Konponbideari begira

Analisiak

Beste espetxe politika bat: gizatiarra eta legezkoa

 

2020-03-05 / Joseba Azkarraga, Iñaki Lasagabaster eta Ramon Zallo - Sare Herritarra elkarteko kideak

Gaur egun 208 euskaldun daude preso Espainian, 40 espetxetan sakabanatuta, desagertutako ETA erakundearekin lotura zuzena edo zeharkakoa izan dutelako. Beste 37 Frantziako 10 espetxetan ari dira betetzen kondena. Preso horien %80 400 kilometrora edo urrunago daude, eta asko, 900 kilometro baino urrunago. Senideek bisitarako egiten dituzten bidaietan, 347 istripu baino gehiago izan dira azken 30 urteetan; 16 pertsona hil dira, eta 1.000 baino gehiago zaurituta suertatu dira. Senide presoaren urruntze horren batez besteko kostua 20.000 euro da urtean, familiako. Hamasei presok gaixotasun larri sendaezinak dituzte, eta beste lauk, buruko gaixotasun larriak.



Ia hamar urte pasatu dira ETAk azken atentatua egin zuenetik (Frantzian), eta ia 11 urte Espainian egindako azken atentatutik (bi guardia zibil erail zituen Mallorcan). Bestalde, bederatzi urte pasatu dira ETAk behin betiko su-etena iragarri zuenetik; hiru urte armagabetu zenetik, eta ia bi desagertu zenetik.



Estrategia hau 1989an hasi zen, Felipe Gonzalezekin, eta terrorismoaren aurkako politikarekin lotu zen, presoak ETArengandik urruntzeko eta modu indibidualean erakundea uzteko aukera errazteko, aldez aurretik hirugarren gradua eskatuta. Baina politika horrek ez zituen lortu adierazitako helburuak, ETAk 22 urte geroago utzi baitzuen indarkeria, eta tarte horretan ez zelako desertziorik izan, kasu gutxi batzuk kenduta. Bitartean, urruntze-politika horri eutsi zaio, kalte nabarmenena preso horien senideei eraginez. Absurdo ankerra, iritzi publikoak eta EAEko eta Nafarroako parlamentuek arbuiatutakoa.



Presoen kopuru nabarmen bat hurbiltzeko erabakiak kasu gutxitan hartu dira, beti ETAren su-etenei lotuta, edo PPren zein PSOEren gobernuekin izandako negoziazioei lotuta. Erakundea bere kabuz desegin ondoren, arrazoi gehiago daude presoak hurbiltzeko.



Oso bestelakoa da Frantziako administrazioaren jarrera, Frantzian preso dauden gehienak haien jaioterritik hurbilago dauden espetxeetara aldatu baitituzte.



2013an, EPPK euskal presoen kolektibo handienaren adierazpen batean, egindako mina aitortu zuten eta, espetxe-erregimena normalizatzeko, legeria erabiliko zutela jakinarazi zuten. Pedro Sanchezen gobernuak 30 lekualdatze egin ditu —gehienek ez dute eragin hurbiltze adierazgarririk— eta 28 gradu-aldaketa. Baina, argi dagoenez, datu horietan oinarrituta ezin da esan espetxe-politika aldatzen ari denik.



Zuzenbideak izan behar du giza harreman guztien ardatz, baita espetxean daudenen kasuan ere, eta horrek betebehar bat dakarkio Estatuari, hainbat arlotan: presoen osasuna eta ongizatea, familia-bizitzarako eskubidea eta graduz aldatzeko aplikatu beharreko araubide juridikoa. Gaur inoiz baino beharrezkoagoa da, salbuespeneko espetxe-politikaren ordez, normalizatuago bat ezartzea, justizia berrezartzailearen ikuspegitik. Justizia berrezartzailea egokia da iragate politikorako, oreka lortu nahi baitu printzipio juridikoen (egia, justizia, berrezarpena eta berriro ez gertatzeko bermea) eta berradiskidetze politikoaren, bakea iraunkorraren eraikuntzaren eta biktima guztiekiko errespetuaren artean.



Justiziak ezin du amnesiarik izan, baina haren interpretazioa eta jardun politikoa eta espetxe-jarduna ezin dira izan normalizazio soziopolitikoaren kontrakoak. Euskal gizarteak egoera hau gainditu nahi du, bake justu bat lortzeko, oroimena baztertu gabe, baina faktura erantsirik eta aldeen interesei men egin gabe.



Batzuek aldarrikatzen duten «garaileak eta garaituak» egoerak berekin dakar gatazkaren eskemari edo helburu bakartzat mina egitea duen eskemari —talioaren legearen aldagai gisa— eustea, eta, gaur egun, jarrera horrek ez du inolako baliorik jada ETA ez baita existitzen.



Oroimena, biktimentzako arreta eta espetxeetako egoera erregularizatzea, hiru horiek dira elkarbizitzarako eta normalizaziorako esparru batera iristeko aurrebaldintzak. Arlo horretan, giza eskubideak eta legezkotasuna uztartuko dituzten erabakien alde egiten dugu.



·Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak eta adin handiko presoak (70 urtetik gorakoak) espetxetik ateratzeko, aukera hauek ematen ditu legeak: Zigor Kodearen 60. eta 80. artikuluetan kondena etetea; Zigor Kodearen 91. artikuluan baldintzapeko askatasuna (bizitzarako arrisku «nabarmena» badago); erdi-askatasuneko erregimenak edo zigorraren betetze arindua (hirugarren espetxe-gradua, Espetxeen Erregelamenduaren 104.4 artikulua, edo bigarren gradua, 100.2 artikulua aplikatuta).



·Presoak familiatik eta ingurune sozialetik urruntzeko politika bertan behera uzteko, hala eskatzen duten presoak Euskal Herriko espetxeetara aldatu behar dira, Espetxeei buruzko Lege Orokorraren 12. artikuluan ezarritakoa errealitate bihurtzeko.



·Gradu-aldaketak, baimenak eta luditzeak behin eta berriz eta arrazoi barik ukatzeko politika desagertu behar da, 1973ko Zigor Kodea aplikatzen ari zaienen kasuan. Halaber, eskumena itzuli behar zaie epaile naturalei, eta, ondorioz, derogatu egin behar dira espetxe-zaintzako epaitegi zentralak. Horrez gainera, baldintzapeko askatasuna eman behar zaie kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoei, hirugarren graduan sailkatu ondoren.



Bizikidetzarako garai berri bat gestionatu behar da.