Konponbideari begira

Berriak

Espetxe legedia betetzeko eskatu dute hainbat juristak Madrilen

Foro Sozialak kartzela politika «normaltzeko» jardunaldiak egin ditu, FAI eta SISEJ elkarteekin batera. Martin Pallin Auzitegi Goreneko magistratu emerituaren ustez, urruntzeak ez du «justifikaziorik»
Hizlariak eta hitzaldia entzutera hurbildutako jendea, atzo, Madrilgo Ecooo gunean.
Hizlariak eta hitzaldia entzutera hurbildutako jendea, atzo, Madrilgo Ecooo gunean. J. DANAE / FOKU

2020-09-25 / Maddi Ane Txoperena Iribarren - Berriemaile berezia

Legeak dio euskal presoek beren bizilekuetatik hurbil egon behar dutela, baina hori ez da betetzen terrorismo delitua leporatu zaienen kasuan. Uste dut ez duela justifikaziorik, eta ez zen egin behar izan; are gutxiago orain, ez baitago atentaturik, eta talde terroristak bere burua desegina baitu». Halaxe mintzatu zen atzo Jose Antonio Martin Pallin Espainiako Auzitegi Goreneko magistratu emeritua Madrilen espetxe politikari buruz antolaturiko jardunaldietan. COVID-19aren ondorioz ezin izan zuen presentzialki egon, baina guztiek entzuteko moduan hartu zuen hitza, eta argi mintzatu zen, bideo bidez izan bazen ere.

Espainiako Estatuko espetxe legediaz aritu zen, eta haren aukerez: «Legea akasgabea da, araudia ere bai, eta irekitzen du aukera multzo bat gai batean zeinetan ezin baita arau uniformerik egin, preso bakoitzak bere testuingurua baitu». Irtenbide «indibidualen» alde egin zuen, baina azaldu zuen oztopo batzuk aurkitzen ari direla presoak bidean; bertzeak bertze, Foro Sozialak aurretik aipatua duen lobby batengatik: «Alderdi politiko batzuek instrumentalizatu egiten dituzte biktimak. Ez da joko politiko garbia». Eta eskaera batekin amaitu zuen: «Legedia aplikatu behar da espetxe politikan».

Auzitegi Goreneko magistratu emerituaren sarrerarekin hasi ziren atzo Foro Sozial Iraunkorrak FAI Ezkerreko Abokatuen Foroarekin eta SISEJ Justizia Administrazioaren Letratuen Sindikatuarekin antolaturiko Euskal Herria: espetxe politika berri bat normaltasun berri baterako jardunaldiak, Madrilgo erdiguneko Ecooo espazioan. Eta Pallinek abiatutako ildotik jarraitu zuten gainontzeko hizlariek ere. Agus Hernan Foro Sozialeko bozeramailea eta Aitzol Asla Bizkaiko Abokatuen Elkargoko kidea mintzatu ziren lehenik, euskal presoen egoeraren berri emateko, eta hainbat legelarik hartu zuten hitza ondoren, bi mahai-ingurutan.

«Salbuespenezko» espetxe politika batetik espetxe politika «normalizatu» batera nola igaro aztertu zuten lehenean, eta, hain justu, guztiek azpimarratu zuten «salbuespenezkoa» dela euskal presoei eta, hori baliatuta, bertze batzuei ere ezartzen zaien legedia. Horren adibide jarri zuten 7/2003 Lege Organikoa, zeinaren arabera gradu progresioa lortzeko «autoritatearekin kolaboratzea» eskatzen zaien «terrorismoagatik» zigortutako presoei. Xabier Etxebarria Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta Langraiz bideko hainbat presoren abokatuak salatu zuen «zentzurik gabeko» lege bat dela, eta «arbitrarioa».

Etxebarriak, ordea, zail ikusten du lege hori aldatzeko aukera izatea: «Ez dago hori aldatuko duen pizgarri politikorik; beraz, normalizazioa ez da etorriko lege aldaketa batetik, baizik eta jarrera aldaketatik. Eta, tamalez, horrek ere kostu politiko handia du egiten duenarentzat».

Javier Mira Benavent Valentziako Unibertsitateko zigor zuzenbideko irakaslearen ustez, ordea, «justifikaziorik» gabe hartzen dira salbuespen neurriok, eta, beraz, aldatzeko aukera egon beharko litzateke. Azaldu zuen delitu jakinen zigorrak luzeagoak direla izaera «terroristagatik»: «Baina ETA militarra desagertuta eta haren armategiak entregatuta, desagertu egiten da tratu diferentzia hori justifikatu lezakeen egoera».

Legearen interpretazioen «arbitrariotasuna» eta 100.2 artikulua aipatu zituen Amaia Izko abokatuak: «Lege berekin daude preso batzuk lehen graduan eta beste batzuk hirugarrenean». Hori aldatzeko, «borondate politikoaren» garrantzia azpimarratu zuen Silvina Ribotta Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko irakasleak: «Borondate politikoz sortu zen arazo baten aurrean gaude; beraz, borondate politikoa behar da hau konpontzeko».

Iritzi korronte bat sortzea

Katalunian egindako lanaren ondoren —adierazpenak eginak dituzte Kataluniako Parlamentuak eta Bartzelonako Udalak—, «Espainiako Estatuan espetxe politika aldatzearen aldeko iritzi korronte bat aktibatzeko» bertze urrats bat egitea zuten helburua atzo Madrilen egindako jardunaldiek. Horren erakusgarri izan ziren juristen hitzartzeak, baina baita publikoan bildutako jendea ere: han ziren, bertzeak bertze, Bel Pozueta eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak eta Koldo Martinez Geroa Baiko senataria.