Konponbideari begira

Berriak

ETAren jardun armatuaren amaiera. Erreakzioak

«Elkarrizketa politikoak abiatu behar dira gatazkaren korapiloak askatzeko»

ETAri baikor erantzun eta «gatazkaren ondorioez» hitz egiteko eskatu die ezker abertzaleak gobernuei
Donostiako Miramar jauregian prentsaurreko jendetsua eman zuen ezker abertzaleak, atzo.
Donostiako Miramar jauregian prentsaurreko jendetsua eman zuen ezker abertzaleak, atzo. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

2011-10-22 / Oihana Elduaien Uranga

Bukatu dira aitzakiak». Ezker abertzalearen iritzian, Euskal Herriko gatazka politikoaren muinari heltzeko ordua da. Gatazkaren bi korapilo nagusiak —nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea— askatzen hasteko garaia. ETAk jarduera armatua uztea erabakita gatazkaren existentziari uko egiten dietenek jarrera aldatu beharko dute, Rufi Etxeberriak esan duenez: «Ezingo dira gehiago ezkutatu borroka armatuaren aitzakiaren atzean». Betorik eta debekurik gabe, kultura politiko guztien eztabaida abiatu eta «akordio demokratikoa» lortzea da orain lehentasuna, ezker abertzalearen ustez, azken hitza herritarren esku uzteko.

«Egundoko garrantzia» duen erabakiaren berri eman zuen ETAk herenegun, ezker abertzalearen irudiko. Garrantzi horren lekuko, agerraldi jendetsua egin zuten hainbat ordezkarik Donostiako Miramar jauregian. Espetxetik pasatutakoak ziren agertutako gehienak, Seguran atxilotuak asko eta asko.

Bateragune auzian zigortuta espetxean daudenen falta sumatzen zen. Estrategia armatua baztertzearen alde egin zutenena. Egon zen, ordea, Arnaldo Otegiri erreferentziarik. ETAren berria «irribarretsu eta poztasunez» hartu dutela esan zuen Etxeberriak. Otegik denbora darama herritarrei irribarre egiteko esanez. Bateraguneko zigorra salatzeko Bilbon egindako manifestazio nazionalerako idatzitako gutunean honela zioen: «Bertsolariak Elgoibarren esan zuen bezala, irribarre egitea hortzak erakusteko beste modu bat da. Egin irribarre, irabaziko dugu!».

Baikor daude, konbentzituta daudelako estrategiaren aldaketak fruituak emango dituela. «Etorkizun libre eta demokratikoa eraikitzeko ahalegin kolektibo eta herritarrak aurrera darrai, itzulerarik gabe»

Ezker abertzalearen ustez, «aro berria» ireki du ETAk, armak uztea erabakita. «Euskal Herriaren etorkizuna erditik markatuko du». Aro berrian, Espainiako eta Frantziako gobernuei begira jarri da, hurrengo urratsa egitea haiei dagokiela uste duelako. Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Nicolas Sarkozy gobernuburuei eskaera zuzena egin die: «Dei egiten diegu, luzapenik gabe, zabaldu den aukera historiko honi arduraz erantzun diezaioten, dagozkien neurriak hartuz». Zehazki, ETArekin «gatazkaren ondorioez» hitz egiteko eskatu die bi gobernu horiei.

Izan ere, astelehenean Aieten egin zen konferentzian nazioarteko hainbat eragile entzutetsuk markatutako gidoiarekin bat eginez etorri da ETAren iragarpena, eta gidoi beraren arabera, erakunde armatuarekin «gatazkaren ondorioez» hitz egitea tokatuko litzaieke orain bi gobernu horiei. Hain justu, nazioarteko eragile horien eskaerari eta euskal gizartearen gehiengoari erantzunez hartu du erabakia ETAk, ezker abertzalearen arabera.

Akordioa lehentasun

ETAren ziklo armatua amaitu arren gatazka politikoak hor jarraitzen duela ohartarazi du ezker abertzaleak. Euskal Herriaren nazio onarpenik eza eta erabakitze eskubidearen ukazioa dira gatazkaren muina, haien arabera, eta hura konpontzeko, «akordio demokratikoa» erdiestea da herri gisa «lehentasunezko helburua».

Horretarako, nazioarteko konferentziako laugarren puntuak iradoki bezala, «elkarrizketa politikoak» abiatu behar dira, ezker abertzalearen iritzian, «kultura politiko guztien beharrezko parte hartzearekin». Etxeberriak azaldu duenez, horrela bakarrik lor daiteke «behin betiko konponbidea». Proiektu politiko guztiak defendagarri izan daitezkeen agertokia izango litzateke hori.

Publizitatea