide. Gerta daiteke Aralar ere ez dela lantalde horren partaide. Eta UPD ez da lantalde horren partaide. Hau gaizki hasi zen. Eta ezker abertzaleak ez du malgutasunik erakutsi.

Desblokeatzeko giltza non ikusten duzu? Egiaztatzeko Batzordeko kideak laster etortzekoak dira berriro Euskal Herrira. Haien lanak lagundu dezake desblokeatzen?

Behin lantaldea sortuz gero, Legebiltzarreko lantalde honek eska diezaieke iritzia ez bakarrik alderdi politikoei, ez bakarrik ordezkari instituzionalei, baita bakegintzan ari diren mugimenduei ere. Beraz, baita nazioartean ari direnei ere. Egiaztatze Batzordearen eta Nazioarteko Harreman Taldearen gogoetak izan daitezke paralisi une batean gaudelakoak. Baina hori normaltzat hartu behar da. Kontua da nola gainditzen dugun. Garrantzitsua izango litzateke PPk horrelako taldeekin harreman zuzenik izatea ez bada, bai posible izan daiteke foro batean, Legebiltzarrean hain zuzen ere, ekarpenak eskatu ahal izateko eta denok ezagutu ahal izateko.

Adiskidetzearen gaian aurreratzen ari ote da? Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena da eta barkamenaren gaia atera da berriro. Nola ikusten duzu gai hori?

EAJren Batzar Nagusian bozkatutako txosten politikoan, bizikidetza hitza hautatu dugu. Ez dugu planteatzen adiskidetzea, aipamentxo bat kenduta. Adiskidantza gauza pertsonal baten moduan ikusten dugu. Bizikidetza, aldiz, bada helburu bat. Oroitzapena eta egia ere landu beharko dira. Batzuek ere barkamena eskatu beharko dute. ETAren indarkeriaren eta beste indarkeria batzuen aurrean, badaude bizikidetzarako urratsak egin behar dituztenak. Isilean lan bat egiten ari da. Isilean egiten ari den lan horri hauspoa ematen dio EAJk; animatu egiten du aurrera egiten jarraitzera. Bide nekeza da. Etorkizunari begira itxaropena daukat, belaunaldi berriekin beste modu batera lan egin daitekeen kontua izango delakoan.

Informazio osagarria

Publizitatea