1 / 5

Hilketak

Frankistek herrialde guztietan jarri zuten jazarpen makina bera abian, Emilio Mola jeneralaren aginduak betez: eremu bat kontrolatu ahala eremu horretako arerio politiko zenbait zuzenean akabatuz eta beste asko herriko, merindade-eskualdeko edo probintziako espetxera sartuz. Gutxieneko baldintzak betetzen ez zituzten gerra epaiketa militarretan kondenatuak akabatzeko gune izan ziren kartzelak. Eta libre utziko edo beste espetxe batera aldatuko zituztela esanda, ehunka presoren azken aurreko geltoki. Frankisten atxilotze guneak gizarte osora izua eta sufrimendua zabaltzeko tresna izan ziren.

Kopuru dantza handia dago datuetan, ikerketa fase eta irizpide desberdinen arabera egiten ari direlako, eta hilketa ugari baieztatzeko agiriak desagerrarazi dituztelako. Datu horien arabera, 4.916 - 5.799 pertsona hil zituzten atzeraguardian.

218

hildako, Sanjurjo Tertzioan

Atxilotu eta hil ez zituzten errepublikaren aldeko asko frontera joatera behartu zituzten frankistek, beren alde borrokatzera. Sanjurjo Tertzioa ezkerreko gizonekin osatu zuten, esaterako. Euskal herritarrak ziren haietako asko, nafarrak. Zaragoza aldera bidali zituzten instrukzioa egitera 1936ko irail hasieran. 700 bat gizon izan zituzten han prestaketan, eta, urrian, frontera bidali behar zituztenean, Zaragozako kuartelean itxi, armak kendu eta tertzioko kideak exekutatzen hasi ziren. 10 egun iraun zuen sarraskiak. 300dik gora izan ziren hildakoak, eta haietako 218, gutxienez, nafarrak ziren. Desertatzeko plan baten zurrumurrua hilketaren arrazoia izan ote zen aipatu izan dute egile batzuek, baina baieztatzeko dago.

222

hildako, Ezkabako kartzela ihesaldiagatik

1938ko maiatzaren 22an, Europako ihesaldi jendetsuena gertatu zen Nafarroako espetxe nagusian, Ezkaban. Preso hilketak, torturak, gosea eta gaitzak batzen ziren gotorleku hartan. Gutxienez 795 presok egiten zuten ihes bertatik, eta pertsona ehiza berehala hasi zen. Iheslarietako 207 mendian bertan akabatu zituzten; eta 585 atxilotu. Azken horietatik 14 fusilatu egin zituzten ihesaldiaren sustatzaile izatea leporatuta. Iheslarietako beste 46 gotorlekuan bertan hil ziren bertako bizi baldintza eta jasotako tratu txarren ondorioz. Ihes egitea lortu zuten: Jovino Fernandez Gonzalez, Valentin Lorenzo Bajo, Jose Marinero Sanzek eta identifikatu gabeko laugarren batek.

Araba

Atxiloketak 1936ko uztailaren 19an hasi ziren herrialdean, eta hilketen erdiak baino gehiago urtea bukatzerako egin zituzten.

Lehendabizikoak, Bastida inguruko lau anarkista. Abuztuaren 24an, Alfonso Sanz Gomez militarra izendatu zuten Ordena Publikoaren erantzule, eta hark hiltzaile talde mugikor bat antolatu zuen. Bruno Ruiz de Apodaka erreketea zen talde hartako buru. Herriz herri aritu zen jendea akabatzen; herriz herri egindako txostenak izan zituen horretarako gida. Ostiralak ateradura egun ofizialak bihurtu zituzten. Gutxienez, 73 preso hil zituzten pasierara aterata.

1936ko irailaren 17an, esaterako, 6 preso atera zituzten hiltzera Gasteizko Probintzi Espetxetik, Espainiako Errepublikaren hegazkinek Gasteiz bonbardatu izanari erantzunez. Jose Luis Oriol diputatu eta konspiratzaile karlistaren semea frontean hil berritan, 1936ko urrian, espetxe bereko beste 10 preso hil zituzten. Martxora arte ez zen etorri, hala ere, preso ateradura gogorrena.

16

Gasteizko kartzelatik atera eta Azazetan hildako presoak

Frankistek egin zuten ateradura handiena 1937ko martxoaren 31koa izan zen, Bizkaiaren kontrako erasoa hasi zuten egunekoa. Probintzi espetxeko 16 preso hiltzea agindu zuen Mola jeneralak, erretaguardia “desinfektatzeko”. Kolpearekin bat egin ez zuten indar guztietako ordezkariak hil zituzten egun hartan Azazetan, Gasteizko alkate Teodoro Gonzalez de Zarate haien artean zela.

Antonio Barron Martinez anarkista Gasteizko Espetxe Probintzialetik hiltzera ateratzeko erabili zuten agiria.

Bizkaia

1937ko abenduan, 7.935 preso zeuden Bilboko espetxeetan Jaurlaritzaren txosten baten arabera: 2.136 Larrinagako Probintzi Espetxean (horietako 365, Santoñatik hiltzera kondenatuta ekarrita), 3.438 Eskolapioetan, 1.211 Karmelon (tartean 45 apaiz), 616 Orueko txaleteko emakume kartzelan eta 532 Upo Mendi ontzian. Bilboko Santutxu auzoan kontzentratzen ziren espetxe gehienak, eta Larrinagakoan izan zen hilketa gehien. Hilketa hauetatik gehienak, ordea, auzitegi militar ofizialek hala ebatzita egin zituzten.

