42- Harri jasotzaile gaztea, bide berriak sortzen

Mendeetan zehar euskaldunen nortasuna definitu izan dute herri kirolek. Horien artean, harri jasotzea oraindik ere indarrean dagoen kirola da. Duela urte batzuk bezainbesteko arrakasta ez duen arren, kirolaren etorkizuna bermatua dugu. Maddi Gesalaga bezalako harri jasotzaile gazteek hartu baitute lekukoa.

Maddi Atxutegi – Ekhi Garcia de Eulate – Itxaso Olaizola – Shua Aranzasti.

ZARAUZKO KIROLARIAK – 2026-10-20

Maddi Gesalaga, 2026ko urriaren 12an Zarauzko Azken Portu kalean. Elkarrizketa egin ostean.
MADDI ATXUTEGI, ITXASO OLAIZOLA, EKHI GARCIA DE EULATE, SHUA ARANZASTI.

Maddi, 18 urteko harri jasotzailea arrakastan dabil hainbat marka hautsiz. Emakume gazte hau txapelketaz txapelketa ibili da errekor berriak ezarriz eta hala jarraitzeko asmoa du. Are gehiago, txikia zenetik zituen ametsak betetzen ari da, eta hainbat txapelketa irabazi ditu. “Kirol hau praktikatzen hasi nintzenetik txapelketa hau irabaztea amets bat izan da niretzat, beti izan dut helburu hau, baina orain arte ez da posible izan. Pozik nago lortutako emaitzekin” dio zarauztarrak. Gainera, bere mugak gainditzeaz gain, beste askorentzat ere eredu bihurtu da. 

«Nire aitonaren ametsa ere bazen txapelketa hau irabaztea, horregatik berari eskaintzen diot»

MADDI GESALAGA

Harri jasotzaile moduan duen istorioaren hasiera aitonaren esker izan zen. Aitona gaztea zenean, nahiz eta bere kabuz harririk ez altxa, harri jasotzaileak beraien indarra lantzen ikustea gogoko zuen, eta bere zaletasun hori hurrengo belaunaldiei erakutsi nahi zien. 

Hortaz, Maddi, bere biloba, kirol mundu honetara bultzatu zuen. Aitonak beti esan izan zion gorpuzkera aparta zuela kirol honetarako, betidanik sinistu izan zuen bere biloba arlo honetan erronkak gainditzeko gai izango zela. Hau honela, Izeta II. aren laguna zelarik, harekin kontaktatu eta Maddi mundu honetan murgildu zen.

Geroztik, Maddi parean topatu dituen erronka guztiak gainditzen doa 14 urte zituenetik markak hausten. Azkenetariko bat dugu adibidetzat; pasa den abuztuan Uliako 70 kiloko harria 22 aldiz altxatu zuen. Garaipen horrekin, txapela jantzi eta bere lorpena hainbeste miresten duenari, aitonari, eskaini zion. Izan ere, senide batek esperantzak edukitzearen ondorioz Maddik hainbeste maite duen hori aurkitu du.

Emakumeen presentzia eta kirolaren etorkizuna

Maddik dioenaren arabera, harri jasotzearen etorkizuna garbi ez egon arren, kirolaren inguruan interesa handitzen ari da. Azken urteotan, emakumeek geroz eta ikusgarritasun handiagoa dute kirolean. Hala ere, beti egongo da zer hobetu, kirolean duten lekua eta parte-hartzea guztiz normalizatzeko.

Maddik berak azaldu digunez, “neskok irain edo komentario txarrak behin baina gehiagotan jaso ditugu plazetan”. Horren ondorioz, emakume batzuk ez dira ausartzen kirolean hasteko pausua ematen. Aldiz, Maddi bezalako erreferenteek estereotipo horiek hautsi eta berdintasunean pausu bat ematea ahalbidetzen dute.

«Denborarekin ikasten ari naiz»

Norbait telebistan agertzen den unetik, kritikak saihestezinak dira. Maddik batez ere kritika positiboak jaso dituela argitu digu, “telebistan esatariek diotena entzutea gustatzen zait, kanpoko ikuspegi bat ematen baitit eta horrela asko ikasten baitut”. 

Gaur egungo kirolarien oztopo bat presioa izan ohi da. “Irabazten hasten zaren unean jendeak zuk irabaztea espero du, eta argi dago ezin dela beti irabazi” dio Maddik. 

Etorkizunera begira

Maddik bere ibilbidean lorpen ugari eskuratu ditu. Halabaina, edertasun orok du bere itzala. Maddik dioenez, “ezina, ekinez egina”. Une oro esaldi hau izan du bidelagun, oztopo guztiei aurre egiteko. 

Etorkizunari begira ordea, bere zaletasunaren munduan mantentzea gustatuko litzaioke; gorputzak ahalbidetzen dion arte. Arlo profesionalari dagokionez, gizarte hezkuntzako gradua ikasten ari da, laguntza behar dutenei laguntzeko asmoz.