Bateragune auzia

'Bateraguneko' defentsak baimena du berraztertze helegitea aurkezteko

Bi asteko epea dauka eta Gorenaren epaia baliogabetzeko eskatuko du. Otegi inhabilitatuta dago

Bateragune auziko auzipetuak, 2011ko ekainaren 27an, Espainiako Auzitegi Nazionalean, epaiketan. ANGEL DIAZ / EFE.
enekoitz esnaola
2019ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auziko epaiaren berraztertze helegitea aurkezteko baimena eman dio defentsari; beraz, aukera egongo da Gorenak auziaz 2012an emandako sententzia bertan behera geratzeko, eta, horrela, Arnaldo Otegiren inhabilitazioa baliogabetzeko. Hori eskatuko du defentsak. Atzo jakinarazi zuen autoa Gorenak, eta defentsa abokatuek bi asteko epea dute berraztertze helegitea aurkezteko, han. Gorenak fiskaltzari igorriko dio defentsaren idatzia, eta ondoren erabaki egingo du. Ez dauka epe jakin bat jakinarazpena emateko, baina defentsak uste du azkar egin ahal dela.

Europaren ebazpen batek behartuta aztertuko du Gorenak 2012ko maiatzaren 7an Bateragune auzian eman zuen epaia. Iazko azaroaren 6an, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen auzikoek ez zutela epaiketa justua izan Auzitegi Nazionalean (2011), Angela Murillo epailea ez zelako «inpartziala» izan. Estatuaren Abokatuak ez zuen Estrasburgoren sententziaren aurka helegiterik aurkeztu, eta Europaren ebazpena aurtengo otsailean bihurtu zen irmo. Orduan, defentsari aukera zabaldu zitzaion Gorenean horren epaiaren berraztertze helegitea aurkezteko, eta apirilean egin zuen baimen eskaera. Fiskaltza helegitea aztertzearen alde agertu zen irailean, eta gaia epaileen esku geratu zen, hil bereko 26an. Gorenak atzo eman zion defentsari helegitea aurkezteko baimena, Manuel Marchena, Julian Sanchez Melgar eta Susana Polo Garcia magistratuen auto baten bitartez.

'Atutxa auziko' aurrekaria

Euskal gatazkari lotuta, berriki izan da antzeko kasu bat, Atutxa auzia deiturikoan, zigortuen aldekoa. Duela bi aste jakin zen Gorenak baliogabe utzi duela Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidente ohiari eta Kontxi Bilbao eta Gorka Knörr mahaiko kide izandakoei Sozialista Abertzaleak legebiltzarkide taldea ez desegiteagatik 2008an ezarritako zigorra —aginte judizialari desobeditzea egotzita inhabilitatu egin zituzten—. Baliogabetzearekin Gorenak bide eman dio Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2017an zigor haren aurka erabakitakoari. Estrasburgok ebatzi zuen Atutxaren-eta eskubideak urratu egin zirela haien kontrako epaiketan.

Gorenak autoan azaldu du Europaren epaia nahikoa arrazoi badela berraztertze helegitearen sarrera baimentzeko, Prozedura Kriminaleko Espainiako Legearen 954. artikuluaren arabera. Artikuluak dio helegitea jar daitekeela estatuko epai irmo baten aurka, Estrasburgoko auzitegiak gerora adierazten badu epai horrek Europako Konbentzioa eta bertan jasotako giza eskubideak eta askatasunak urratu dituela, eta kalteek irauten badute —inhabilitazioa— eta ezin badira eten helegitea ez den beste baten bidez.

Bateragune auziko bost zigortuek beteak dituzte kartzela zigorrak, osorik, baina Otegik indarrean dauka inhabilitazioa, 2021eko otsailera artekoa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020ko irailean lirateke, epeak betez gero. 2016koetan ezin izan zen aurkeztu inhabilitazioagatik.

2009ko urriaren 13an izan zen Bateragune auziko operazioa. Auzitegi Nazionalak, 2011ko irailean, zigor epaia eman zuen Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezen aurka, ezker abertzalearen estrategia berria aurrera eramateko ETAren aginduetara ari zirela iritzita. Gorenak epaia berretsi zuen 2012an, espetxe urteak pixka bat gutxituta —inhabilitazioak ez—. Konstituzionalak, 2014an, Gorenaren erabakia ontzat jo zuen. Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez 2015eko urriaren 11n geratu ziren libre. Otegi, 2016ko martxoaren 1ean. Diez, 2017ko abuztuaren 17an, aurretik 17 hilabetean baldintzapean aske egon zelako.

Beste ate bat zabalik

Otegiren inhabilitazioaz badago beste ate bat zabalduta Espainiako Estatuan: Konstituzionalak, iazko abenduan, tramiterako onartu zuen Iñigo Iruin abokatuaren babes helegitea. Konstituzionalak jarrera aldatu zuen Europaren azaroko epaiaren ondoren, onartuta ezarri gabe daukala hautagai izatearen «oinarrizko eskubideari» buruzko doktrina. Ez du erabakia emateko eperik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.