Kultur jazarpena

Franco buru zuen erregimenak, pertsonak ezabatzeaz gain, kontrakotzat zituen pentsamoldeak, jarrerak eta hizkuntzak erretzea erabaki zuen.

Liburu erreketa Tolosako (Gipuzkoa) plazan.

Espainian zaharra zen tradizioari jarraiki, euskara debekatu zuen eskoletan eta toki publiko guztietan. Euskalduntasuna ukatzeko eta ezabatzeko politika jarri zuen abian: Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia debekatu zituen; desagertu egin ziren euskarazko aldizkariak, euskarazko irratsaio gutxiak, antzezlanak edota eliztar gehienen hizkuntza zen horretan egindako sermoiak. 1936ko irailaren 25ean, Lizarrako komandante militarrak debekatu egin zuen “agur” hitza erabiltzea, zergatik eta “separatistek inportatua” zelako haren ustez, “espainieraren berezko adiós” hitzaren ordez. 1938ko abuztuan, Urolako treneko burua kendu zuten txartel elebidunak saltzen jarraitzen zuelako.

1937ko martxoaren 17an, ikur marxistak edo abertzaleak zituzten hilerriak “berehalakoan” kentzea agindu zien udaletxeei Bizkai eta Gipuzkoako gobernadore militarrak. Ikurrak bakarrik ez, euskarazko hitzak ere kentzea agindu zuten geroago. Euskal izenak obsesioa bihurtu ziren agintarientzat. 1938ko maiatzaren 18an, Justizia Ministerioak euskal izenak ez onartzeko agindua eman zuen. Diktadura osoan nagusituko zen jarrera euskarazidaren lehen urratsak ziren.