Albistea entzun
Berria

Gerra Ukrainan

Errusiaren inbasioa, egunez egun

Mikel P. Ansa, Joxean Apeztegia | 2022-6-2

 

Jarraitu beherantz

Errusiak
okupatutako
lurrak

EHUN EGUN

Ukrainazaleen eta errusiazaleen arteko tentsioak izan dira XX. mende guztian, eta inoiz baino biziago daude 2014az geroztik. Urte hartan, Krimeako penintsula anexionatu zuen Errusiak, erreferendum baten ostean, eta Donbassen gerra hasi zen —Donetsk eta Luhansk probintziak; 2014tik errusiazaleek kontrolatzen zituzten eremu batzuk—.

2022ko otsailaren 21ean Vladimir Putin Errusiako presidenteak bi herri errepublika horien independentzia aitortu, eta Ukraina inbaditzeko agindu zuen segidan. Gerrak 100 egun beteko ditu ekainaren 3an; borrokek zer bilakaera izan duten ikusteko, irristatu pantailan beherantz.

INBASIOA

Otsailaren 24an, Kremlinek agindu zuen «operazio militar berezia» hasteko Ukrainan. Iparraldetik, ekialdetik eta Krimeatik, gutxienez hamar tokitatik igaro zuten muga Errusiako tropek, eta hainbat hiri bonbardatu eta eremu batzuk kontrolatu zituzten. Kievera bidean, Txernobylgo planta nuklearra ere okupatu zuten. Inor gutxik espero zuen tamaina horretako eraso bat.

Martxo hasieran hiri handi bat okupatu zuten Errusiako soldaduek, Kherson, eta Mariupol setiatzen hasi ziren. Ordurako milioi bat ukrainar ihes eginak ziren herrialdetik kanpora.

Poloniara alde egindako familia bat agurtzen, Lviven. MYKOLA TYS / EFE

Gerra hasi eta bi astera, tropa errusiarrek hiriburura heldu ezinik jarraitzen zuten, eta aienatzen hasia zen gerra azkar irabaziko zuten ustea. Sumi-n eta Kharkiv-en ere ezin izan ziren sartu. Hiri handiak saihestuz, errepidez aurrera egiten saiatu ziren, Kieverantz; Khersondik mendebaldera egiten ere ahalegindu ziren. Baina aurrera egin ezinik gelditu ziren, ukrainarren erantzunarengatik: zubi gehienak bota eta tanke askori kalte egitea lortu zuten.

Tanke bat suntsitua, Kieveko aldirietan, eta gizon bat bizikletaz pasatzen aldamenean. SERGEY DOLZHENKO / EFE

Martxo erdialdean, Errusiako soldaduek Kievera sartu ezinik jarraitzen zuten oraindik, ukrainarren oposizioa zela medio; hiriburuaren aldiriak okupatu zituzten.

Hego-ekialdean, aldiz, Khersondik Luhanskerako lurralde zerrenda bat hartzea lortu zuten, Krimea Errusiarekin lurrez lotuz. Mariupol zen eremu horretan kontrolpean hartu ez zuten hiri bakarra.

Mariupolgo familia bat, suntsitutako etorbide batetik oinez. SERGEI ILNITSKY / EFE
«GERRAREN LEHEN FASEA»

Kremlinek martxoaren 25ean iragarri zuen «gerraren lehen fasea» bukatu zela: Kiev ingurutik tropak erretiratuko zituela, eta handik aurrera Donbassko probintzietan egingo zuela indarra. Hilabeteren ondoren, bistan zen Kremlinek ez zuela behar bezala neurtu erasoa, eta bertan behera utzi zuen hiriburua kontrolatzeko asmoa. Ukrainarrek, berriz, hiriburuaren defentsan murgilduta, kontuan hartzeko moduko lurralde zatiak galdu zituzten hego-ekialdean.

Kharkiv. Errusiarrek ia etenik gabe bonbardatu zuten aurreneko bi hilabeteetan. SERGEY KOZLOV / EFE

Martxo bukaeran, soldadu errusiarrek Izium bereganatu zuten —hilabete baino gehiago zeramaten hiri hori hartu ezinik—. Handik hegoaldera zein ekialdera zabaltzeko aukera ematen zien horrek, Donetsk eta Luhansk aldera.

Turkian, berriz, bi aldeetako Atzerri ministroak aurrez aurre bildu ziren martxoaren 29tik apirilaren 1era. Ez zuten akordiorik egin, eta negoziazioak trabatuta daude harrezkero.

