Eskubaloi mundua oso garrantzitsua da Zarautzen. Nahiz eta hainbat kirol egon aukeran, herriko zenbait gaztek eskubaloiaren bidea aukeratu ohi dute txiki-txikitatik. Horren lekuko dugu gaurkoan Julen Lekuona.
ADAY ARNAL – JARE BERASATEGI – NICHOLAS CERCEGA – LUR ELIZALDE – MARTIN MENDOZA
ZARAUZKO KIROLARIAK, 2026-10-20

Julen Lekuona, Oteitza Lizeo Politeknikoan 2026-10-16. ADAY ARNAL
Zarauzko Kirol Elkartea 1944. urtean sortu zen eta Emilio Olazabalek 1965 inguruan eskubaloiaren atala sortu zuen. Gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak ditu, biak ere Zilarrezko mailan aritu ohi dira. Denbora laburrean elkarte garrantzitsua bihurtu da Euskal Herri osoan.
Hasiera batean, Munoan jokatzen zuten, baino badira urteak Aritzbatalde kiroldegia sortu zela, eta gaur egun bertan aritzen dira. Astebururo kiroldegia gainezka dago, talde desberdinak ikusteko gogo handiz. Gaur egun 30 talde inguru daude elkartean, guztira 300 jokalari baino gehiago, bai emakumezko zein gizonezko.
Elkartean hainbat mailetako jokalariak daude, eta talde desberdin asko. Benjaminetatik seniorretaraino entrenatzeko aukera dago, talde bakoitzak entrenamendu ordutegi finko bat izanik.
Kirolari baten munduan
“Eskubaloia nire bizitzako zati garrantzitsua da” aipatzen du Julen Lekuonak, Zarauzko eskubaloi elkarteko parte den jokalariak. Zortzi urte daramatza kirol honetan. Astean zehar entrenamenduak eta partidak izaten ditu, eta denbora asko eskaintzen dio. Dena dela, Julenek azpimarratzen du “eskubaloia kirola baino gehiago da niretzat: lagunak egiteko, esperientzia berriak bizitzeko eta gauza asko ikasteko aukera ere bada”.
Elkarteko gazteak, kiroldegi inguruan dabiltza egunerokotasunean. Astean zehar ordu asko sartzen dituzte bertan entrenatzen beraien errutina jarraituz.
Gaztetatik kirol batean aritu denak badauka erreferente gisa pertsona bat. Aldiz, Julenek ez.
«Beti miretsi izan ditut gogor lan egiten duten eta inoiz amore ematen ez duten jokalariak»
JULEN LEKUONA
Zarauzko eskubaloi jokalaria
“Nire oroitzapen politenetako bat Euskadiko selekzioan egon nintzenekoa da, duela 3 urte” azaltzen du Julenek. Eskubaloian ibiltzen den jokalari orok daki esperientzia hau beste urrats bat emateko eta hobetzen jarraitzeko aukera dela. “Horrelako bizipenek kirol honetan jarraitzeko eta hobetzen segitzeko gogoa ematen didate”.

Julen Lekuona Campos, eskubaloian jokatzen 2026-05-19. LUIS EPELDE
Kirolean ere badaude
Zailtasunak zailtasun, bizitzan bezala kirolean ere askok izaten dituzte hainbat gorabehera. Lesioak bidearen parte dira sarritan, ”zulo beltz batean bezala sentitzen nintzen”, baina guztiak du irtenbidea. Errekuperatzeko lan asko egin ondoren, bueltatzea pozgarria da, berriro taldearekin entrenatzeko eta eskubaloiaz gozatzeko aukera ematen duelako.
Lesioa pasa ostean, etorkizunari begira jarri da Julen, jokatzen eta teknikoki, fisikoki eta mentalki hobetzen jarraitzea du helburu, bere taldeari lagunduz. “Niretzat garrantzitsuena, hala ere, kirolaz gozatzen jarraitzea da”.
Grabitatea ez da munduko presio bakarra
Partida garrantzitsuek tximeletak sortzen dituzte gure sabeletan. Besteek gugandik espero duenak presio handia sor dezake guregan. Julenek erran duen bezala “presio horrek urduritasuna sor dezake, batez ere partida garrantzitsuetan. Horri aurre egiteko, nire jokoan kontzentratzen saiatzen naiz eta gogoratzen dut ezin dudala beti dena perfektu egin”.
Hau guztiarekin kontutan hartu behar dugu, kirolaz gain, ikasketak ere beraien lekua dutela. Zaila egiten da ikasketak eta eskubaloia uztartzea, entrenamenduak, partidak, lanak eta azterketak batera etor daitezkeelako. Horregatik, denbora ondo antolatzea oso garrantzitsua da. Azkenik, Julen Lekuona hitz hauekin agurtu zaigu, “Nahiz eta denbora ez izan, zure ametsa lehenetsi”.
