Aurreko elkarrizketak

Maite Aristegi

Maite Aristegi

Kongresurako Amaiur-en zerrendaburua

Ikusi elkarrizketa

Goizane Alvarez

Goizane Alvarez

Kongresurako PSE-ren hautagaia

Ikusi elkarrizketa

Bixente Serrano Izko

Bixente Serrano Izko

Kongresurako Geroa Bai-ren hautagaia

Ikusi elkarrizketa

Laura Garrido Kn�rr

Laura Garrido Kn�rr

PP-ko Eusko Legebiltzarreko parlamentaria

Ikusi elkarrizketa

Aitor Esteban

Aitor Esteban

Kongresurako EAJ-ren hautagaia

Ikusi elkarrizketa

Elkarrizketa Digitala

Maite Aristegi

Maite Aristegi

Kongresurako Amaiur-en zerrendaburua

2011-11-17 - irakurleen galderak erantzun ditu

Maite Aristegi Amaiurren zerrendaburu da Espainiako Kongresurako. Zuzenbidean lizentziaduna, EHNE sindikatuko idazkari nagusia izandakoa da. Beste batzuen artean eskubide zibil eta polikoen defentsarako taldeetan parte hartu du.

 ERANTZUNDAKO GALDERAK

18

G. Amaitu da elkarrizketa digitala. Eskerriak asko Maite galderak erantzuteagatik, eta eskerrik asko, zinez, gaur eta aurreko egunetan hauteskundeei buruzko elkarrizketa digitaletan parte hartu eta galderak bidali dituzuen guztioi. BERRIA.INFO

E. Mila-mila esker Berriari aukera hau emateagatik eta nola ez galderak zuzendu dizkidazuen guztiei; lehen aldia zen niretzat eta benetan esperientzia polita izan da; ez dakit galdera guztiak behar bezain fin eta zehaztasunez erantzungo nituen, eta barkatuko didazue hala ez bada; edozein modutan, zerbait gelditu bada edo beste edozein zalantza argitzeko Amaiur-kook oso hurbilekoak gaituzue, eta egin galdera lasai zuzen-zuzenean guregana inguratuta. Behin kanpa�a bukatu eta gero, beharbada "abstinentzia sindromeak" jota egongo gara eta... Muxuak guztioi eta ez ahaztu "zaindu maite duzun hori" eta eman botoa bere alde. Maite

17

G. Ze proposamen aurkeztuko dozue parlamentuan euskarari deagokionez? Peio

E. Aupa Peio! Geuk ere larri ikusten dugu bai euskararen geroa. Gure hizkuntzaren biziraupenerako ere ezinbesteko dugu subirautza, eta horren alde saiatuko gara. Baina argi daukagu urrats sendoak, benetakoak, eman behar direla euskararen ofizialtasuna egiazkoa izan dadin. Hori izango da gure ipar orratza: gure herrian euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu! Bitartean, gutxienez ni pozten naiz ikustean hautagaion lan eta bizi-hizkuntza euskara izango dela, hala baita dagoeneko eta bakarren bat justu xamar badabil ere, ziurtatzen dizut gure hango ibilerak bukatu orduko gutxienez EGA ateratzeko gai izango dela. Maiteren hitza!

16

G. Kaixo Maite, 15-Mko protestatan parte hartu izan dut, baina iruditzen zait ez diguzuela kaso gehiegi egin. Nazioaz eta hitz potoloez gehiegi hitz egiten duzue, baina deshaucioez zer duzue esateko? Lide

E. Aupa Lide! Beharbada hitz potolo horiek baino ez dira agertzen titularretan, baina guri benetan kezkatzen gaituena Herriaren eta herritarren egunerokoa da, hau da, deshauzioak edo etxe bizitza falta bezela, lanik eza, zerbitzu guztiek pribatizazio eta prekarietatea... Egoera sozio-ekonomiko oso larrira eraman gaitu eredu kapitalista bortitz honek, horregatik Amaiurren lan ildo nagusi bat eredu hori iraultzea da. Eta horretarako egongo gara han, gaizkien daudenen ahotsa hara eramateko, ahalik eta ozenen benetako aldaketak eskatzeko, baina duda barik, aldaketa horiek eta Europa honetan eman ahal izateko behar ditugun eskumen guztiak, subirautza osoa, gehiengo sindikalaren erreibindikazio historikoak direnak eskatu eta eskuratu beharko ditugu. Eta ziur izan, kanpaina garai hau horretarako aproposa ez bada ere, koherentziagatik bakarrik ere, zuen eskakizunak gure egunerokoan hor egon beharko dutela lehen lerroan.