BUTXAKO GORPUAK

Errusiako tropak Kiev ingurutik lekutu ziren, eta Txernobylgo planta nuklearra ere utzi zuten. Errusiarrek hilabetez okupatutako herrietan egindako hilketak agertzen hasi ziren: mila ukrainar baino gehiago hil zituzten Kieveko aldirietan —ia 300 Butxan bakarrik—: epaitu gabe, kalean eta eskuak lotuta zeuzkatela batzuk, hobi komunetan... Gerra krimenak egitea leporatu dio Mendebaldeak Putini.

Andrazko bat, Butxan aurkitutako hobi komunetako baten aurrean. OLEG PETRASYUK / EFE

Kramatorsken tren geltoki bat bonbardatu zuen Errusiak apirilaren 7an, eta 50 herritar baino gehiago hil zituen. Ordurako iparraldeko frontetik erabat erretiratua zen Errusia: tropak berrantolatzen ari zen, Ukraina ekialdean erasoa bizkortzeko.

Apirilean, lehen kontraeraso ekintzak egiten hasi ziren Ukrainako indarrak: errusiarren Moskva gerraontzia urperatu zuten, Errusiako lurretan eraso batzuk egin zituzten helikopteroekin, eta Kherson mendebaldean lurralde zati batzuk berreskuratu zituzten.

MARIUPOLGO SETIOA

Hilabete eta erdiz kalez kale borrokatu ziren ukrainazaleak eta errusiazaleak Mariupolen. Apirilaren 21erako, hiria defenditzen ari ziren azkeneko indar ukrainarrak Azovstal altzairutegian babestu ziren, 2.000 soldadu inguru —tartean, Azov batailoi ultraeskuindarreko kideak—. Europako altzairutegi handienetakoa da, eta tunelak ditu lurpean. Errusiak uko egin zion sartzeari, baina «askatutzat» jo zuen hiria. Hurrengo egunetan altzairutegia bonbardatzen jarraitu zuten errusiarrek, eta setioa gogortu zuten.

Azovstal altzairutegiko bonbardaketaren irudiak. /
Azovstal altzairutegiko bonbardaketaren irudiak. Errusiako Defentsa Ministerioa - EFE Tamaina handiagoan ikusi

Biharamunean, Errusiako koronel batek adierazi zuen Ukraina hegoalde osoa okupatzeko asmoa duela Errusiak.

KONTRAERASOA

Maiatzetik aurrera, kontraeraso ekintzak ugaritzen ahalegindu ziren Ukrainako indarrak. Kherson probintziaren mendebaldean eta Kharkiven iparraldean batez ere. Azken horretan, ukrainarrek lortu zuten errusiarren menpe zeuden hainbat herri berreskuratzea.

Ukrainako tankeak, Kharkiv inguruan, tropa errusiarrei eraso jotzen. EFE
DONBASSKO FRONTEAN

Errusiako tropek etengabe eraso zioten apirilaren 18tik hego-ekialdeko frontean. Lur eremu batzuk bereganatu zituzten, batez ere Luhansken —probintzia horren %90 kontrolpean hartua zuten—. Maiatz hasieran, Sievierodonetsk zen eskualde horretan bereganatu ez zuten hiri handi bakarra, eta maiatzean borrokak gogortu zituzten errusiarrek inguru horretan guztian, baita aireko erasoekin ere —hiriak 100.000 biztanle zituen gerra aurretik—.

AZOVSTALEKOEN ERRENDITZEA

Azovstal altzairutegian gordeta jarraitzen zuten azkeneko soldadu ukrainarrak errenditu egin ziren, eta hiri osoa errusiarren esku geratu zen, ia 80 eguneko setioaren ondoren. Ordurako hiria goitik behera suntsitua zegoen, eta ehunka milaka herritarrek ihes egin zuten.

Soldadu errusiarrak, Azovstal altzairutegitik atera eta errenditu diren soldadu ukrainarrak miatzen. ERRUSIAKO DEFENTSA MINISTERIOA / EFE
LUHANSKEKO ERASOA

Maiatzaren 7an Popasnan sartu ziren indar errusiarrak, eta defenditzaile ukrainarrek atzera egin zuten; inguru horietan lur gehiago hartu dituzte errusiarrek, eta harrezkero hiru aste daramatzate Sievierodonetsk erabat inguratu eta setiatu nahian. Hor jokatzen ari dira bi aldeak oraingo batailarik handiena: martxoko azken egunetan hasi da borroka hiri barruan.

Soldadu ukrainarren lubaki bat, Donets eta Luhansk artean. EFE