Ukrainako gertakariak ulertzeko kronologia

Paulo Ostolaza.
2022ko otsailaren 22a
12:19
Entzun

Donbassko gatazka ez da berria. Ukrainazaleen eta errusiazaleen arteko eztabaidak XIX. mendean du jatorria, baina bizi-bizirik jarraitzen du 2022. urtean. Garaian garaiko testuinguruak baldintzatu izan du gatazka: Industria Iraultzak, Holodomorrak, Bigarren Mundu Gerrak, SESBren desagerpenak..., eta, orain, AEBek, Putinek, gasaren inguruko interesek eta abarrek. Horra gerraren iturburu izan diren gertakarien azalpen kronologikoa, eta gerraren bilakaerari buruzko azalpenak:

Testuinguru historikoa

XIX. mendea. Industria Iraultzaren testuinguruan, XIX. mendearen erdialdean hasi ziren ustiatzen Donbassko ikatza. Industria horren hazkundearekin batera, gora egin zuen biztanleriak ere. Industriaren inguruan sortu ziren hainbat hiri (besteak beste, Donetsk), eta hara iritsi ziren Errusian lurrik ez zuten milaka nekazari, hirietan lan egitera. 1897. urtean Errusiako Inperioak egindako erroldaren arabera, Donbassen bizi ziren herritarren %52k jatorri ukrainarra zuten, eta %28k, errusiarra. Hirietan, ordea, errusiarrak ziren gehiengoa; nekazaritza eremuetan, ukrainarrak.

1932-1933. Holodomorraren garaia izan zen. Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistan gosete bat izan zen, eta 1,8-12 milioi ukrainar inguru hil ziren. Iosiv Stalinek aurreikusitako genozidiotzat daukate hainbat herrialdek. Horren ostean, agintari sobietarrek baliabide gutxi zituzten milaka lagun eraman zituzten Donbassera. Orduan sortu ziren gaur egungo gatazkak oinarri dituen eztabaidak.

Irudiaren deskribapena

1991. SESBtik ateratzeko erreferendumean, Ukrainaren independentziari baiezkoa eman zioten Luhanskeko herritarren %83,6k eta Donetskekoen %83,9k. Hurrengo urteetan, ordea, Donbassko egoera ekonomikoak nabarmen egin zuen okerrera: batez beste, soldatak %80 murriztu ziren. Eskualdea abandonatzea egotzi zioten Kievi. Urte haietan, gainera, gobernuak ez zituen indarrean jarri Donbassko biztanleek erreferendum batean onartutako hainbat neurri: errusiera eskualdeko erakundeen hizkuntza ofiziala izatea, Ukraina federalizatzea... 2001eko erroldaren arabera, Donetskeko eskualdeko herritarren %74,9ren lehen hizkuntza errusiera zen, eta %24,1ena, ukrainera. Herritarren %56,9, ordea, ukrainar jatorrikoak ziren, eta %38,2 ziren errusiar jatorrikoak.

Irudiaren deskribapena

2010eko urtarrila-otsaila. Viktor Janukovitx errusiazale deszentralizatzaileak hauteskundeak irabazi zituen, eta Ukrainako presidente bilakatu zen. Beste hautagaia Yulia Timoxenko handiki zentralista zen, gasaren industriari esker aberastutakoa. Bi eredu aurrez aurre izan ziren hauteskunde haietan, baita nazioarteari begira ere: Errusiarekin harreman onak zituen Janukovitxek, eta George Bush AEBetako presidente ohiaren gertukoa zen Timoxenko. Janukovitxek irabazi zuen, bai, baina agerian geratu zen herrialdearen zatiketa.

2013ko azaroa. Janukovitx Europako Batasunarekin merkataritza akordio bat sinatzekoa zen, baina bertan behera utzi zuen asmo hori, Errusiaren presioak tarteko. Azaroaren 24an milaka herritarrek manifestazio jendetsua egin zuten gobernuaren aurka Kieven.

2013ko abendua-2014ko otsaila. Ukrainako gobernuaren aurkako protestak ugaritu egin ziren, eta Poliziak gutxienez ehun lagun hil zituen.

2014ko otsaila. Gobernuak eta oposizioko taldeek su-etena hitzartu zuten. Gutxi iraun zuen, ordea, eta are gehiago larritu zen indarkeria. Janukovitx presidentea kargutik kentzea onartu zuen Ukrainako Parlamentuak. Krimean gatazka hasi zen ukrainazaleen eta errusiazaleen artean.

