Konponbideari begira

Analisiak

Euskal Presoak Manifestazioa Bilbon. ANALISIA

Goldagai berriak

 
Baimen galdeei emandako debeku erantzunen truke gaizto eta ernegagarri hartan egin ziren urteak. Testuinguru gaizto eta hotzetan. Eskaeraren zilegitasuna estaltzen zuten ekintzetan preso presoak, eta preso argudioak. Eta egin zuen ETAk urratsa; eman zuen pausoa. Joan dira bost urte baino gehiago. Berbera da eskaeraren zilegitasuna, parekoa argudioen indarra, baina ezberdina da testuingurua, eta ezberdina alde bakarrak egin duen salaketa alde askotatik egin ahal izateko goldagaia.

ETAk bere iragarpena egin eta hilabete gutxira egindakoa «kolosala» izan zen (2012). Presoen aldeko «aterki erraldoi» bat hurrena. Tantaz tanta osatutako «itsasgora» duela hiru urtekoa. «Argia bidean» duela bi urtekoan, eta «harriak ere mugitu» ziren iazkoan. Goiburuak adina deitzaile: Egin Dezagun Bidea; Herrira; EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Geroa Bai, ELA eta LAB —Herrira-ren kontrako polizia operazioa eta Tantaz Tanta-ren kontrako debekuaren ostean horiek—; Sare; eta Bagoaz. Jendetzak, batasun itxaropen apurtuak, presentziak, eta gehiegi nabarmendutako absentziak.

Eta non dira, beraz, goldagai eta testuinguru berriak? Egunotan, orrialde hauetan gelditu dira jasota. Luhusoko herri ekinaldian, EPPKren oinarrizko txostenean, giza eskubideen errespetua bilgune hartuta atzo hatz erakuslea altxatu zuten horien jardunean.

Gizarte zibilak erantzukizunari heldu diola ikusi zen Luhuson. Harekin zubiak ongi eraiki gabe erabakiak hartu dituela onartu du EPPK-k. Alde bakarrak egin duen salaketa alde askotatik egin ahal izateko goldagaia badagoela erakutsi zuen atzokoak. Egin daitekeela «aniztasunean» bide bat orain arte egin ez dena —edo egiten asmatu ez dena—, eta giza eskubideen aldarria bilgune gisa erabiltzea ez dela eskaera eduki politikoz hustu edo urardotzea.

«Urte askoan gizatasuna kendu diete presoei. Eta orain oso erraza da horiei gizalegea ez aplikatzea. Gizartearen sektore askok onartu egiten dute. Diote: 'Guztien giza eskubideak errespetatu behar dira, baina...'» dio Bea Ilardiak orriotan. «Eta gakoa da 'baina' horren atzetik datorrena», Begoña Atxak. Anaiz Funosas Bake Bideakoak «irabazle-irabazle eskeman den» gizarte zibil baten beharra nabarmendu zuen asteartean. Badago, bai, goldagaia.

Publizitatea