2026ko apirilaren 19a

Ireki web nabigatzailean

Berria
KAZETARITZA
ARDATZ
Pello Urzelai

Pello Urzelai

BERRIAko IKT arduraduna

Ongi etorri Kazetaritza ardatz buletinaren 50. zenbakira. Egia esan, zenbaki borobila da, eta pozgarria da kopuru horretara iritsi izana. Baina pozgarriagoa da jakitea 581 harpidedunek jasoko duzuela. Eskerrik asko zuen interesagatik. Hauxek dira aste honetako gaiak:

1. Hedabideen trafiko iturri gisa, sare sozialak atzeraka.
2. Murrizketak BBCn.
3. Kazetaritza esanguratsua zuzen komunikatzearen balioa.
4. Hedabideetako emakume liderrentzako gida.
5. Beste zenbait irakurgai interesgarri.

K-buletina-Kazetaritza



Hedabideen trafiko iturri gisa, sare sozialak atzeraka

twitter traffic 1536x798
Hedabideek Twitter/Xetik jasotzen duten trafikoa, Chartbeaten datuen arabera. NIEMAN LAB

Chartbeaten datuen arabera, hedabideek sare sozialetatik jasotzen duten trafikoa nabarmen murriztu da azken urteetan. Horrela jaso du Laura Hazard Owen Nieman Labeko zuzendariak argitaratu berri duen artikuluan. Atzerakada garrantzitsua da. Adibidez, Elon Muskek Twitter 2022an erosi zuenetik, Chartbeateko bezeroek sare sozial horren bidezko trafikoaren %70 galdu dute.

Facebook-etik hedabideei iristen zaien trafikoa ere nabarmen apaldu da: %63ko beherakada 2022tik. Horrez gain, erabiltzaileek gero eta denbora gutxiago pasatzen dute hedabideen webguneetan  X edo Facebook-etik klik egin ondoren. Laura Hazardek Chartbeat-en datuekin hiru grafiko interesgarri eta esanguratsu osatu du, baina ez du gehiago sakondu.   

Beheranzko joera horren atzean, sare sozialen estrategia argi bat dago. Azken urteotan erabateko lehentasuna eman diote erabiltzailea ahalik eta denbora gehien sare sozialen plataformetan atxikitzeari. Algoritmoak horren zerbitzuan jarri dituzte, eta, gainera, trabak jarri dizkiote erabiltzaileari kanpoko esteketatik beste webgune edo plataforma batzuetara joateko. Kanpoko esteken edukia enkaptsulatu egiten dute, eta ez diote uzten erabiltzeari nabigatzen kanpoko webgune horretan, plataformatik ez ateratzera behartuz. Erabiltzaileak hedabidearen webgunean beste eduki batzuk begiratu nahi baditu, beste pauso bat eman behar du, eta edukia nabigatzailean zabaldu behar du.

Joera global hauek Euskal Herrian ere gertatzen ari dira euskarazko hedabideetan? Oro har, ematen du baietz. Behategia Analyticsen datuen arabera, euskarazko hedabideetan, 2022tik 2026ra bitartean, Twitter/Xtik iritsitako trafikoa (saio kopurua) %60 murriztu da, eta Facebooken kasuan, %56.

BERRIAn, 2025ean nabaritu dugu X bidez datorren trafikoa gutxitu dela (%27 aurreko urtearekin alderatuta), besteak beste, hainbat lagunek utzi diotelako erabiltzeari. Jaitsiera izan da Facebooken trafikoan ere (%7), eta Telegramekoan (%9). Aitzitik, igoera garrantzitsuak izan dira Instagramekoan (%47) eta Whatsappekoan (%27).

Informazio gehiago:

  • Social traffic kinda stinks for news publishers now, in 3 charts (Laura Hazard Owen - Nieman Lab)



Murrizketak BBCn

Joan den astean, AP agentziaren murrizketak aipatu genituen. Aste honetan, BBCkoak. BBCk iragarri du 1.800-2.000 lanpostu kenduko dituela (ia %10), 500 milioi libera aurreztu, eta «finantza presioei» aurre egiteko asmoz.

Rhodri Talfan Davies BBCko behin-behineko zuzendari nagusia mintzatu da gaiari buruz, BBC Radio 4ko Media Show saioan. Rhodri Talfanen arabera, BBCk 500 milioi libera aurreztu behar ditu datozen bi urteetan, eta horrek erakunde publikoa erabaki zailak hartzera behartuko du. Behin-behineko zuzendari nagusiak ez du baztertu kanal edo zerbitzu osoak kentzea. Joan den asteazkenean, langileei bidalitako posta mezu batean, Rhodri Talfanek nabarmendu zuen kostuen eta diru sarreren arteko arrakala handitzen ari dela.

