2026ko maiatzaren 10a

Ireki web nabigatzailean

Berria
KAZETARITZA
ARDATZ
Pello Urzelai

Pello Urzelai

BERRIAko IKT arduraduna

Ongi etorri Kazetaritza ardatz buletinaren 53. zenbakia. Aste honetan, gai nagusia podcastak eta bideopodcastak dira. Baina badira beste kontu batzuk ere. Hauxe da gaien zerrenda:

1. Podcast informatiboen bilakaera.
2. 'Open Tab', kazetaritza ekimen independenteei ahotsa emateko bideopodcasta.
3. 'Sona', euskal musikari buruzko bideopodcasta.
4. Hedabideak kontrolatzeko bideak.
5. Internet sintetikoa, gero eta handiagoa.
6. Beste irakurgai interesgarri batzuk.

buletina mikro3​​​​​​​



Podcast informatiboen bilakaera

Podcast informatiboen bilakaera aztertu du Reuters Institutek, aste honetan argitaratutako txosten batean. Ondorio nagusien artean, azken urtean hedabideek bideo formatuaren alde egindako ahalegina bizkortu dutela nabarmendu dute txostenean.

Podcastgintza duela hogei urte hasi zen, audio programazioa egokiago banatzeko asmoarekin. Urteotan gauzak asko aldatu dira podcasten munduan, audientziaren neurriari eta formatuen ezaugarriei dagokienez. Reuters Instituteren txostenaren egileek diotenez, «gaur egun, podcastek eginkizun garrantzitsu eta itzal handikoa dute herrialde guztietako hedabideetan».

Ikerketak Amerikako Estatu Batuetan, Erresuma Batuan eta Norvegian jarri du arreta. Hiru motatako podcast informatiboak bereizi dituzte:

  1. Eguneroko albisteen podcastak, gehienak hedabide tradizionalenak. Batzuk albiste batzuen laburpenak dira. Adibidez, Up First (NPR) eta News Briefing (FT). Beste batzuk, berriz, gai baten analisi sakonak dira. Adibidez, Today in Focus (The Guardian) eta Forklart Explayed (Aftenposten).
  2. Solasaldi gisako podcastak, pertsonalitate batek gidatuak. Tartean bi pertsona edo gehiago solasean aritzen dira, gaitegi zabal baten inguruan. Mota honetako adibide izan daitezke: Goalhangerren The Rest is Politics, The New York Times-en Ezra Kleinen Show eta The Guardian-en Football Weekly.  
  3. Dokumental gisako podcastak. Serie mugatuetan antolatzen dira, eta ekoizpen narratiboaren teknikak erabiltzen dituzte. Adibidez, Tortoise Mediaren Serial (2014) eta Sweet Bobby (2022), eta The Economist-en The Prince.

Azken urteotan, dokumental gisakoak gutxitu egin dira. Neurri batean, Spotifyk eta antzeko plataformek babesa murriztu dutelako, ekoizpen merkeagoen alde eginez. Solasaldi gisako podcastak, aldiz, ugaritu egin dira, lehia handitu, eta aktualitateari erantzuteko ahalegin handiagoa egin dute.

Streaming plataformak azken urteotan egiten ari diren egokitzapenak azkartzen ari dira podcasten aldaketa, solasaldi egituraren eta bideo formatuaren alde. Spotify 2020an hasi zen bideopodcastak sustatzen, eta 2024rako 250.000 eskaintzen zituen bere plataforman. Youtubek podcasterrak sustatu ditu. Apple bideopodcastak onartzen hasi da, eta erabilpen multimodala ahalbidetu du.  

Ikerketaren arabera, bideopodcasten audientziak audio hutseko podcasten audientziei gainjartzen zaizkie. Hau da, pertsona berberak ari dira bi formulak erabiltzen, testuinguruaren arabera. Baina, zenbait kasutan, bideo formatuak audientzia berriak erakartzen ari dira.  

Zein dira podcastak ekoizteko arrazoiak hedabideentzat? Reuters Instituteren ikerketaren arabera, batetik, podcastak audientzia berriak —batez ere, gazteak— erakarri eta atxikitzeko modu ona dela uste dute. Bestetik, harpidetza sisteman oinarritutako estrategia dutenentzat baliagarriak dira bezeroak atxikitzeko eta diru sarrerak bultzatzeko. Azkenik, aintzat hartzen dituzte podcasten giza dimentsioa eta ohitura sortzeko gaitasuna.