Preso gehienak, 550, fusilatuta hil zituzten, eta 34 garrotatuta -lepoa hil artean bihurrituta-. Exekutatu haietako asko espetxean bertan hil zituzten; besteak, Derioko hilerriko paretaren kontra tirokatuta.

584

1937-1939 epean, ofizialki, Larrinagan akabatutako presoak

1938ko martxoaren 11n, frankistek Tradizioaren Martirien Eguna izendatutakoaren biharamunean, Larrinagako probintzi espetxeko 29 preso akabatu zituzten, eta beste 20 hurrengo egunean, beren hildakoen gorazarrerako arerio politikoak hilez..

49

Larrinagatik 'pasierara' ateratako presoak

Epaiketa militarra jasan ondoren 1937ko urritik abendura bitartean Bizkaian exekutatutakoen zerrenda, abenduaren 22ko La Gaceta del Norte egunkarian.

Gipuzkoa

Herrialdea konkistatu ahala bete zituzten frankistek kartzelak, eta hasi ziren presoen akabaketak. Besaingoa izan zen lehenetakoa. 1936ko uztailaren 27an hartu zuten faxistek herria, eta gutxienez 32 preso atera zituzten bertatik, 28ra bitarteko gauean, hiltzeko.

Handik hiru hilabete eskasera, urrian, dozenaka preso Ondarretako probintzi espetxetik hiltzera ateratzen ari ziren kolpistak. Herrialde guztietan errepikatu zuten taktika zen hura: presoei askatu egingo zituztela esan, paperak horren arabera bete, eta Hernaniko hilerrira hiltzera eraman zituzten dozenaka bertatik, tartean Jose Ariztimuño Aitzol apaiz euskaltzalea. Haien gorpuen bila ari dira oraindik ere ondorengoak.

Probintziako, eskualdeko eta herrietako espetxeetan presoei eskaintzen zitzaien tratuaren neurria Donostiako Zapatari kaleko Asaltoko Guardien kuartelak hartu zuen ezizenak ematen du: Infernua. Hildakoen kopuruak zehaztea zaila da, agiri gutxi eta oso kopuru desberdinak ematen dituzten iturriak daudelako.

Irun babesten aritutako milizianoak, gorpu.

Nafarroa

Nafarroan gertatu zen preso hilketa eta desagerrarazte gehien: dagoeneko 121 ateradura daude zenbatuta herrialdean. Hilketak zilegiztatzeko, aitzakia ugari erabili zuten. Batzuetan, frontean frankisten alde borrokan hildako baten gorpua herrira etortzearekin bat hil zuten jendea. Buñuelen, esaterako, 26 preso atera zituzten 1936ko abuztuaren 26an arrazoi horrengatik. Tafallan ere, espetxeko 65 preso hil zituzten Eloko paraje batean 1936ko urriaren 21an, herriko errekete bat frontean hil zela eta. Santutegiko egun seinalatuetan ere preso hilketak egin zituzten: 1936ko abuztuaren 15ean, Jasokunde eguna santutegi katolikoan, Corellako 27 biztanle hil zituzten Milagron.

227

Iruñeko espetxean 1936ko uztailean preso sartu eta hildakoak

Molak uztailaren 19an gerra bandoa jo zuenetik hila bukatu artean, 750 pertsona sartu zituzten preso Iruñeko Probintzi Espetxera: 56 preso eguneko, batez beste. Haietatik %33,5 hil zituzten, 227 pertsona. Egutegi erlijiosoarekin lotutako hilketa handiena bertako presoekin egin zuten, 1936ko abuztuaren 23an, Nafarroako zaindari Andre Maria Erreginaren egunean. Olaetxea gotzainak “ez da gerra, gurutzada baizik” zioen gutuna eman zuen argitara egun hartan bertan, eta prozesio arrandiatsua egin zuten Iruñean. Prozesio aurreko orduetan, espetxe probintzialeko 53 preso libre uzteko agindua eman zuen gobernadore zibilak. Espetxe atarian kamioietan sartu eta Bardeara, Valcalderara eraman zituzten hiltzera. Bakarrak egin zuen ihes.

81

Lizarrako espetxea itxi aurreko egunetan hildakoak

Lizarrako espetxea itxi aurreko egunetan hildakoak 1936ko irailaren 5ean, Lizarrako zaindari Puyko amabirjiñaren egunean, bertako espetxeko presoak hiltzera ateratzen hasi ziren, eta, hilaren 24ra bitartean, 81 hil zituzten. Segidan, espetxea itxi zuten.

%39,5

Tuterako espetxean preso hartu eta hildakoak

1936ko uztailaren 19tik abuztuaren amaierara bitartean, 385 pertsona espetxeratu zituzten Tuterako espetxean, eta haietatik 119 (%39,5) hil. Nafarroa oson hildako pertsonen %20 Tuteran hil zituzten.

36ko gerran desagerrarazien gorpu bilaketari eusten diote oraindik ere. Argazkiko zazpiak 2005eko urrian aurkitu zituzten, Fustiñanan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS