Konponbideari begira

Berriak

Konponbideari begira

Zapatero: «Jardun armatua betiko bukatzeko politikari erabakigarria izan zen Otegi»

Espainiako gobernuburu ohiak Antena3 katean egin ditu adierazpen horiek. Biak iaz Txillarren kasik sei orduz bildu ziren. 2005-2007an elkarrizketa prozesu bat izan zen; 2009an, berriz, 'Bateragune auziko' operazioa, Moncloan Zapatero zegoela.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia, gaur, Antena3 katean. ©
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohia, gaur, Antena3 katean. ©

2019-11-29 / Enekoitz Esnaola

«Historiarako, egiarako, [ETAren] jardun armatua behin betiko bukatzeko politikari erabakigarria izan zen Arnaldo Otegi. Datu objektibo bat da hori». Hala esan du gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu ohiak (2004-2011) Antena3 telebista katean, Espejo Público magazineko elkarrizketa batean.



Iazko irailean Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Zapaterok bilera bat egin zuten Elgoibarren (Gipuzkoa), Txillarre baserrian. Hain zuzen, 2000ko hamarkada hasieran Otegik eta ezker abertzaleko beste kide batzuek Txillarren bake eta konponbide prozesu bat eraikitze aldera hainbat bilera egin zituzten Jesus Egiguren PSE-EEko orduko presidentearekin eta alderdi sozialistako beste agintari batzuekin. Zapaterok esan du garai hura beretzat «transzendentala» izan zela. «Otegi egiten ari zena eta haren adierazpen bakoitza intentsitatez segitzen nituen. Haren ekarpena erabakigarria izan zen indarkeriaren bukaera ikus genezan. Gero bakoitzak bere iritzia izan dezake Otegiz, baina nik badakit politikari erabakigarria izan zela. Hori egingo zuen alternatibarik jadanik ez zutelako edo dena delakoagatik, baina hori hala da».



Espainiako gobernuburu ohi eta PSOEko idazkari nagusi izandakoak Antena3n azaldu du iaz Otegirekin ia sei orduz bildu zela Txillarren. «Azken urteetan gertatutako guztiaren errepaso bat izan zen, eta, gainera, ETAren sorreraz eta ibilbideaz modu zabal batean hitz egin genuen, eta hori egitea ona da demokrazian. Nik helarazi nion oraindik ibilbide garantzitsu bat egiteko dutela, errua euren gain hartzeko eta eragindako minagatik biktimengandik askoz gertuago egoteko. Entzun egin ninduen, eta uste dut kontuan hartzeko saioa egin zuela».



EH Bildurekin hitz egitearen alde azaldu da Zapatero. «Bilduren tesietatik oso urrun egon daiteke norbera, baina hori [harekin hitz egitea] da egin genuen hitz emate demokratikoa». PSOEren gobernua ofizialki eta jendaurrean ez da EH Bildu mintzatzen, nahiz eta gero badiren harremanak. Maria Txibite (PSN) Nafarroako Gobernuko lehendakariak asteon bilera bat egin du EH Bildurekin 2020ko aurrekontuak negoziatzeko, aurrez hala iragarri ostean.



2005-2007an, elkarrizketa prozesua



Zapatero 2004ko martxoan heldu zen Espainiako Gobernura, PPri lekukoa hartuta. 2005eko maiatzean, gobernuak ETArekin elkarrizketa izatea baimentzeko baldintzei buruzko ebazpena onartu zuten Kongresuan. Urte hartako ekainean egin zuten lehen bilera ETAren eta gobernuaren ordezkariek, Genevan (Suitza), eta urte amaieran lortu zuten prozesu bat abiatzeko oinarrien akordioa. ETAk su-eten iraunkorra eman zuen 2006ko martxoan, eta ekainean Zapaterok Kongresuan adierazpen batean esan zuen euskal herritarren hitza errespetatuko zuela: «Demokraziak ez du inolako prezio politikorik ordainduko bakea lortzeko. (…) Zoritxarrez, jarraitu egin dute indarkeriak, mehatxuek eta izuak. Egoera hori amaitzeko aukera dugu, eta iraganeko printzipioetan eta printzipio demokratikoetan oinarrituta esan nahi dizuet gobernuak errespetatu egingo dituela euskal herritarrek askatasunez, legezko arau eta prozedurak, metodo demokratikoak eta herritarren eskubide eta askatasunak errespetatuta, eta inolako indarkeria eta mehatxurik gabe hartutako erabakiak (…)».



Madrili urraketak leporatuta, ETAk, artean su-etenean zela, atentatu bat egin zuen 2006ko abenduaren 30an Barajas aireportuan —bi lagun hil zituen—, eta prozesua kolpatuta geratu zen. Hala ere, 2007ko maiatzean bi ordezkaritzak berriro batzartu ziren Genevan —Batasunaren eta PSE-EErenak ere bai, euren aldetik—, baina ez zuten aurrera egin. 2007ko ekainean su-etena amaitutzat eman zuen ETAk.



Ezker abertzaleak 2010ean estrategia aldatu ondotik, ETAk 2011ko urriaren 20an jarduera armatua betiko bukatu zuela jakinarazi zuen. ETAk eta Espainiako Gobernuak aurrez, nazioarteko komunitateko kide esanguratsu batzuk bitartekari zirela, hitzartu zuten gatazkaren ondorioez Oslon elkarrizketa gunea zabaltzea, baina 2011ko azaroan PPk irabazi zituen Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, gehiengo osoz, eta haren gobernua ez zen azaldu Osloko gunera. 2013ko martxoan desegin zen mahai hura.



'Bateragune auzia', gobernuburu Zapatero zela



Moncloan Zapatero zegoela gertatu zen Bateragune auzia: Espainiako Poliziak Otegi eta ezker abertzaleko kide batzuk atzeman zituen, Baltasar Garzon epaileak aginduta, ETAren esanetara ari zirelakoan. 2009ko urriaren 13an egin zuten operazioa, ezker abertzalea estrategia aldatzeko barne eztabaida hastear zela izan zen. 2011n izan zen epaiketa, Auzitegi Nazionalean, eta bost zigortuek denera ia 31 urte egin zituzten preso: seina urte Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak, eta Arnaldo Otegik eta Rafa Diezek bakoitzak kasik sei urte eta erdi. Jardun publikorako inhabilitazio zigorrak ere jaso zituzten, eta Otegiri baino ez zaio falta betetzeko —2021eko otsailera artekoa du—.



Duela urtebete, ordea, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen auzikoek ez zutela epaiketa justua izan Auzitegi Nazionalean, epaimahaia ez zelako «inpartziala» izan. Europaren ebazpena aurtengo otsailean bihurtu zen irmo, eta defentsari aukera zabaldu zitzaion Gorenean horren epaiaren (2012) berraztertze helegitea aurkezteko. Gorenak duela bi aste eman zuen baimena, eta defentsak gaur aurkeztu du helegitea. Sententzia baliogabetzeko eskatu du eta kontrako neurri denak bertan behera uzteko. Gorenak ez du epe zehatz bat ebazpena emateko.

Publizitatea