Informazio gehiago:

  • The changing shape and new economics of news podcasting: From listening to watching, from podcasts to shows (Nic Newman - Reuters Institute)


K-buletina-Hedabideak​​​​​​​



‘Open Tab’, kazetaritza ekimen independenteei ahotsa emateko bideopodcasta​​​​​​​

Open Tab bideopodcast berri bat da, Substack plataformak ekoiztua eta argitaratua. Elkarrizketa sorta bat eskaini nahi du, Amerikako Estatu Batuetako hedabide edo kazetaritza ekimen independente berriei ahotsa emateko asmoz. Substacken ustez, azkenaldian hedabide independenteak «negozio sendoak» sortzen ari dira, beren lan propioan eta irakurle, entzule eta ikusleekiko harreman zuzenetan oinarrituta.

Hamish McKenzie Substacken sortzaileetako batek eta Hanne Winarsky News Media-ko zuzendariak aurkeztuko dute Open Tab saioa, eta hedabide independente baten sortzailea elkarrizketatuko dute astero. Atal bakoitza taberna, kafetegi edo jatetxe batean grabatuko da, elkarrizketatuak gogoko duen toki batean.

Lehen atala maiatzaren 7an argitaratu dute, eta lehen gonbidatua Emily Sundberg Emily Feed Me-ren sortzailea izan da. Eguneroko buletin bat egiten du negozioei, teknologiari eta kulturari buruz. Emily Sundbergek 10.000 harpidedun baino gehiago ditu, eta Substack plataforman eraiki du bere audientzia. Elkarrizketa New Yorkeko Flatiron auzoko Old Town Bar tabernan grabatu da. Substacken aplikazioan ikus edo entzun daiteke, baita Youtuben ere. Apple Podcasten eta Spotifyn ere entzungai dago.

Informazio gehiago:

  • Introducing Open Tab (Arielle Swedback - Substack)
  • Open Tab: Emily Sundberg (Hamish McKenzie · Emily Sundberg - Open Tab - Subastack)

  • Open Tab: Emily Sundberg (Apple Podcast)



‘Sona’, euskal musikari buruzko bideopodcasta

'Sona' podcasta. EITB
Sona podcastaren irudia. EITB

Guau EITBren audio plataformak Sona bideopodcasta estreinatu du aste honetan. «Euskal Herriko mapa musikala» osatzeko helburuarekin sortutako proiektu bat da, Abao Komunikazio Agentziak ekoiztua.

Lehen denboraldiak hamar atal izango ditu. Saio bakoitzaren ardatza musikari edo talde batekin osatutako solasaldia izango da, baina zuzeneko musikak ere bere tokia izango du. Musikariek bi abesti interpretatuko dituzte: bata, beren errepertoriokoa, eta bestea, euskal musikari baten abesti baten bertsioa.

Lehen saioko gonbidatuak J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcena izan dira. Ahizpa bi abestia aurkeztu dute bideopodcastean, eta Belakoren Saguzarren kanta-ren bertsioa egin dute. Hurrengo gonbidatuak Kaparrak, Julen Goldarazena Flako Fonki, Silitia, Mirotz, Maruxak eta Odei Barroso izango dira. Atalak asteazkenero argitaratuko ditu Guau plataformak.

Jokin Bereziartua da aurkezlea, Miren Arregi eta Nekane Muñoz zuzendariak, eta Amets Aranguren eta Arkaitz Biain gidoilariak. Arrasateko taberna batean egingo dituzte grabaketak. Proiektu honen aurrekaria Goienaren Sona bideopodcasta da, Jokin Bereziartuak gidatua.

Informazio gehiago:

  • Euskal musikari eskainitako podcast bat sortu dute: 'Sona' (Urtzi Urkizu - BERRIA)
  • 'Sona' bideopodcasta estreinatu du Guau audio plataformak (Hasier Larrea - Goiena)
  • 1. Bi ahizparen patua: berriro hastea [Gonbidatuak: Ane eta Kattalin Barcena / J Martina] (Sona - Guau)


K-buletina-Kazetaritza​​​​​​​



Hedabideak kontrolatzeko bideak

MJRC Media and Journalism Research Centerrek ikerketa interesgarri bat argitaratu berri du: The Architecture of Media Capture. Typologies, Global Patterns, and the Tech Threat. Marius Dragomirrek sinatua da, eta botereguneek hedabideak kontrolatzeko edo bereganatzeko erabiltzen dituzten bideak izan ditu ikergai.

Gaur egun, independentzia editoriala baldintzatzeko hainbat mekanismo erabiltzen dituzte gobernuek, elite ekonomikoek, aberatsek eta plataforma handiek, zentsura zuzena erabili gabe. Halakoetan sakondu du Marius Dragomirren ikerketak. Kontrol mota horrek aldatu egiten du herritarrek ikusten, entzuten eta azkenean sinesten dutena, eta ahuldu egiten ditu informazio fidagarria, askotarikoa eta boterea fiskalizatzeko gai dena eskuratzeko beharrezko baldintzak.  