15

G. Belodromoan Ezker Abertzalearen presentzia handiena izango bazen ere, Amaiurren pluraltasunaren ariketa berdaderoa esperimenatu genuen? Zer iritzi duzu horretaz? Juanlu Artabe

E. Aupa Juanlu! Amaiurren aniztauna errealitate bat da eta horretan datza gure balio gehitua. Azkenean, Herriak hainbatetan eskatu digun "goazen Maltzagaraino elkarrekin" ariketa hori martxan da. Oinarriak jarriak dauzka, lurra lantzen ari gara guztiok elkarlanean, elkar ezagutzen, hainbat zauri ixten, goxatzen, azken batean, alderdien interesen gainetik Herriarena jartzen... eta hori estimatzen dela adierazten digute egun hauetan Euskal Herriko herri eta kaleetan zehar. Egia da ezker abertzaleak pisua eta mobilizatzeko gaitasun izugarria duela, baina aniztasunean eta metaketan, belodromoan ginen eta ginenon batzean dago Herri honen aukera bakarra. Eta nere aldetik, elkarren arteko lan hau oso esperientzia polita, aberasgarria eta goxoa izaten ari dela esango nizuke, sentsibilidade desberdinen gainetik, benetan Amaiurren hautagaia sentitzen naizela.

14

G. Asko diharduzue independentziaren eta autodeterminazioaren inguruan, baina ez duzue hainbeste hitz egin enplegua, etxebizitza eta halakoei buruz. Zein da zuen lehentasuna, autodeterminazioa edo enplegua eta etxebizitza? Mila esker! Jon

E. Kaixo Jon! Gure lehentasuna herritarren eguneroko premiak dira; bai horietxek dira, enplegua, etxebizitza, osasungintza... gertatzen dena da horiek nola antolatu erabakitzeko tresnak behar ditugula, eta horiek ez daudela gure eskuetan. Madrilek du gaur egun erabakimen nagusia gure oraina eta etorkizunari buruz. Horregatik diogu, gaur egun geure buruaren jabe izatea ia beharrekoa dugula geure eta Herri honen biziraupenerako. Madrileko itsasontzi horrek zuloak besterik ez ditu eta gu beraiekin garamatzate zulora. Guk baditugu errekurtsoak, aberastasuna (Europako bataz bestekoaren gaindik, noski gaizki banatuta baina), herrialdeen arteko probestu gabe sinerjiak, sektore guztietan ekonomia produktiboagoa aurrera eramateko hainbat aukera... baina horiek kudeatu eta optimizatzeko burujabetasuna behar dugu. Eta orduan, geuk, geure errekurtsoekin erabaki beharko dugu nolako gizarte zuzenagoa eraikitzen dugun, herri xehearen eguneroko beharrei erantzungo diena.

13

G. Egun on Maite, Zeintzuk dira zure proposamenak politika sozialean? Milesker! Aitzol

E. Epa aitzol! Gai sozialetan izugarrizko iraultza eman beharra dago egungo eredu sozio-ekonomikoari. Ikusi besterik ez dago adibidez iruzur fiskala Hego Euskal Herrian urtean 13.000 miloitakoa dela. Pentsa horren banaketa sozial batekin bakarrik zenbat bermatu daitekeen ongizatea. Aberastasunaren banaketa dago koxka, interes publikoak pribatuen gainetik jartzean, parekidetasuna bermatzea, justizia soziala azken batean, merkatua pertsonaren zerbitzura eta ez alderantziz... baina egungo egoerak eskatzen dituen neurri erangikorrak eta integralak aurrera eramateko ezinbesteko dugu tresna guztiak gure esku izatea: lan harremanetarako giza ongizateko subirautza osoa gure esku behar dugu, legediak eta gizarte segurantzaren kutxa. Eta gero joango gara idazten letra txikia, hemen denok hobeto bizi ahal izateko lagin bai baitago!

12

G. zergatik kanpainako tonua pnv-rekin eztabaida antzuetan ez sartzea izan da eta alderantziz pnv era erasokorrean ageri da ezker abertzalearekiko? ez al da hau orain arteko indar korrelazioen iraulketa baten agerikoa? gorka murua

E. Epa gorka! Bai, guk ere hala uste dugu. Pena ematen du ikusteak, elkarrekin Herri bezela joateko aukera izan dutenean, askoz indar handiagoa izango genukeenean, eta Herri honen batzearen aldeko betiko borondatea beteko genukeenean, nola beren bidea hartu eta gainera areriotzat hartzen gaituzten. Indar espainolistak baino erasokorrago egon dira, gezurrak eta irainak botaz. Beldur dira nonbait M-22ko emaitzak oraindik ere areagotu egingo direla, eta alderdien interesak jartzen dituzte Herriarenaren gainetik. Edozein modutan, ea ondoren Herriaren aldeko benetako politika egiteari ekiten dioten eta Amaiurren ildoetara inguratzen diren.