Donbassko gerra

2014ko martxoaren 16a. Independentzia erreferendum bat egin zuten Krimean, eta Ukraina uztea erabaki zuten herritarrek, Errusiarekin elkartzeko. Bi egun geroago, Putinek Krimea Errusian onartu zuen.

2014ko apirila-maiatza. Donbassen, manifestari errusiazaleek Donetsken burujabetza aldarrikatu eta babesa eskatu zioten Errusiari. Protestak hasi zituzten, eraikin publikoak hartu zituzten hainbat hiritan, eta operazio militar batekin erantzun zuen Kievek. Besteak beste, Luhansken kontrola hartu zuten errusiazaleek.

2014ko apirila-2015eko otsaila. Gatazka gerra bilakatu zen pixkanaka, eta, tartean hainbat su-eten adostu zituzten arren, ia urtebete iraun zuen. Elkarren aurka jardun ziren Ukrainako armada eta Errusiaren babesa zuten manifestari errusiazaleak. Tartean, uztailaren 17an, misil batek Malaysia Airlinesen hegazkin komertzial bat bota zuen, eta 298 hildako eragin zituen.

2015eko otsailaren 12a. Errusiak eta Ukrainak Minskeko akordioa sinatu zuten. Haren bidez, su-etena ezarri zen Donetskeko eta Luhanskeko eremu jakin batzuetan. Hainbat eskualdetan borrokek jarraitu egin zuten.

2015eko iraila. «Deszentralizazio» prozesua hasi zuen Ukrainak, eta liskar larriak izan ziren.

2017ko otsaila. Ukraina ekialdeko frontean liskar handiak izan ziren, eta gutxienez 32 lagun hil ziren.

2018ko azaroa. Ukrainak salbuespen egoera ezarri zuen Errusiaren «eraso militar» posiblea saihesteko.

Egungo gertakarien aurrekariak

2019ko uztailaren 21a. Bake prozesuari berrekitea adostu zuten Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Bi aldeek adierazi zuten prest zeudela gerra presoen trukea negoziatzeko.

2019ko abendua. Errusiak eta Ukrainak Europara gasa garraiatzeko egin berri zuten akordioan esku hartzeko asmoa erakutsi zuten AEBek.

2020ko uztaila. Ukrainako Gobernuak eta Donbassko matxinoek beste su-eten bat adostu zuten.

2021eko apirila. Ukrainak eta Errusiak Donbassen tropak hedatzea egotzi zioten elkarri. Zelenskik NATOri eskatu zion gatazkan esku hartzeko.

2021eko azaroa. Satelite bidezko irudiek erakutsi zuten Errusiako tropak mugitzen hasi zirela Ukrainako mugan. Kievek salatu zuen Errusiak 100.000 soldadu zituela han.

2021eko abenduaren 7a. Joe Biden AEBetako presidenteak abisua eman zion Errusiari: Ukraina inbaditzen bazuen, zigor ekonomiko gogorrak ezarriko zizkion mendebaldeak.

2022ko urtarrilaren 21a. Errusiak AEBei eskatu zien NATO 1997ko mugetara erretiratzeko.

2022ko urtarrilaren 24a. NATOk borrokarako hegazkin eta itsasontzi gehiago bidali zituen Europa ekialdera. Herrialde batzuk enbaxadetan zituzten langileak itzultzen hasi ziren.

2022ko urtarrilaren 27a. Segurtasun eskaeren erantzunak helarazi zizkioten AEBek Errusiari.

2022ko otsailaren 4a. Txinak eta Errusiak AEBei adierazi zieten bat eginda zeudela.

2022ko otsailaren 7a. Moskun bildu ziren Putin eta Macron. Gerra saihesteko, Europa guztiarentzako «baliagarria» izango den erantzun bat taxutzen hasteko eskatu zion Frantziako presidenteak Errusiakoari.

2022ko otsailaren 11. AEBek esan zuten Errusiaren erasoaldia egun gutxitan has zitekeela, eta beste 3.000 soldadu bidali zituzten Poloniara. Hainbat herrialdek Ukrainatik irteteko eskatu zieten beren herritarrei.