Ikerketaren arabera, hauek dira hedabideak kontrolatzeko mekanismo nagusiak:

  • Erregulazio sistemak: aukera ematen dute hedabideak saritu edo zigortzeko, baimen, frekuentzia, zigor edo erabaki administratiboen bidez.
  • Hedabide publikoen mendekotasuna: propaganda tresna bilakatzen dira, gobernu organoak eta izendapenak kontrol politikoaren menpe badaude.
  • Estatu finantzaketa: publizitate publikoa, diru laguntzak eta kontratu opakuak erabiltzen dira hedabideak menderatzeko.
  • Jabetzaren kontrola: oligarkek, enpresa taldeek edo tarteko elkarteek hedabideen jabetza eskuratzen dute interes politikoak ezartzeko asmoz.

Mekanismo horiek aplikatzeko orduan, sei eredu bereizi ditu egileak: Hungariako berregituraketa estatalaren eredua, Turkiako familia enpresaren eredua, Egipton zerbitzu sekretuek garatutakoa, Errusiako prototipo protoautoritario instituzionalizatua, Israelgo aberatsen mezenasgo ilustratua eta AEBetan gauzatzen ari den eredu tekno-oligarkikoa. Eredu horiek esportatu, imitatu eta hibridatu dira hainbat testuinguru politikotan.

Informazio gehiago:

  • The Architecture of Media Capture. Typologies, Global Patterns, and the Tech Threat (Marius Dragomir - Zenodo)
  • La captura de los medios erosiona la confianza pública al debilitar el periodismo que fiscaliza al poder (Laboratorio de Periodismo)


buletina burmuina​​​​​​​



Internet sintetikoa, gero eta handiagoa

Internet sintetikoa

The Impact of AI-Generated Text on the Internet izenburuko ikerketaren grafiko bat.

Adimen artifizial sortzailearen garapenaren bitartez, aurreikus zitekeen bezala, makinek sortutako eduki sintetikoen kopurua gero eta handiagoa da. Makinek edukiak sortzeko gaitasun izugarria dute, eta horrek berekin dakar Interneteko eduki sintetikoa gizakiek sortutakoari gailentzeko arriskua.

Duela gutxi argitaratutako ikerketa batek erakutsi du 2025. urtearen erdialdean webgune berrien %35 inguru adimen artifizialak sortutakoak zirela guztiz, edo haren laguntzaz sortutakoak. Bilakaera da azpimarratzekoa: 2022. urtearen amaieran, ChatGPT merkaturatu aurretik, ikerketak ez zuen horrelako webgunerik aurkitu, eta, denbora gutxian, webgune berrien artean zerotik %35era pasatu da sintetikoen kopurua. Grafikoan ikusten denez, adimen artifizialarekin sortutako webguneen kopurua nabarmen handitu da 2025. urtearen erdialdean, eta litekeena da joera hori aregotu izana geroztik.

Ez da erraza jakitea zenbat testu sortu duen adimen artifizialak Interneteko itsaso zabalean. The Impact of AI-Generated Text on the Internet izenburuko ikerketaren egileek Interneteko Artxiboaren Wayback Machine erabili dute iturri bezala, ausazko lagin bat harturik. Webguneetako testuak adimen artifizialak sortuak ziren edo ez antzemateko, Pangram v3 aplikazioa erabili dute, oso emaitza fidagarriak ematen dituela frogatu ondoren.

Ikerketak beste galdera batzuei ere erantzun nahi izan die. Zenbait hipotesi jarri dituzte mahai gainean, eta frogatzen saiatu dira. Lehen hipotesia baieztatu ahal izan dute: adimen artifizialaren eraginez, uzkurdura semantikoa gertatu da Interneten. Adimen artifizialak sortutako testua ohikoago bihurtzen den neurrian, «ideia bakarren sorta eta ikuspuntu ezberdinen aniztasuna murriztu egiten da».

Egia kaltetuta suertatzen den hipotesia, berriz, ezin izan zuten frogatu. Adierazpen faltsuen ugaritzea bilatu dute, baina hautatako testuak egiaztatzen aritu direnean ez dute aurkitu horrelakorik. Baina ez dute baztertzen egiaztatzeko tresnek behar bezala ez atzematea faltsutasun kasu guztiak.

Testutik harago, musikaren eremuan ere ugaritzen ari dira eduki sintetikoak. Azkenaldian, adimen artifizial sortzaileak sortutako musikaren hazkunde handia atzeman dute streaming plataformetan. Javier Lacortek Xatakan argitaratutako artikuluaren arabera, Deezerrek dio egunero adimen artifizialak sortutako 75.000 abesti antzematen ari dela, Spotifyk azken hamabi hilabeteetan 75 milioi abesti ezabatu ditu, eta Apple Musicek onartu egin du iristen zaion musikatik heren bat adimen artifizialak sortutakoa dela.

