Konponbideari begira

Berriak

Abokatuak preskripzioa argudiatu arren, espetxera bidali dute Jaione Jauregi

Duela ia 40 urteko hilketa bategatik Espainiaratu dute Belgikan zegoen iheslaria. Fiskalak espetxeratzeko eskatu, eta hala erabaki du epaileak
Jaione Jauregi, joan den igandean, Espainiaratu berritan.
Jaione Jauregi, joan den igandean, Espainiaratu berritan. BERRIA
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose de la Mata epaileak espetxera igorri du Jaione Jauregi euskal iheslaria. Belgikako Kasazio Auzitegiak estradizioa onartuta, igandean Espainiaratu zuten Jauregi, eta atzo goizean igaro zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik. Fiskalak Jauregi espetxeratzea galdegin zuen, eta hala egin zuen epaileak. Alfonso Zenon abokatuak, ordea, Jauregi askatzeko eskatu zuen, argudiatuta leporatzen dioten delitua preskribatuta dagoela.


1981ean Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hiltzea leporatzen diote Jauregiri. Auzipetuak berak atzo epailearen aurrean egindako adierazpenetan ukatu egin zuen hilketa horretan parte hartu izana, eta adierazi zuen azken urteotan ez dela ezkutuan ibili —bizitza arrunta egiten zuen Ganten (Flandria, Belgika), eta, bertzeak bertze, lanean aritu da—. Abokatuaren ustez, «modu argian» dago preskribatuta delitua. Izan ere, ia berrogei urte igaro dira hilketa hartatik —hogei urteren buruan preskribatzen dira halako kasuak, abokatuaren arabera—, eta 2005era arte ez zen Jauregiren izenik aipatu prozeduran. Espetxeratu eginen dute, halere.


Belgikako Kasazio Auzitegiak joan den asteartean erabaki zuen Jauregi Espainiaratzea, eta joan den ortzegunean atxilotu zuten, Ganten. Eskumuturreko elektronikoarekin egon behar zuen berez Madrilera eraman arte, baina atxilo eduki zuten, eta kartzelatik BERRIAri erran zion Belgikako eta Espainiako gobernuek «trukerako txanpon gisa» erabili dutela. 42 urte daramatza erbestean.

Publizitatea