Philippa Childs Bectu sindikatuko arduradunaren ustez, neurri horretako murrizketak «suntsitzaileak» izango dira langileentzat eta BBC osoarentzat. Gaur egun, BBCk 21.500 enplegatu inguru ditu lanaldi osoarekin. Philippa Childsek nabarmendu duenez, murrizketa hauek «ezinbestean kalte egingo diote BBCk bere eginkizun publikoa betetzeko duen gaitasunari».

Informazio gehiago:

  • BBC to cut almost one in 10 staff to make £500m savings (Paul Glyn · Ian Youngs - BBC)
  • BBC to cut up to 2,000 jobs in biggest downsize in 15 years (Mark Sweney · Geraldine McKelvie - The Guardian)
K-buletina-Hedabideak



Kazetaritza esanguratsua zuzen komunikatzearen balioa

Kazetaritza bideoaren bidez komunikatzea garrantzi berezia hartzen ari da hedabideentzat mundu osoan. Joera orokor bat dela esan daiteke. Azkenaldian, ahalegin berezia ikusten ari da kazetaritza baliotsua bideoaren bidez zabaltzeko, kazetariak kamera aurrean eta lehen planoan jarriz. Bideopodcast analitikoak edo bideo iruzkinak dira joera horretako bi formula.

Batetik, sare sozialen bilakaerak bultzatu du bideoaren euskarria beste esparruetan ere, Tiktok, reels, storys eta shorts bezalako formatuen arrakastarekin. Bestetik, hedabideekiko konfiantza krisiari aurre egiteko, kazetaria kameraren aurrean jartzea sinesgarritasuna eta gertutasuna berreskuratzeko bide eraginkorra izan daitekeelako irudipena nagusitu da. Gertaerak eta ikerketak esplikatzea eta hartzailearen begietara begiratuz aritzea garrantzitsua da gaur egun kazetaritza baliotsua edo esanguratsua komunikatzeko.

Buletin honetako aurreko zenbakietan behin baino gehiagotan agertu dira joera honetako adibideak. Gaur beste bi ekarri ditut.

Financial Times egunkariak lehen podcast multiplataforma iragarri du. The Story of Money izena izango du. Momentuz teaser bat argitaratu dute. Bideopodcasta podcast plataformetan eta Youtuben egongo da. Asteroko saio bat izango da, eta, Financial Times-en esanetan, audientzia berrietara iristeko bide eta audio estrategia eraikitzeko pauso esanguratsu bat izango da.

Financial Times-eko Gillian Tett zutabegileak eta Alphaville Robin Wigglesworth editoreak aurkeztuko dute The Story of Money programa. Diruaren historia esploratzeko asmoa du, finantza globalei forma eman dieten pertsona, ideia, gertakari eta erakundeen bidez.

Beste kasua The Economist aldizkariarena da. The New York Times-en arabera, The Economist aldaketa sakon bat gauzatzen ari da. 1843an fundatuta, aldizkariko kazetariak beti izan dira anonimoak. Laster kameren aurrean agertuko dira. Udarako, atal berri bat gehituko du aplikazioan: Economist Play. Atal horretan, New York eta Londresko berriemaileek aurkeztutako saioak, elkarrizketak eta eztabaida politikoak eskainiko dituzte. Economist Play aldizkaritik bereizitako produktu bat izango da. Kasu honetan, badago interes berezi bat The Economist-en gogoetarako sentsibilitatea bideo elkarrizketetara eramateko.

Informazio gehiago:

  • Financial Times to launch first standalone multi-platform podcast, The Story of Money (Financial Times)
  • The Economist Is Putting Names (and Faces) to Its Magazine (Benjamin Mullin - New York Times)


K Buletina Informazioa​​​​​​​



Hedabideetako emakume liderrentzako gida

Hedabideetako emakume liderrak lagundu eta bultzatzeko asmoz, emakume ekintzaileei begirako gida bat argitaratu du Unescok, Emprendimientos periodísticos y viabilidad: guía para mujeres líderes de medios izenburupean. Gida Sembra Media proiektuak osatu du.