Musikari dagokionez, arazoa ez da soilik katalogoaren kalitatea. Arazo ekonomiko bat ere bada. Artistek royaltyak kobratzen dituzte beren musikaren erreprodukzio kopuruaren arabera, baina denek poltsa beretik. Adimen artifizialak sortutako abestiek entzunaldi gehiago pilatzen duten neurrian, benetako musikari batek jasotzen duena gutxitu egiten da.

Egoera hori ikusirik, plataformak neurriak hartzen hasi dira. Deezerrek AAren antzemate automatikoa ezarri du, abesti horiek gomendio algoritmoetatik eta monetizaziotik kanpo uzteko. Bandcampek debekatu egin du adimen artifizialak sortutako musika. Apple Musicek gardentasun etiketa batzuk sortu ditu, edukiaren sorkuntzan adimen artifiziala erabili denean markatzeko. Spotifyk egiaztapen ziligu bat jarri du martxan, artista baten profilaren atzean gizaki bat dagoelako bermatzeko asmoz.

Informazio gehiago:

  • The Impact of AI-Generated Text on the Internet (Jonas Dolezal · Sawood Alam · Mark Graham · Maty Bohacek - Github)
  • Study Finds A Third of New Websites are AI-Generated (Matthew Gault - 404 Media)
  • Ha llegado un punto donde es difícil navegar por Spotify sin escuchar canciones IA. Y lo están pagando los músicos reales (Javier Lacort - Xataka)



Beste irakurgai interesgarri batzuk

Azken egunotan argitaratutako beste irakurgai interesgarri batzuk eskura dituzu jarraian:

  • Zinemari eta ikus-entzunezkoei buruzko saio bat sortu dute Primeran plataforman (Urtzi Urkizu - BERRIA)
  • Xenometer: mezu xenofoboak detektatzeko tresna (Itsaso Jauregi - BERRIA)
  • 'Artefaktua' literatur saioa 300. atalera iritsi da (Urtzi Urkizu - BERRIA)
  • Leire Ortubai Ibabe izan da aurtengo Komunikazioko GRALen BERRIA sariduna (BERRIA)
  • Battitt Crouspeyre: «Gero eta gauza txukunagoak egiten dakien jendea dago Kanalduden» (Urtzi Urkizu - BERRIA)
  • What types of news do Americans seek out or happen to come across? (Benjamin Toff - Pew Research Center)
  • The Evolving News Landscape: Comparing Media Habits and Trust Between Teens and Adults (NORC at the University of Chicago)
  • As platform pressure grows, elDiario.es bets on trust and reader-funded journalism (Neha Gupta - WAN-IFRA)


Zebrabidea

Bihar, maiatzak 4, Arrosa sareko Zebrabidea irratsaioan izango naiz (16:30ak aldera), buletin honen edukia hizpide.  Aurreko saioa hemen entzun dezakezu:Zebrabidea - Kazetaritza ardatz - 2026-05-04


Ilustrazioak: Pagoa Urzelai Etxebarria

Oraindik ez bazara harpidetu eta gehiago jakin nahi baduzu kazetaritzaren, kazetarien, hedabideen, informazioaren, desinformazioaren eta adimen artifizialaren inguruan, egin orain Kazetaritza ardatz buletinaren harpidetza.

Harpidetu



Horrelako mezu gehiagorik jaso nahi ez baduzu, egin klik hemen

Datu Pertsonalen Babesa
Datu Pertsonalak Babesteko Arautegia betez, jakinarazi nahi dizugu zure datu pertsonalak Euskarazko Komunikazio Taldea SA enpresaren tratamendu-sistemetan sartuta daudela BERRIA Taldearen zerbitzuak emateko, zurekin harremanetan jartzeko, zure interesekoa izan daitekeen informazioa bidaltzeko eta enpresaren administrazio lanak aurrera eramateko. Eskatutako zerbitzua gauzatzeko beharrezkoa izan daiteke zure datuak BERRIA Taldea osatzen duten enpresei, BERRIA Hedabideak fundazioari eta bestelako kolaboratzaileei uztea. Zure datu pertsonalen inguruko eskubideak edonoiz erabili ditzakezu. Era berean, edonoiz egin dezakezu gai honi buruzko bestelako edozein eskari. Hala egin nahi izanez gero, idatzi helbide honetara: BERRIA Taldea, Martin Ugalde kultur parkea; Gudarien etorbidea, z/g, 20140 Andoain (Telefonoa: 943-30 43 45) edo helbide elektroniko honetara:  datuenbabesa@berriataldea.eus. Informazio zehatzagoa eskuratu nahiko bazenu, gure webgunean aurkituko duzun "Pribatutasun Politika" irakur dezakezu.