Konponbideari begira

Berriak

Azken lerroak idazteko gogoz

Sakabanaketak eragindako hamasei hilen memoria eta aitortza aldarrikatu du Etxerat-ek 'Gutun mezulariak' antzezlanarekin. Senideen «sufrimendua» islatu nahi izan du lau eskutitzetan
Maddi Argote dantzaria jauzi egiten, 'Gutun mezulariak' ikuskizunean. Haren aurrean, Ane Artetxe harpa jotzailea, eta atzean Kimu txalapartari bikotea.
Maddi Argote dantzaria jauzi egiten, 'Gutun mezulariak' ikuskizunean. Haren aurrean, Ane Artetxe harpa jotzailea, eta atzean Kimu txalapartari bikotea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

2019-11-24 / Imanol Magro Eizmendi

Ez egon triste, hau ez da betirako izango. Idazten ari naizen hau azken gutuna izan dadila espero dut», esaten dio amamak, Onintza Enbeita bertsolariaren ahotsean, Laia bilobari, hark bere atsekabea aitortzen dionean. Preso baten ama denak «senideek pairatutako sufrimendua» azaltzeko premia sentitzen du bere izkribuan: «Urruntzea eta dispertsioa eraso krudela dira. Espainiako Estatuan dagoen espetxe politika zigorra da senideentzat, presoak maitatzen ditugunentzat eta haiekin lotura afektiboa mantentzen dugunentzat zuzendua. Sufrimendu hori ezin daiteke mantendu, ez baita justua, ezta humanoa ere. Bidezkoa da amaitzeko eskatzea». Eskaera amaitzean, Etxerat elkartearen ikur den kinkea bakarrik gelditzen da oholtzaren erdian. Piztuta dago, nahita, amamaren nahia bete arte presoen senideek ez baitute ikusten hura itzaltzeko arrazoirik.

Amamak gizarteari idatzitako eskutitza da Gutun mezulariak antzezlanaren bizkarrezurra osatzen zuten lau eskutitzetako azkena. Etxerat elkarteak Gernikako (Bizkaia) Lizeo antzokian taularatu zuen atzo. «Dispertsioak eragindako hamasei hildakoen memoria eta aitortza aldarrikatzen ari gara, herri honen konponbidean eta elkarbizitzan aurrera joan ahal izateko», azaldu zuten Urtzi Errazkin eta Patricia Velez elkarteko kideek. Momentuz, atzokoa izango da emanaldi bakarra.

Antzokiko 340 eserlekuak bete ziren. Bertan, euskal presoen eta presoak bisitatzera joanda trafiko istripuetan hildakoen senideak bildu ziren; haien alboan, hainbat sindikatu, gizarte erakunde eta alderditako kideak: EAJ (Ainhoa Salterain eta Jesus Lekerikagogeaskoa), EH Bildu (Jon Iñarritu, Julen Arzuaga eta Egoitz Garmendia) eta Elkarrekin Podemos (Pili Zabala eta Eneritz de Madariaga). Kanpoan euria barra-barra bota zuen, errepidera irtetearen arriskuaren metafora makabro gisa. Hasi aurretik, ikusle askok estu besarkatu zuten elkar, kilometro luzeko bideetan elkar topo egiteak josten duen konfiantzarekin.

Hasteko, rapa

Amamak eskutitzak kutxa batean zituen, eta banaka irakurri zituzten. Aurrenekoa, baina, umearena da, Peru Del Hoyo RapPeru-k abesturikoa, Julen Alberdi gitarra jotzailearen doinuan. Fisikari izan nahi duen umeak, «telegarraioa asmatu eta Murtziara lehenago iristeko»; motxilan daraman «zama» noiz kenduko duen galdetzen du errimaz errima, baina ez du erantzunik jasotzen: «Justizia zelan ulertu; ez bazaitut gertu; nik ez dudala bonbarik lehertu; ezin dut ulertu; inozentea banaiz zergatik infantzia didate kendu? kondena niretzat ezarri zutela sarritan ematen du».

Dantzarekin eta musikarekin uztartu zituzten hitzak. Ane Artetxe harpa jotzaileak, eta Kimu txalapartari bikoteak (Sergio Lamuedra eta Julen Laskibar) doinu ederrez jantzi zuten ikuskizuna, eta Maddi Argote dantzariak bi saio eder egin zituen. Bigarren eskutitza alzheimerrak jota dagoen ama batena da, Jon Maia bertsolariak idatzi eta irakurria. Ez duela inoiz ahaztuko promes egiten dio alabari, eta «alzheimerra txarra bada, okerragoa dela amnesia historikoa», esaten dio. Urrun egon arren, «arimarentzat barroterik ez dagoela» gogoratuz agurtzen du alaba.

Irati Jimenez idazlea ageri da hirugarren gutunaren igorle, baina Rita Naveirak irakurri zuen. Izen berezien sorta luze bat errezitatu zuen: «Pilar eta Alfonso, Rosa eta Arantza, Iñaki eta Asier, Atxoni, Jose Mari, Mari Carmen, Ruben, Iñaki, Argi, Sara, Leo, Karmele eta Natividad», 1989an sakabanaketa politika indarrean sartu zenetik espetxetarako joan-etorrian trafiko istripuetan hildakoen izen propioak dira. «Hamasei malko, hamasei muxu, hamasei lokutorio huts...». Horrela deskribatzen du haien hutsunea, biktima izaera aldarrikatzeaz bat.

Laugarren gutuna Enbeitak irakurritakoa izan zen, Mikel Etxaburu Etxerat-eko kideak idatzia. Aurrera begira idatzitakoa da; konponbideak eskatu eta gizartea interpelatzen du. Taularatzen azkenak Iker Lauroba eta Ainhoa Larrañaga izan ziren, Anatomia eta askatasuna kantua abesteko bi ahotsetara. Hura ere etorkizunera begira idatzitakoa. Azken protagonista kinkea da, isiltasunean.

Publizitatea