2022ko otsailaren 12a. Biden eta Putin bildu egin ziren bideokonferentzia bidez. Kremlinek Errusiaren aurkako «desinformazio kanpaina bat egitea» egotzi zion Etxe Zuriari. Bidenek, berriz, diplomaziaz aparteko bideak prest zituela ohartarazi zion Putini.

2022ko otsailaren 15a. Errusiak jakinarazi zuen Ukrainako mugan zituen tropa batzuk erretiratzen hasi zela. Errusiako diputatuek Putini eskatu zioten Donbassko herri errepubliken independentzia aitortzeko.

2022ko otsailaren 18a. Donetskek eta Luhanskek iragarri zuten hasi zirela herritarrak modu masiboan Errusiara eramaten.

2022ko otsailaren 19a. Nazioarteko begiraleek egiaztatu zuten Donbassen nabarmen areagotu zela indarkeria. Donetskeko eta Luhanskeko liderrek mobilizazio militarrera deitu zuten.

Gerra betean

2022ko otsailaren 21a. Putinek Luhanskeko eta Donetskeko herri errepubliken independentzia aitortu zuen. Mendebaldeko potentzien babesik gabe hartu zuen erabakia Putinek.

2022ko otsailaren 24a.Errusiak operazio militar bat abiatu zuen Donbassen. Ukrainak gerra legea ezarri zuen.

2022ko otsailaren 25a.Errusiako indarrak Kieveko aldirietara iritsi ziren. Zelenskik negoziatzeko eskaintza egin zion Putini.

2022ko otsailaren 28a. Ukrainaren eta Errusiaren arteko lehen negoziazioak hasi ziren, Bielorrusian.

2022ko martxoaren 9a: Lehen ebakuazioak hasi zituzten, su-eten urraketak tarteko, eta herritarrentzako giza korridoreak irekitzeko negoziazio zailen ostean.

2022ko martxoaren 19a. Mariupolgo portuaren kontrola eskuratu zuen Errusiak, eta, horrekin batera, bere helburu nagusietako bat: Azoveko itsasoaren kontrola.

2022ko martxoaren 25a. Errusiak adierazi zuen gerraren «lehen fasea» bukatutzat ematen zuela, eta soldatuak erretiratuko zituela Kievetik, Donbass hartzeko ahaleginean indar gehiago egiteko.

2022ko martxoaren 29a. Errusiako eta Ukrainako goi mailako ordezkariak Istanbulen elkartu ziren, negoziatzeko, Turkiaren gidaritzapean. Hiru egunen ondoren, elkarrizketa eten egin zen.

2022ko apirilaren 3a.Kieveko probintzia osoa berreskuratu zuten ukrainarrek, Errusiako soldaduak erretiratu ostean. Butxa eta inguruko beste herrietan soldadu errusiarrek mila ukrainar baino gehiago hil zituztela salatu zuten, eta Putini gerra krimenak egotzi.

2022ko apirilaren 14a. Errusiaren gerraontzi nagusiari kalte larriak egin zizkioten Ukrainako indarrek; handik laster urperatu zen ontzia.

2022ko apirilaren 18a.Donbassen beste oldarraldi bat hasi zuen Errusiak, bonbardaketak eta erasoak ugarituz.

2022ko apirilaren 21a. Mariupol ia 50 egunez setiatu ondoren, azken soldadu ukrainazaleak Azovstal altzairutegian gordeta zeuden. Moskuk iragarri zuen ez zela oldartuko altzairutegi barrura, baina setioa gogortuko zuela, eta hiria «askatutzat» jo zuen Putinek.

2022ko apirilaren 22a. Errusiako komandante batek jendaurrean azaldu zuen Ukraina hegoalde osoa bereganatzeko asmoa duela Errusiak. Kremlinek ez zuen baieztatu, baina ukatu ere ez.

2022ko maiatzaren 10a. NBEk salatu zuen «era guztietako» giza eskubideak urratzen ari direla Ukrainako gerran.

2022ko maiatzaren 20a. Azovstal altzairutegitik atera ziren bertan gotortutako azken soldadu ukrainarrak eta errenditu egin ziren: Mariupol osoa Errusiaren eskuetan gelditu zen, 80 eguneko setioaren ondoren.

2022ko maiatzaren 30a. Maiatzeko azken egunetan hasi ziren borrokak Sievierodonetsk hiri barruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.