GAL

Elkarrizketak

Jose Luis Oliva Gallastegi

"Ez zaizkit etorri barkamena eskatzera, eta ez dut horrelakorik nahi"

Berria


1984ko uztailean, Donibane Lohizuneko Consolation ostatuan egindako atentatuan zauritu zuen GALek Oliva Gallastegi. Atentatuaren ondorioz, bi egonaldi egin zituen erietxean, eta hainbat ebakuntza egin zizkioten. Atentatu haren ondorioak pairatzen ditu oraindik.


Nola gogoratzen duzu GALen atentatua?


1984ko uztailean izan zen. GAL abiatua zegoen, eta neurriak hartzen genituen atentatuak saihesteko. Bi hilabete pasa neramatzan ostatuetan sartu gabe. Argi erran ziguten GALek begiz joak zituela iheslariak ibiltzen ziren ostatuak. Haien jomugan geunden. Guardiak egiten genituen, elkarri laguntzen genion etxera eta elkar zaintzen genuen. Baina egun horretan ospakizun bat genuen, eta horregatik joan ginen Consolation ostatura. Orduan erre zitekeen ostatu barnean, baina ni atera joan nintzen. Bertatik ikusi nuen motor susmagarri bat, baina ez nuen deus erran, ez nuelako aztoratu nahi inor. Jende pila zegoen bertan, 35-40 lagun inguru, eta horietan iheslari anitz. Lehergailua leihotik jaurtiki zuten barnera. Zortea izan genuen, leihoan jo zuelako eta lehergailu zorroa kanpoan gelditu zelako. Bakarrik leherkaria sartu zen barnera, alegia, dinamita zama eta arrantzarako beruna. Sentitu nuen lehertu bezain laster zerbaitek kolpatu ninduela bizkarrean. Segundo baten hamarrena izango zen, baina sentitu nuen nola eramaten ninduen uhinak. Hiru metro ingurura jaurtiki ninduen. Konortea galdu nuen, baina gogoratzen dut sena eskuratu nuela berehala. Ez ziren ezta bi minutu ere pasatu, eta han zegoen Polizia.


Zer erran nahi duzu horrekin?


Kointzidentzia handia dela atentatua gertatzea eta bi minuturen buruan Polizia bertan egotea. Han zeudenek hartu ninduten, eta berehala eraman ninduten erietxera.


Zenbat denbora egon zinen bertan?


Lehen egonaldian, hiru hilabete. Baina gerora itzuli behar izan nuen, eta bertze hilabete bat-edo egongo nintzen bertan, egin zidaten azken ebakuntzaren ondorioz. Atentatu horrek ondorio ugari utzi dizkit. Oraindik metraila puskak ditut gorputzean, bizpahiru bederen. Bederen zortzi ebakuntza egin behar izan zizkidaten. Heldu zen une bat non sendagileek erran zidaten ezin zidatela anestesia gehiagorik eman. Ez zen menturatzen gehiago ematera. Azken ebakuntzan bihotz arazoak izan nituen. Ez zen ausartzen. Artak anestesiarekin egin behar zizkidaten, baina heldu zen momentu bat non morfinak ez zidan deus egiten. Orduan erran zidaten ezin zidatela anestesia gehiagorik eman eta sufritu behar nuela artatzea egiteko. Gorriak ikusi nituen. Gertatu diren gauzak dira.


Atentatuaren ondotik norbait sartu da zurekin harremanetan, izan dadin Frantziako administrazioa, Eusko Jaurlaritza edo Espainiakoa?


Niri ez zait nehor etorri. Izan dudan harreman bakarra nire abokatuarekin izan zen.


Herren zabiltza geroztik. Damu-domaiarik edo eman dizute?


Atentatua gertatu ondoren, bi urte eta erdiz-edo makuluekin ibili behar izan nuen.


Atentatuan zauritu gehiago egon ziren. Haiekin ere ez dira harremanetan sartu?


Zauriturik izan ginenak lagun taldekoak ginen, Pantxo eta Juanmi Lizuria. Nik eraman nuen parterik txarrena, lehergailuak bizkarrean eman zidalako, uhina geldituz. Baina ez, ez dira harremanetan sartu inorekin.


Zer zen GAL zuentzat?


PSOEK antolatutako talde bat izan zen GAL. Jakina da. Eskuineko jendearekin. Jakin nahi nuke, orain Galindo ikusi dudala libre... Gogoratzen dut nola egun batez, Pannecau kaletik nindoala Zibururantz, makuluen gainean, han ikusi nituela Galindo jenerala bertze batekin, nire ustez Santamaria. Donibane Lohizunen zeuden, gaueko hamarrak aldera. Orotara, lau ziren. Zer egiten zuten han? Gustura galdetuko nioke ia nitaz gogoratzen den.


Bertze behin, lagun baten etxera nindoan. Usaian aski begi zorrotza izan dut atentatuak saihesteko, salbu Consolationeko atentatuan. Baina egun horretan ikusi nuen nola bi pertsona zeuden han etxebizitzaren azpian. Ramon Basañezen zain zeuden. Bazkaltzeko hitzartu ginen. Atera ginelarik, ikusi nuen bi gizon zetozkidala, zuzen nigana. Itzulia eman nuen, eta etxera joan nintzen. Erran nion Basañezi azpian zituela beha. Jaitsi ginen, eta ihesari ekin zioten. Ostirala edo larunbata zen.


Biharamunean Zuberoara joan nintzen euskara ikastaro bat egitera, Mendin. Eta astelehenean GALeko batek tiro egin zuen urrunetik, eta gurekin euskara ikasten ari zen Tigre [Eugenio Salazar] hil.


GALen presentzia eta iheslarien segipena etengabea zen orduan?


Bai. Hainbatetan saiatu dira iheslarien kontra egiten, eta ezin izan dute, ikusi ditugulako edo gaizki atera zaielako. Baina argi dut hainbatetan saiatuko zirela eta ezin.


Hogeita hamar urte pasa eta, atentatuaren ondorio nabarmenak pairatzen dituzu. Laguntza publikorik ba ote duzu?


Nire egoera dela-eta Frantziak elbarritzat hartu nau, eta horren araberako laguntza jasotzen dut, baina ez du deus ikusteko aitorpenarekin. Erretiroa hartu dut. Atentatuen ondorioengatik ez didate deus eman. Alde batera utzita naukate, ahaztuta. Ez zaizkit etorri barkamena eskatzera, eta ez dut horrelakorik nahi. Borroka hau ez da sortu berez, Francoren gerran sustraitua dago. Francok Euskal Herrian egin zituen triskantzengatik. Eta horrengatik nehork ez du barkamenik eskatzen. Ahaztea ezinezkoa da. Burmuina badabil oraindik, eta noizbehinka lokamutsak ditut orduko mugimenduak gogoratuz, atentatua, zauriak.


2013an gaude, eta arrazoi politikoengatik nago hemen. Ezin banaiz etxera joan, beldurrarengatik ezin naiz joan. Beldur naiz. Orain guardia zibil bat edo Espainiako polizia nazional bat ikusiko banitu, bihotzekoa ukanen nuke. Aterabide politikoa behar da. Zer egiten dute oraindik Euskal Herrian Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak?


Gora