Konponbideari begira

Berriak

Bilduk dio biltzarrak euskal gatazka «nazioarteko agendan» jarri duela

Nazioarteko Konferentziaren ondoren, ETAk desagertzeko aurrerapausoak eman beharko dituela dio Andoni Ortuzarrek Erkiziaren iritziz, Espainiako Gobernua «nabarmen» geratu da biltzarra ez babestuta

2011-10-13 / Erredakzioa

Konponbidea sustatze aldera datorren astelehenean Donostian egitekoa den bake konferentziak agerian uzten du «euskal gatazka nazioarteko agendan» dagoela, Bildu koalizioaren arabera. Biltzar horren antolatzaileek eta parte hartzaileek —nazioarteko zein bertako aditu, alderdi eta sindikatuek— euskal gatazkaren konponbidearen alde agertutako konpromisoa txalotu du Bilduk. Halaber, ezinbestekotzat jo du gatazkaren behin betiko irtenbidea bilatzeko «aukera oro» baliatzea.

Euskal Herrian bizi den «aldaketa prozesuan» funtsezkoa da eragile sozial eta politiko ororen parte hartzea, koalizioak ohar batean nabarmen adierazi duenez. Hala, gatazken konponbideekin engaiatuta dauden nazioarteko adituek duten esperientzia «berme garrantzitsua» da Euskal Herrian bake bidean aurrera egiteko, haren iritziz.

EAJk ere txalotu egin du Nazioarteko Konferentzia antolatu izana, baina ohartarazi du haren ostean «ETAk zerbait esan» beharko duela. Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentearen arabera, bere alderdiak «erne» jarraituko du asteleheneko biltzarra, baina ostean «exijente» egongo da erakunde armatuak «bere desagerpenerako bidean aurrera egin dezan». Ortuzarren ustez, «ETA ezin da geratu ezer gertatuko ez balitz bezala».

Konferentziak bake prozesuan izan dezakeen garrantzia azpimarratu du Ortuzarrek. Haren esanetan, prozesu horri «nazioarteko laguntza» ematea da bitzarraren xedea, eta horretarako eskarmentu handia duten pertsonak etorriko dira. Nazioarteko laguntza horrek «ziurtasuna» emango dio aurrera begirako bideari eta ETA erantzun bat ematera behartuko du, Ortuzarrek esan duenez.

Horrez gain, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bakearen aldeko nazioarteko konferentzia batean parte ez hartzea «etsigarria» dela kritikatu du EAJko buruak. Lehendakaria AEBetan izango da datorren astean, bidaia ofizialean, eta ez da biltzarrean izango. Bakeak ezin duela «itxaron» gogoratu dio Ortuzarrek Lopezi. «Euskadik ezin du bakea luzaro itxaron, are gutxiago orain, hatz puntekin ukitzen ari garenean eta behin betikoa izan daitekeenean». Gainera, EAJko buruak nabarmendu du nazioartetik datozen adituen garrantzia kontuan hartzekoa dela, eta «kortesiagatik» bada ere, lehendakariak harrera egin beharko liekeela.

Nolanahi ere, Ortuzarrek ez du erabat sinesten lehendakaria ez dutela Konferentziara gonbidatu. Ziur da antolatzaileak lehendakariarekin harremanetan jarri direla parte har dezan, eta biltzarrean «zeregin» bat izatea eskaini diotela.

Espainiako Gobernuak ere uko egin dio konferentzian parte hartzeari, eta jarrera hori kritikatu du Tasio Erkizia ezker abertzaleko ordezkariak. Erkiziaren ustez, Espainiako Gobernuak «ausardiarik» ez du egungo egoera politikoari aurre egiteko eta ireki den aukera baliatzeko. «Nabarmen geratzen ari da nazioarteko komunitatearen aurrean», salatu du, Info 7 irratian. «Herriak prozesua ilusio handiz bizi duen bitartean, beste batzuek aitzakiak erabiltzen dituzte konpromisorik ez hartzeko, eta horrek ausardia eza erakusten du». Hala ere, ezker abertzaleko kidea ziur da Espainiako Gobernuak Konferentziaren «informazio zuzena» jasoko duela.

Erkiziak gogorarazi du, era berean, prozesuaren alde azkeneko bi urtean egindako urratsen ondoren datorrela nazioarteko konferentzia antolatu izana, eta, horregatik, halako ekimen bat egitea «oso pauso garrantzitsua» izango dela Euskal Herrian abian den prozesu politikoa sendotzeko.

Nazioartetik datorren babesak garrantzi handia izango du prozesuak aurrera egiteko, ezker abertzalearen arabera. Edozelan ere, azpimarratu du prozesu demokratikoak aurrera egiteko giltzarririk garrantzitsuena «euskal herritarren lana» izango dela beste ezer baino gehiago.

Informazio osagarria

Publizitatea