Gorka Aranberri arraunlari zarauztarrak hamasei urterekin egin zuen debuta herriko traineruan, eta hogei urte geroago ehungarren bandera lortu zuen Zarauzko Ikurrinan. Haren ibilbideak garaipenen atzean dagoen lana, konstantzia eta sakrifizioak erakusten ditu.
NAROA IKUTZA – LUKEN UDABE – ENEKO OLAIZOLA – NAIA REVILLA – SARA ARRILLAGA
ZARAUZKO KIROLARIAK , 2026-10-20

ZARAUTZEN JAIOTAKO AMETSA, EHUN BANDEREN BIDEA
Zarautzek arraunarekin lotura estua du, eta Gorka Aranberri Etxeberria herrian hasi eta goi-mailara iritsi den arraunlarietako bat da. 1987an jaioa, 2003an egin zuen debuta Zarautzeko Enbata traineruan, hamasei urterekin. Hogei urte geroago, 2026ko abuztuan, ehungarren bandera irabazi zuen herri berean, Orioko traineruarekin. Bere ibilbidean zehar, Bermeo-Urdaibai, Orio eta Santurtzi taldeetan ere aritu da, eta Eusko Label Liga eta Kontxako Bandera bezalako garaipenak lortu ditu. 2026ko irailean, gainera, Kontxako bere hamaikagarren bandera irabazi zuen.
Hasierako urteak garrantzitsuak izan ziren haren kirol ibilbidean. «Zarautzek ikasteko eta konpetitzeko aukera eman dit», azaldu du Aranberrik. Herriko taldean ikasi zuen arraunean, baina goi-mailan lehiatzeko beste talde batzuetara joateko erabakia hartu zuen.
BANDEREK KONTATZEN EZ DUTEN ISTORIOA
Jendeak estropadak udan ikusten ditu, baina arraunlarien lana urte osoan egiten da. Aranberriren arabera, entrenamenduek ematen dute estropadetan behar den konfiantza. «Jendeak udaran ikusten duena %10 edo %20 dela esango nuke», dio. Horregatik, banderek ez dute erakusten urtean zehar egindako ahalegin guztia.
Patroiaren lana ez da trainerua gidatzea bakarrik: itsasoaren egoera aztertu, erabakiak hartu eta arraunlarien lana koordinatu behar du. Horregatik, entrenamenduetan egindako lana funtsezkoa da. Aranberrik 2023an eta 2024an Eusko Label Ligako patroi onenaren saria jaso zuen, eta esperientziak egoera zailei aurre egiten lagundu dio.
«Estropadaren bat gaizki ateratzen denean, ez du esan nahi mundua bukatzen denik», azaldu du. Urteekin, gauzak lasaiago hartzen ikasi du, eta emaitza txar baten ondoren lanean jarraitzea ezinbestekoa dela dio.
«INORK EZ DU EZER OPARITZEN»
Garaipenek, ordea, badute alde gogorrik. Aranberrik hiru alaba ditu, eta udan zaila egiten zaio familiarekin eta lagunekin denbora pasatzea. Hiru edo lau hilabetez entrenamenduak eta asteburuetako estropadak izaten dituzte, eta horrek oporretara joatea edo familiarekin planak egitea mugatzen du.
«Familiak ere asko lagundu behar dizu», aitortu du. Arrauna gustuko duelako egiten duela dio, baina familiari eskaintzen dion denbora eta kirolak ematen dizkion esperientziak balantzan jartzen dituela ere azaldu du.
ARRAKASTAREN SEKRETUA: AMORE EZ EMATEA
Aranberriren ibilbidea Zarautzen hasten da, baina beste herri batzuetako traineruetan jarraitzen du. Horrek ez du ezabatzen hasierako herriarekin duen lotura. Izan ere, Zarautzek arraunean ikasteko eta lehiatzeko aukera eman ziola gogoratzen du.
Herriko arraunean hasi nahi duten gazteei ere aholku argia ematen die: konstantzia izatea eta taldeari norberaren ekarpena egitea. «Arraunean, beste kiroletan zein bizitzan, konstantzia bat behar duzu», dio.
Ehungarren bandera ez da zenbaki hutsa. Zarautzen hasitako bide baten emaitza da, urteetako ahaleginaren erakusgarri eta herriarekin duen loturaren oroigarri.
Iturria: Gorka Aranberrirekin egindako elkarrizketa.
