Konponbideari begira

Elkarrizketak

Agus Hernan. Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea

«Foro Sozialari urte askoan begiekin entzun zaio; hori gainditu da»

Foro Sozial Iraunkorrak asteburuan bukatuko du bere ibilbidea, VI. Foro Sozialarekin. Agus Hernan gustura dago egindako lanarekin, baina azaldu du oraindik badagoela zer egina presoei, biktimei zein memoria «kritiko eta inklusiboari» dagokienez.
Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea.
Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea. MAIALEN ANDRES / FOKU

2023-03-16 / Iosu Alberdi

Bihar ekingo diote Iruñean VI. eta azken Foro Sozialari. Zazpi urteko ibilbidearen ostean, amaitzeko garai egokia aukeratu izanaren sentsazioa du Foro Sozial Iraunkorreko eledun Agus Hernanek (Irun, Gipuzkoa, 1962). Bidelagun izan dituzten eragileekin bildu da azken asteetan, eta azaldu du egoeraren ebaluazioa konpartitua dela: «Fase bat ixtera doa».


Ikusi gehiago: Gradu progresioei eten berri bat ezarri diete


Nola interpretatu behar da Foro Sozial Iraunkorraren bukaera?


Badira arrazoiak segitzeko eta badira bukatzeko ere. Diagnostiko parte hartzaile bat egin dugu, eta ondorio konpartitu bat dago: fase bat bukatzen ari da. Fase baten amaiera aipatzen dugunean, uste dugu arlo guztietan gertatu dela. Halere, fase berria ez da osoki irekiko orain hasiko den hauteskunde zikloaren bukaerara arte: 2024ko autonomikoetatik aurrera irekiko da.


Lehenik, 2013ko I. Foro Sozialaren gomendioak hartzen baditugu, hamabitik 11 daude ebazpen markoa definituta edo definitzeko bidean, edo badaude baldintzak definitzeko. Bigarrenik, uste dugu Foro Sozial Iraunkorrak sorreran bere buruari eman zion misioa bukatu dela: korapiloak identifikatu, kanpoko esperientziak aztertu, proposamen egingarriak egin eta horien gaineko kontsentsuak eraiki.


Adierazi izan duzu erraztaile funtzioa izan dela zuena.


Beti esan dugu guk mahaia eta mahai gaineko zapia jartzen ditugula, eta eragileek adostu behar dutela. Horren inguruan elkarrizketarako kultura bat eraiki da. %3aren teorian oinarritu da. Eragileekin gai baten inguruko bilerak egitean, lor dezakezun emaitza %3ko adostasuna da. Horren aurrean bi jarrera daude: esatea ez dagoela baldintzarik, edo esatea bederen %3ko adostasuna badagoela. %3 hori %6ra eraman dugu, eta hortik mikroakordioetara eta kontsentsuak eraikitzera. Foroaren tonuak lortu du urratsak egiten segitzea. Ikusiko dugu hauteskunde zikloak zer ematen duen, baina espero dugu elementu horiek hurrengo faserako kontsolidatuta geratzea.


Nola aldatu da alderdi politikoekin eta instituzioekin izandako harremana? Haiekin bildu zarete oraintsu.


Gaian inplikatu ginenean, oso solidifikatuta zegoen mesfidantza. Egiten ziren urratsek kontrako efektua zuten, eta mesfidantza areagotzen zen. 2016an, lehen bileretan, denbora gehiago igarotzen genuen beste eragileekiko zuten mesfidantzaz hitz egiten, arazoari buruz hitz egiten baino.


John Paul Lederach ustekabean topo egitasmoaren sortzaileak esaten du: «Belarriekin edo begiekin entzun daiteke». Foro Sozialari urte askoan begiekin entzun izan zaio. Hori gainditu da, eta ikusi dugu nola sortu diren elkarrizketarako espazioak.


Bakea eraikitzeko prozesuan adostasun batzuk finkatzen laguntzea du helburu VI. Foro Sozialak. Nola?


Gure asmoa da irakaspen eta ondorio batzuk ateratzea. Lagunduko dutela pentsatzen dugu, baina eragileen arabera izango da, ea nola hartzen dituzten eta fase berrian nola aplikatzen dituzten. Irakaspenak ateratzeko izango da, perspektiba ezberdinetatik.


Presoen aferari dagokionez, zazpi geratzen dira Euskal Herriratzeko. Aldatu da egoera Foro Sozial Iraunkorraren sorreratik.


Presoen arloan garrantzi handia izan dute aldebakarreko erabakiek: EPPKrenak, [Espainiako gobernuburu] Pedro Sanchezenak eta zenbait eragile politiko eta sindikalenak. Eragile anitzeko iniziatiben garrantzia ikusten da hor. Askotan joan gara arrantzura larrera, baina bagenekien momenturen batean egoera askatuko zela. Askatu da 2018tik aurrera, nahiz eta COVID-19ak moteldu duen.


Oraindik hor daude birgizarteratze prozesuetako oztopoak, eta 7/2003 eta 7/2014 legeak. Gainera, ez da lortu iheslari eta deportatuen gaia agendan jartzea.


