GAL

Ondorioak

  1. Estrategia aldaketa

    Martxelo Otamendi, 2013-10-09an.

    ETAren aurkako borrokan bi estrategia nagusi eta desberdin erabili dituzte Espainiako gobernuek: gerra zikina eta estrategia juridiko-legala.


    Iñigo Iruin abokatuak 1994ean Galtzaundi Foroan eskainitako hitzaldia. Honen ondorengoak dira Lasa-Zabala eta Marey auziak
    Iñigo Iruin abokatuak 1994ean Galtzaundi Foroan eskainitako hitzaldia. Honen ondorengoak dira Lasa-Zabala eta Marey auziak(PDF).

    Jakina da GAL baino lehenago izan zela Ipar Euskal Herrian gerra zikina, Espainiako gobernuek bultzatu eta baimendua. Ondoren ere bai, eta batzuetan Euskal Herritik kanpo.


    GAL egin da deigarri eta gogoangarri, era antolatu eta egituratuan egin zutelako. GALen aurrekoa ere antolatua zen, Espainiako zerbitzu sekretuek egina eta sustatua izan zelako. Baina GALekin eman zuten Espainiako gobernuek jauzia, ondorio judizialak ministro batenganaino iritsiz.


    Sozialistak lehen aldiz gobernura iritsi eta oso gutxira hasi zen GAL. Urtebeteko aldea ez dago Felipe Gonzalezek kargua hartu zuenetik (1982ko abenduaren 2a) eta Lasa eta Zabala bahitu zituzten arte (1983ko urriaren 15a). Historiara pasatu den esaldi hau esan izana leporatzen diote Felipe Gonzalezi: "Niri militarrek ez didate estatu kolperik emango". Alegia, ETAren jardun gogorrarekin suminduta zeuden militarrak lasaitu eta asetzeko bidea ere bazen gerra zikina egituratua Ipar Euskal Herrian.


    Nahi adina aldiz errepikatu lezake Felipe Gonzalezek ez daukala zer ikusirik GALen sorrera eta garapenarekin, baina ezin izango du saihestu jende askoren konbentzimendua. Ezin da horrelako egitura antolatu, garatu eta babestu gobernuko presidenteak aurretik, edo sortu eta berehala, jakin eta oniritzia eman gabe.


    Termino politikoetan esanda, krudela dela onartuta, efikaza izan zen GAL; epe laburrean batik bat. Beldurra eta izua zabaldu zituen euskal errefuxiatuen artean, jogarriak zirela sentiarazi zien, gatazkarekin lotura zuzena ez zeukaten herritarrak urrundu egin zituen errefuxiatuen guneetatik, eta Frantziako Gobernua behartu egin zuen askoz neurri gogorragoak hartzera.


    Baina garesti ere izan zen GAL PSOEko gobernuentzat. Gerra zikina ordura arte Europan ezaguna ez zen mailara eraman zuen, moduagatik eta intentsitateagatik; eta gobernu horien izena zikintzen hasi zen Europan barrena. Hainbat kazetarik egindako lanari esker, askok uste zutena frogatuz joan zen, alegia, Espainiako Estatuaren egiturek parte hartu zutela GALen ekintzetan. Gero eta gorago ari zitzaion iristen ura Felipe Gonzalezi gerra zikinaren ondorioekin. Eskandalua eskandaluaren atzetik, 1996an galdu zituen aurreneko aldiz Espainiako hauteskundeak buruzagi sozialistak.


    ETAren eta ezker abertzalearen aurka jotzeko aro eta estrategia berri bat zabaldu zen 1996ko Aznarren garaipenarekin. "Aurrekoek legalitatetik kanpo ibili dira ETAren aurkako borrokan; guk legalitatetik egingo dugu" esaldiak laburbiltzen du aldaketa. Ezin zuen gerra zikina klasikoaren bidetik segitu, denborarekin Felipe Gonzalezi eta sozialistei hauteskundeetan egin zien kaltea ikusita. Baina orduko legalitatea estua zen Aznarrek egin nahi zuena egiteko; eta legalitatea aldatu, zabaldu beharra zeukan. Legalitatea eta berau ulertu eta interpretatzeko modua ere zabaldu beharra zeukan. Hiru arlotan landu zuen estrategia: parlamentuan, auzitegietan eta nazioarteko kolaborazioan.


    Ez zeukan presarik Aznarrek; denbora bere alde zeukan, eta estrategia ondo marraztuta. Parlamentuan, ez zeukan 1996an gehiengorik, baina bai nahiko laguntzaile, nahi zituen lege aldaketak aurrera ateratzeko. Auzitegietan, bere tesiekin bat egingo zuten epaile eta fiskalak behar zituen. Nazioartean, oso ondo erabili zuen 2001eko AEBetako atentatuek sortu zuten elkarlana.


    Sozialisten gerra zikinaren ondoren, bere buruaz beste egitea zatekeen berriro estrategia horrekin abiatzea. Europan homologarria izango zen estrategia bat behar zuen Aznarrek; legala, auzitegiek bedeinkatua, eta legebiltzarren gehiengoen oniritziarekin. Eta, gerra zikinaren kalte humanoak ahaztu gabe, askoz efikazagoa izango zena. Homologarria eta efikaza.


    Giro horretan, "dena da ETA" irizpide suntsitzailea jarri zuen martxan Garzon epaileak, ezker abertzalea jomugan jarriz. Ezker abertzalekoak ziren eta ez ziren erakundeen aurkako ehiza hasi zuen Garzonek, Espainiako Gobernuaren, Kongresuaren, alderdi gehienen eta komunikabide handienen babesarekin. Helburu nagusia lortzeko, aldatu beharreko legeak aldatu zituen Espainiako Kongresuak, eta sortu beharreko legeak sortu. Legeen, Zigor Kodearen eta jurisprudentziaren irakurketa askoz zabalago eta orohartzaileago egin zituzten epaitegietan, ordura arte astakeria judiziala zena irizpide onartu eta txalotua bihurtzeraino.


    Zapalgailu legeztatu horren kaltetuek askoz zailago eduki zuten elkartasuna eskuratzea, gertatzen ari zena salatzeko orduan entzunak izatea, atzerrian batik bat; Espainiako gobernuak egiten ari zirena erabat legala zelako.


    Estrategia horren lorpen gorena Alderdien Legeari Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak eman zion bermea izan zen. Erabat ad hoc, ezker abertzalearen neurrira egindako lege bati, Zuzenbide Konstituzionaleko hainbat adituk eta jurista askok gogor kritikatu zuten lege horri, baiezkoa eman zion Estrasburgok, giza eskubideen alorreko Europako agintari nagusiak.


    Arestian esan bezala, dena legalitatearen barruan.


    Estrategia berri horren kalteak pairatzen ari den jende asko dago oraindik Euskal Herrian, testu hau idazteko orduan, Madrilera bidean dozenaka euskal herritar doazelako auzi aretora asmatutako akusazioei aurre egitera.