Jaurlaritzak berretsi du ez dutela gonbidatu

Eusko Jaurlaritzari «ateraldi bat» iruditzen zaio Lopezek AEBetara egingo duen bidaia bertan behera uztea

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Astelehenean Donostian egingo den Nazioarteko Konferentzian ez da egongo Eusko Jaurlaritzako ordezkaririk. Herenegun Patxi Lopez lehendakariak esan zuen gonbidapenik ez duela jaso biltzarrean parte hartzeko eta, gainera, egun horretan Ameriketako Estatu Batuetan izango denez ez dela joango. Atzo, Eusko Jaurlaritzako iturriek berretsi zuten Donostiako konferentziara joateko gonbidapen ofizialik ez duela jaso eta, hortaz, ez duela parte hartuko.

Gainera, Jaurlaritzari «ateraldi bat» iruditzen zaio lehendakariak AEBetara egingo duen bidaia ofiziala bertan behera utzi behar izatea biltzarrera joateko. «Euskadi sustatzeko ehunka enpresa eta agente euskaldunekin egingo duen bidaia ofiziala bertan behera uztea proposatzea ateraldi bat da», esan dute lehendakaritzako iturriek.

Lopezek konferentziaren deialdiari emandako erantzunari hainbat alderditako ordezkariek egindako kritikei erantzun die Jaurlaritzak, modu horretan. Eta, bereziki, EAJko BBBeko buruari zuzendu zaio gobernua, hark esan baitu ziur dagoela lehendakaria biltzarrera gonbidatu dutela. «Bazterrak nahasteari» uzteko galdegin dio JaurlaritzakEAJri.

Halaber,Jaurlaritzak kritikatu du EAJk besteei«kutsatu» nahi diela alderdi barruan duen urduritasuna. Ezker abertzaleari kanpaina egitea ere leporatu die Jaurlaritzak jeltzaleei. «EAJren jarrera inkoherentea da, ezker abertzaleari kanpaina egitea aurpegiratu digulako eta, orain, interesa duenean, kanpaina egiten ari zielako».

UPDren kritika

Nazioarteko biltzarraren aurka gogor jo du UPD alderdiak, bestalde. Alderdi horren arabera, konferentzia horrek ez du bakea bilatzen, euskal gizartearen «amnesia» baizik. Nicolas de Miguel Gipuzkoako UPDko buruak kritikatu du konferentzia «Batasunaren munduak» antolatu duela, eta halakorik antolatzeko arrazoirik ez dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.