Sembra Mediaren arabera, hedabideen sektorean emakume ekintzaileen kopurua hazten ari da mundu osoan. Latinoamerikan, Sembra Mediako direktorioan bildutako hedabide digitalen %54 emakumeek eta emakumeak dituzten taldeek sortutakoak dira, eta Europan, %58.

Emakume lider hauek, oztopo sistemikoei aurre egiteaz gain, finantza bideragarritasun arazoak gainditu behar dituzte. Bide horretan laguntzeko asmoz sortu dute aipatutako gida.

Gida hamasei orriko dokumentu bat da, gai askotarikoak jorratzen dituena. Besteak beste, puntu hauek aipatzen ditu:

  • Nola pentsatu proiektu baten bideragarritasunean ideiaren hasieratik.
  • Kazetaritza ekintzailetzan hasteko pausoak eta baliabideak.
  • Aholku praktikoak talentuak eta prozesuak kudeatzeko.
  • Negozio ereduak zehatzeko eta diru iturriak esploratzeko aholkuak.
  • Finantzak eta kontabilitatea kudeatzeko baliabideak.
  • Eragina neurtzeko tresnak.
  • Trebakuntzarako gomendioak eta aukerak.

Sembra Mediako kide hauek parte hartu dute gidaren argitalpenean: Mijal Iastrebner, Janine Warner, Maria Eugenia Alvarez, Naimid Cirelli, Ana Minini eta Laura Agirre. Unescoren aldetik, Kate Musgravek eta Saorla McCabek parte hartu dute editore gisa. Gida gaztelaniaz, ingelesez eta arabieraz argitaratuta dago, eta laster frantsesez ere egongo da.

Informazio gehiago:

  • Emprendimientos periodísticos y viabilidad: guía para mujeres líderes de medios (Sembra Media)
  • PDFa deskargatzeko (Unesco)



Beste zenbait irakurgai interesgarri

Azken egunotan argitaratutako beste irakurgai interesgarri batzuk eskura dituzu jarraian:

  • Ez handietsi ergelkeria (Urtzi Urkizu - BERRIA)
  • EGMren arabera, Euskadi Irratiak Radio Euskadik baino entzule gehiago ditu (Urtzi Urkizu - BERRIA)
  • Hamaikaren eta 'Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza'-ren balio soziala nabarmendu dute ikerketa batean (Urtzi Urkizu - BERRIA)
  • Research: Creators aren’t the story, trust is (Kerstin Hasse - INMA)
  • Reasons for encouragement, even amid the madness (Margaret Sullivan - American Crisis - Substack)
  • ProPublica journalists walk off the job in first U.S. newsroom strike over AI (Andew Deck - Nieman Lab)
  • International Journalism Festival 2026: What we learnt in Perugia about the future of news (Matthew Leake · Marina Adami · Eduardo Suarez · Gretel Kahn - Reuters Institute)
  • Inside TIME’s rollout of its TIMEAI interactive agent (Esther Kezia Thorpe - Digital Content Next)


Zebrabidea

Bihar, apirilak 20, ez da izango Arrosa sareko Zebrabidea irratsaioan kazetaritzari buruzko tarterik.  Aurreko saioa hemen entzun dezakezu:
Zebrabidea - Kazetaritza ardatz - 2026-04-13


Ilustrazioak: Pagoa Urzelai Etxebarria


Oraindik ez bazara harpidetu eta gehiago jakin nahi baduzu kazetaritzaren, kazetarien, hedabideen, informazioaren, desinformazioaren eta adimen artifizialaren inguruan, egin orain Kazetaritza ardatz buletinaren harpidetza.

Harpidetu



Horrelako mezu gehiagorik jaso nahi ez baduzu, egin klik hemen

Datu Pertsonalen Babesa
Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendu-sistemetan sartuta daudela BERRIA Taldearen zerbitzuak emateko, zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Eskatutako zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa izan daiteke zure datuak BERRIA Taldea osatzen duten enpresei, BERRIA Hedabideak fundazioari eta bestelako kolaboratzaileei uztea. Zure datu pertsonalen inguruko eskubideak edonoiz erabili ditzakezu. Era berean, edonoiz egin dezakezu gai honi buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA Taldea, Martin Ugalde kultur parkea; Gudarien etorbidea, z/g, 20140 Andoain (Telefonoa: 943-30 43 45) edo helbide elektroniko honetara:  datuenbabesa@berriataldea.eus. Informazio zehatzagoa eskuratu nahiko bazenu, gure webgunean aurkituko duzun "Pribatutasun Politika" irakur dezakezu.