Konponbideari begira

Berriak

Nazioarteko Konferentzia

Powell: «Bake iraunkorra lortzeko denek sentitu behar dute garaile»

Gatazkaren konponketa sustatzeko, nazioarteko konferentzia bat egingo dute astelehenean Donostian Nazioarteko eragileez gain, bertako alderdi eta sindikatuek ere parte hartuko dute
Vicente Zaragueta, Miguel Lazpiur, Txaro Arteaga, Jonathan Powel, Pierre Hazan, Katrine Tantie, Kristian Herbozheilmer eta Paul Rios, atzo.
Vicente Zaragueta, Miguel Lazpiur, Txaro Arteaga, Jonathan Powel, Pierre Hazan, Katrine Tantie, Kristian Herbozheilmer eta Paul Rios, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2011-10-12 / Oihana Elduaien Uranga

Bake iraunkorra» lortuko bada, ezinbestekoa da gatazkari buruz «etsaiarekin» hitz egitea. Jonathan Powellek, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro izan zenean haren kabineteko buru izan zenak, nabarmendu du norberak bezala pentsatzen dutenekin bakarrik hitz eginda ezin dela arazoa konpondu. Berari kostatu zitzaion hori ulertzea, Ipar Irlandako prozesua abian jarri aurretik, baina orain ez du zalantzarik egiten. Garaile eta garaiturik ez dagoen amaiera bat izan behar dute gatazkek, haren arabera: «Alde guztiek atera behar dute garaile, bakea iraunkorra izan dadin». Euskal Herrikoa Europako azken gatazka armatua dela nabarmendu du eta hori konpontzeko garaia dela.

Euskal Herrian da egunotan Powell. Gatazkaren Konponketa Sustatzeko Nazioarteko Konferentzian parte hartzera etorri da, nazioarteko beste hainbat eragilerekin batera. Konferentzia hori astelehenean izango da Donostian, eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak aditzera eman duenez, «ekarpen garrantzitsua» izango den itxaropena daukate. «Normalizazioa, gardentasuna eta erabateko inklusio politikoa ezaugarri dituen egoera lortzeko beharrezkoak diren osagaiak partekatzea da nazioarteko konferentziaren helburua», esan zuen Riosek, atzo Donostian egindako aurkezpenean. Egoera hori «baliabide demokratikoetan oinarritua» eta indarkeriarik edo haren mehatxurik gabekoa izango litzatekeela gaineratu zuen.

Bruselako Adierazpena «lehendabiziko mugarri garrantzitsua» izan zen, eta konferentzia hau «aurrerapauso adierazgarriagoa» izatea nahi dutela azaldu du Pierre Hazan Harremanetarako Nazioarteko Taldekoak. «Euskal gizarteak itxaropena berreskuratu duen honetan nazioarteko komunitatearen ekarpen berria izatea espero eta nahi dugu».

Sei erakunde, fundazio eta taldek antolatu dute konferentzia: Berghof Foundationek, Conciliation Resourcesek, The Desmond and Leah Tutu Legacy Foundationek, NOREFek, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (Euskal Herria) eta Lokarrik. Konferentzian nazioarteko hainbat buru eta «izen esanguratsu» egongo direla aurreratu arren, atzoko aurkezpenean ez zuten zehaztu nork hartuko duen parte, ezta zein egitarau izango duen ere —larunbatean jakinaraziko dituzte xehetasun horiek—. Nolanahi ere, Euskal Herriko alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek parte hartuko dutela aurreratu dute. Haien iritzi eta ekarpenak jaso nahi dituztela jakinarazi du Riosek, eta halaxe egiteko eskatuko dietela.

Gainerakoan, Donostian izango diren nazioarteko eragileek argi utzi dute beraien asmoa ez dela inori zer egin behar duen esatea. Beraien esperientziak kontatzera eta iritziak ematera etorriko dira, ekarpen interesgarria izan daitekeelakoan. Izan ere, Hazanek nabarmendu du euskal herritarrek direla konponbidea lortu behar dutenak: «Zuena da ardura eta zuena da aukera».

Aurkezpenean Rios, Hazan eta Powell ez ezik, beste hainbat lagun ere baziren. Berghof Foundationeko Katrin Tantla, Conciliation Resources erakundeko Kristian Herbozheilmer, eta Sostengu Taldeko lehendabiziko kide Txaro Arteaga, Miguel Lazpiur eta Vicente Zaragueta.

Konpondu ezin denik ez

Powellen aita IRAk hil zuen, eta anaia erakunde armatuaren zerrendetan zegoen. Sinn Feineko Gerry Adams eta Martin McGuinessekin aurrenekoz bildu zenean uko egin zion haiei bostekoa emateari, baina, gaur egun damututa dago jarrera hori mantendu izanaz. Gero, hamar urte «gogorretan» asko hitz egin zuen buruzagi horiekin, eta horixe egin behar dela uste du. «Gu porrota porrotaren atzetik ibili ginen, baina, azkenean 97an ireki zen bake iraunkorra ekarri zuen leihoa. Hemen Espainian horixe gertatzea espero dut orain». Gatazkak konpontzeko lan egiten duen gobernuz kanpoko erakunde batean egiten du lan Powellek gaur egun, eta horregatik esaten du gatazka guztiak desberdinak diren arren munduan ez dagoela konpondu ezin daitekeen gatazkarik, «iraun duen denbora iraun duela, eta isuri duen odola isuri duela».

Informazio osagarria

Publizitatea