Konponbideari begira

Elkarrizketak

Euskal presoak. Mattin Troitiño. Etxerat-eko bozeramailea

«Salbuespen neurri guztiak indargabetzeko baliabide garrantzitsua da epaia»

Troitiñoren arabera, Estrasburgoko Auzitegiak «arrazoia» eman dio euskal gizarteari. Orain arte egindako bidean jarraitu behar dela dio, «pertsona guztien eskubide guztiak» bermatu arte.

2012-07-13 / Jokin Sagarzazu

Orain Espainiako Gobernuaren txanda dela dio Mattin Troitiñok (Donostia, 1984). Etxerat-eko bozeramaileak uste du Estrasburgoko Auzitegiak bizkarra eman diola «mendekuan eta interes politikoetan oinarritutako politikari». «Denboran gehiago luzatu gabe, gure eta gure senide eta lagunen eskubideak errespetatu egn behar dituzte».

Nola hartzen du senide batek zigorra bete eta kalera irtengo den senide bati zigorra luzatu diotela jakitea?

Kolpe handia da. Horrelako egoerak hitz batzuetan azaltzea zaila egiten da. Hasieran, amorru eta tentsio handia sentitzen duzu. Senideoi ere zigorra luzatzen digute, eta sakabanaketaren zigorra bizitzen jarraitu behar dugu. Baina, egia esan, herri honetan zerbait ikasi badugu, egoera gogorrei aurre egitea ikasi dugu. Zoritxarrez. Horrelako egoeren aurrean ezinbestekoa eta beharrezkoa izan da euskal jendartearen laguntza eta begirunea. Eskertzekoa da, benetan.

Zure osaba Anttonen kasuan, Parot doktrina dela eta, berriz espetxeratu nahi izan zuten. Duela gutxi atxilotu dute Erresuma Batuan. Zure ustez, baliagarria izango da Estrasburgoko erabakia haren estradizio eskaerari aurre egiteko?

Beste behin ere, inongo lotsarik gabe, askatasunerako eskubidea alde batera utzi, eta interes politiko hutsengatik atxilotu dute. Duela urtebete aske geratu zen, espetxealdian zehar kausa bakoitzarengatik epaitu gabeko denbora murrizteagatik bere zigor osotik, prozesu hau guztiz zilegi eta normala denean. Espero dut erabaki honek eragina izatea Anttonen egoeran. Estrasburgoren erabakiak eragin zuzena izan beharko luke. Londresko gobernuak ez luke nire osabaren aurkako entrega eskaera onartu behar. Espetxe zigor osoa betea du, eta kalean egon behar du, gurekin.

Espainiak Estrasburgoren ebazpena beteko duela uste duzue? Zein jarrera espero duzue?

Interes politiko eta alderdikoiek, baita mendeku goseak ere itsututa jarraitzen du espainiar gobernuak. Egia esan, jokabide horrek ez digu asko lagunduko, eta Fernandez Diazen Barne ministerioaren adierazpenak zentzu horretan doaz. Akaso ez dute beteko beren obligazioa, baino geroz eta argiago geratzen ari da, Europara begira ere, zein den espainiar gobernuaren benetako aurpegia, eta guzti hori gure alde dagoela uste dut. Gogoratu behar da Estrasburgok ez diola gomendio bat eman Espainiari, betebehar baten berri eman dio, eta Ines del Rio berehala aske uzteko agindu dio. Edozein egoera blokeatzen saiatuko dira. Ez da erraza izango, baina aurrera egingo dugu. Pertsona guztien eskubide oro bermatua izango den eszenatokia parez-pare dugu, baina ibilian eta esfortzuan egingo dugu aurrera.

Uste duzue ebazpen horrek eraginik izango duela gainontzeko salbuespen neurrietan?

Estrasburgoko Auzitegiaren erabakia oinarrizko eskubideen urraketan oinarrituta dagoen espetxe politika bat argitara emateko probestu behar dugu. Zentzu horretan, salbuespenezko neurri guztiak desaktibatzeko baliabide garrantzitsua izan daiteke. Estrasburgok erabaki hau hartuta ere, gogora ekarri behar dugu gaixo larrien egoera, baldintzapeko askatasunean egon beharko luketenak, eta, azken finean, sakabanaketa politika bera. Neurri hauek guztiak amaitzeko, denon eskuetan dago zein tamainako presioa egingo dugun bai espainiar bai frantziar gobernuei begira, baita nazioartera begira ere.

Zuen ustez, zergatik dauka blokeatuta presoen auzia Espainiako Gobernuak? Zer lortu nahi du horrekin?

Presoen egoerari aterabiderik ez emateak eskubide urraketarik gabeko eszenatoki batera heltzeko zailtasun nabarmenak agerian uzten ditu. Gure senide eta lagunen oinarrizko eskubideak ez errespetatzea da egun espainiar gobernuak eskuetan duen baliabide nagusienetako bat. Eta hau ez amaitzea aurrera pausoak ez ematea dakar. Benetako soluzio integral bat eragotzi asmo dute, beldurra baitiote denok desio dugun etorkizunari, bakean eta eskubideen bermean oinarrituko den eszenatokiari.

Zer iritzi duzue ebazpenaren inguruan eragileek eginiko balorazioei buruz?

Nabarmena da bizi osorako zigorrak ez duela kabidarik herri honetan. Presoen egoera gainditzeko jarrera nabaritzen dugu. Horren erakusle izan dira egunotan eragile ezberdinek edota norbanako esanguratsuek egindako balorazioak. Garrantzitsua izango da aurrerantzean denok batera ekitea. Bestelako interesak alboratuz eta oinarrizko eskubideen errespeturako ireki berri zaigun bidetik jarraitzea. Konpromisoa ez ezik, norberak bere buruari exijitu beharreko lana da hau.

Espainiako Gobernuak Estrasburgori leporatu dio ETAren biktimekiko sentsibilitaterik ez edukitzea.

Espainiako Gobernuak izugarrizko erabilpena egin du gatazka honek sortutako kaltetu batzuekin. Mendeku politika batean oinarritu da urteetan zehar, eta guzti horrek ondorio larriak ditu. Eskubide guztiak bermatuak izango diren eszenatokira heltzeko trabak sortu ditu espainiar gobernuak. Egoera ez da egun batetik bestera aldatuko, baina denon eskuetan dago egoera hau iraultzea eta aurrerapausoak ematea.

Erabaki horren atzean zer pisu dauka euskal gizarteak?

Izugarrizko garrantzia izan du beti. Horrelako erabakiek sostengu zabala behar dute. Euskal jendartearena, eta baita ere eragile sozial, sindikal eta politiko ororena. Inongo salbuespenik gabe. Euskal gizartea izan behar da protagonista nagusia. Berak lortu du 197/2006 doktrina derogatzeko lehen pausoa ematea, eta eskerrak eman nahi nizkioke bai gure eskubideen eta baita gure senideen eskubideen alde lan egin duen jendarteari. Denon artean lortuko dugu euskal preso politikoei ezartzen dieten espetxe politika kriminala amaitzea.

Publizitatea