Behatokiaren azken txostenean, presoek hirugarren graduak eskuratzeko dituzten zailtasunei erreparatu diezue, eta Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera kritikatu.


Arazo berriak sortu dira. [EPPKrekin egindako] Zaballako azken bileran, ados ginen: Auzitegi Nazionalean korapiloa askatzen denean, ziurrenik beste bat eratuko da. Elementu positiboa da gero eta eragin gutxiago duela lobby-ak, baina bunkerizatu egin da Auzitegi Nazionalean. Hor dugu korapilo nagusietako bat.


Bada zerbait egiterik gradu erregresioen aferarekin?


Preso bakoitzari pertseberatzeko eskatzen diogu, uste dugu hortik iritsiko dela emaitza. Kontsentsuak hor daude: salbuespen politika indargabetzea, presoei birgizarteratze prozesuak egiten uztea, eta presoak eragile aktibo izatea bakea eraikitzeko prozesuan.


Eusko Jaurlaritzak esan du egungo politikari eutsiko diola.


Fiskaltzatik egiten dena osoko zuzenketa bat da Eusko Jaurlaritzari eta espetxeetako tratamendu batzordeei. Jaurlaritzari esan diogu: eutsi egin behar da bide horretan. Politika arrunta aplikatu behar zaie presoei.


Nafarroan ez da hirugarren gradurik eman. Kostatzen ari da?


Motel doa, eta presoen senideen ikuspegitik begiratuta, are motelago. Kartzeletako sistemak solidifikatuta daude, eta zuzendariak denbora behar du [iaz iritsi zen].


Biktimen arloan, aurten argitaratu da Nafarroako torturatuen inguruko txostena. Hego Euskal Herriko argazki bat osatu du.


Torturaren biktimen gainean lainoa kentzen ari den arren, oraindik hor dago; bigarren planotik lehenera pasatu behar dira. Txostenak ez du izan biktimek merezi duten inpaktua, baina lortu da harrera politiko eta sindikal osoa.


Ekainaren 26an aurkeztuko dute Kriminologiaren Euskal Institutuak EAErako egindako txostenaren bigarren zatia. Garai egokia izango da alderdi politiko gehienek duela bost urte eta erdi eman ez zioten harrera emateko.


Iazkoa estatuaren biktimentzat urte garrantzitsua izan zela esan zenuten. Zer diote haiek?


Ikusten dute aurrerapausoak eman direla. Ziurrenik ez haiek nahi bezala, eta ziurrenik ez dira inoiz emango estatuaren biktimek esperotako pauso guztiak. Baina balorazio positiboa egiten dute. Uste dut poliki-poliki bagoazela eszenatoki berri batera.


12/2016 legearen pean biktimek txostenak aurkezteko epea berriz irekiko da. Balorazio batzordeak bi urtean zenbait proposamen egin ditu horretarako, eta adostu behar dira hobetzeko daudenak. Hor eszenatoki interesgarri bat iritsiko da, eta garrantzitsua da estatuaren biktimek lege hori bere egitea. Urrats handia egin dute 700 lagunek, baina asko falta dira, eta guztiek dute eskubidea. Era berean, uste dugu garai garrantzitsua izango dela Lasa eta Zabalaren hilketaren 40. urteurrena. Eusko Jaurlaritzari proposamen bat egin diogu, eta uste dugu urrats kualitatibo bat egiteko garaia dela.


Espainiako Gobernuari, berriz, zer eskatzen diozue?


Uste dugu bi urrats interesgarri egin dituela azken hilabeteetan. Bata [Jose Ariztimuño] Aitzolen aitortza, eta bestea Almeria kasuarena [ETAko kideekin nahastuta, hiru lagun hil zituen Guardia Zibilak 1981ean]. Bigarrenari erreparatuta, baina, Euskal Herrian antzeko beste zenbait kasu daude, eta ez da onargarria estatuaren biktimen artean kategoriak bereiztea. Jarrera iraunkor bat eraiki behar da, eta biktimen eskaerari erantzun: estatuak aitortu behar du egindako kaltea.


Nire ustez, estatuan oraindik armiarma sare asko daude, eta oraindik blokeatzen dituzte zenbait egoera. Espero dut praktika onak iraunkor bilakatzea eta estatuak sare hori gainetik kentzea.


Eta memoria kritikoaren alorrean, zein da egoera?


Txarretik hasita, [Barne ministro ohi Jose] Barrionuevoren eta [Barne eta Justizia ministro ohi Juan Alberto] Bellochen paradigma aldaketa dago. Negazionismotik autojustifikaziora igaro dira; hori larria da. Baina, poliki-poliki, eragileek bukatutzat eman dute kontakizun bakarra bultzatzearen bidea.


Bestalde, Begiradak proiektuaren ekarpena dago. Jende guztiak pentsatu baina esaten ez zuena adierazi zuten [Maria] Jauregik, [Axun] Lasak eta [Josu] Elespek, eta hiru historialarik: «Ez gara ados jarriko ea zergatik gertatu zen, baina horrek ez du arazo izan behar etorkizuna definitzeko».

Publizitatea