46 Batxilergoa ikasleentzat edo ikasleak batxilergoarentzat?

Iraia Gallego, Haizea Delgado, Elene Beristain eta Sara Arrillaga.

Batxilergoa etapa garrantzitsua da ikasleen bizitzan, etorkizuneko ikasketak aukeratu eta helburu akademikoak zehazten hasten direlako. Hala ere, azterketen pilaketak, nota altuak lortzeko presioak eta etorkizunari buruzko zalantzek estresa eta urduritasuna eragin ditzakete. Baina zer ondorio ditu presio akademikoak ikasleen osasun mentalean? Nola eragiten diote eguneroko bizitzan? Eta zer egin dezakete ongizatea zaintzeko?

PRESIO AKADEMIKOA ETA OSASUN MENTALA BATXILERGOAN 2026-10-20

Etorkizunak sortzen duen presioa

Batxilergoko bigarren mailan, USaP azterketak garrantzi handia du, lortutako emaitzek unibertsitateko ikasketetarako sarbidean eragina izan baitezakete. Uxue Olascoaga ikasleak Fisika ikasi nahi du etorkizunean, eta helburu horrek motibatzen badu ere, azterketen garrantziak urduritasuna sortzen dio.

Uxue Olascoaga

“Nahiko urduri nago, azterketa garrantzitsua delako eta nire etorkizunarentzat erabakigarria delako. Hala ere, motibatuta nago, eta nire burua prest ikusten dut”, azaldu du Uxuek. Bere kasuak erakusten du motibazioa eta presioa batera agertu daitezkeela. Gainera, azterketak prestatzeak denbora asko eskatzen du, eta horrek lagunekin egoteko edo zaletasunez gozatzeko aukerak murriztu ditzake. Horren ondorioz, Uxue ere, bere burua zaintzen saiatzen da; “nire pentsamendu exijenteei neurria jartzen saiatzen naiz egunerokotasunean antsietate asko ez izateko” dio. 

Ikasle guztiek ez dute presio berdina sentitzen

Ibon Aristi Bigarren Hezkuntzan hamar urteko esperientzia duen zientzietako irakaslearen arabera, ikasle guztiek ez dute presio bera sentitzen. “Ikasle batzuk presio hori dute eta beste batzuk ez”, adierazi du.

Ibon Aristi

Aukeratu nahi dituzten graduetan sartzeko nota altuak behar dituzten ikasleek presio handiagoa sentitu dezakete. Horregatik, ikasturtea lasaiago hartzeko ikasteko garaian eskemak egitea, laburpenak prestatzea eta ideia nagusiak identifikatzea baliagarriak izan daitezke. Horrez gain, testuak ulertzea, informazio garrantzitsua azkar aurkitzea eta norberaren indarguneak eta ahulguneak ezagutzea ere lagungarria da. Ibonek ikasleei beren buruarengan konfiantza izaten eta beren helburuak zein gaitasunak errealismoz baloratzen saiatzea gomendatzen die. Norberak zer nahi duen pentsatzea garrantzitsua da, erabakiak besteen itxaropenen arabera bakarrik ez hartzeko.

Zenbakien atzean dagoena

Presio akademikoak ikasketetan ez ezik, eguneroko bizitzan eta osasun mentalean ere eragina izan dezake. Azterketen inguruko kezka etengabeak atsedenari, loari eta harreman pertsonalei denbora gutxiago eskaintzea eragin dezake. Egoera horri aurre egiteko, ikasketak antolatzea, lanak zatika egitea eta azterketak aldez aurretik planifikatzea lagungarria izan daitekeela dio irakasleak. Era berean, atseden hartzea, behar bezala lo egitea eta lagunekin zein familiarekin denbora pasatzea ezinbestekoa da. 

Irakasleen laguntza ere garrantzitsua da. Ibon Aristiren hitzetan “batxilergoko bigarren mailan bereziki oso modu transparentean erakusten dugu. USaP-eko azterketa eredu desberdin pila bat ditugu, orduan guk gaian aurrera goazen heinean ariketa horiek ematen dizkiegu”.

«Ikasle asko oraindik ez dira konsziente»

-Ibon Aristi

Aldiz, Olascoagak badaki ikasturte gogorra datorkiola eta momentu zailak biziko dituela baina aurre egiteko prest dagoela adierazi du.

Azken batean, Batxilergoan nota onak lortzea garrantzitsua izan daiteke, baina kalifikazioek ez dute ikasleen ahalegina eta ongizatea osorik islatzen. Arrakasta ez da emaitza akademiko onak lortzea bakarrik; etorkizuna eraikitzen den bitartean norberaren osasun mentala eta ongizatea zaintzea ere bada.