11

G. Kaixo Maite, Bertso galantak botatzen dituzu miti�etan, zuk asmatutakoak ala idatzi egiten dizkizute? Mila esker eta aurrera! Oihana

E. Epa Oihana! Mila esker loreagatik. Bai, neuk asmatuak dira, oso bertsozalea naiz; ez dira beste mundukoak baina kari�o handiarekin botatzen ditut.

10

G. Aupa: Igandean belodromoan "artaburu" bezala definitu zenuten "bene benetako independentista" bat naz, hau da botoa emotera joango ez den independentista bat. Honen arrazoia argia da, ez dot sekula ikusi, boterea galtzeko arriskua euki ezkero auteskundeak montatzen dauan estaturik? Beraz estatu baten auteskundeetan parte hartzeak ez dau sekula estatu hori makalduko. Sekula ere ez, alderantziz, euren demokarzian parte hartu dozunez, demokrazihorren izenean euren legeak betearaztea legitimoa izatea baino ez dogu lortuko. Bide honetatik, 30 urte barru Amaiureko politikoen ahotik, PNVkoak gaur egun bezala, transeferentziak lortu dabezala, egoera hobeagoa dala... entzungo dogularen arriskua somatzen dot. Nola ikusten dozu? Erri

E. Aupa Erri! Badakit zu ez zarela "artaburu", eta benetako independentista legez jakingo dozula neurtzen domeka hontan jokoan doguna. Hausnarketa sakon asko eta gero ondorio batera ailegau gara: aldebakarreko eskeintzak, Herriaren gehiengoaren ahotsa eta nazioarteko begiradapean, egoera itzul erazi, ezezkotik baietzera pasa erazi. Egungo testuinguruan inoiz emon diren baldintzarik onenak ditugu euren legeak ere aldaerazteko,baina horretarako motorra, indarra, herritarrak gara. Inguruan beste 15 estatu "emerjente" daudenean, Euskal Herrian, hauteskundeotan bozken gehiengoa autodeterminazioaren alde, errespetuaren alde, agertzen bada, uste duzu ez direla ikaratuko Madrilgo harresiak? Zergatik dabiltza ba guztiak Amaiurri egurra ematen? Azken baten Herriaren beldur direlako, aitzakia guztiak amaitu zaizkielako, eta behingoz gaiari heldu beharko diotelako, areago orain Nazioarteko lupak gainean dituztenean... Independentista, autodeterminista, ezkertiar-euskaltzale guztiok izugarrizko erantzukizuna daukagu igandean, ezin gara etxean geratu nahiz eta izatez Estatu antidemokrata hutsak antolatutako hauteskundeak izan... kristoren olatua sortu behar dugu Madrileraino iristeko eta olatu horretan bozka bakoitza, tanta bakoitza izugarri inportantea da... Eta Amaiurko politikook etxera bueltatzea nahi dugu lehenbailehen, hori bai, esan behar direnak esanda eta lortu behar direnak lortzeko bidean izanda. Eta 30 urte baino askoz lehenago denok euskal errepublikaren parte! Animo erri!

9

G. Aupa Maite. Nire galdera: zer egin liteke Madrilen, egin badaiteke, Hego Euskal Herriko nekazarien alde? bat

E. Aupa! Badago bai egitekoa! Datorren urtean Europako Nekazaritza Politikaren eztabaida bideratuko da eta oso garrantzitsuak izango dira horko erabakiak. Gure ustez nekazaritza bizia funtsezkoa da Herri baten biziraupenerako eta orain artean egindakoarekin zulo beltzera eraman gaituzte. Errotik aldatu beharra dago orain arteko eredu neoliberala, elikadura subirautzaren bidetik joz, nekazaritza iraunkorra, lurrari (ingurugiroa), bertan lan egiten dutenei (soziala), eta kontsumitzaileekiko harremanarekin lotuz. Nekazaritza agro-eko-LOJIKOA bideratzeko politika ezarri behar da Europan, eta guk Herri gisa gure nortasun propioa izan arau horiek gure egoera berezira egokitzeko. EAJk eta... bultzatutako industrializazio, intentsifikazioaren ordez lanpostuak eta jenero ona ziurtatuko duen nekazaritza, guztientzat, baita eroslearentzat ere, balio gehitua ziurtatuko duena... Egungo krisi egoeran, sekulako aukerak dauzkagu sektore honetan, eta saiatuko gara honetan ere gure betiko nekazaritza babesten.

8

G. noizko dezu denak etxean egoteko itxaropena? . paulo ormazabal

E. Kaixo Paulo! Ea lehenbailehen den! Gure aldetik ahalegin guztiak egingo ditugu Gobernu berriak egiten duen lehen urratsa horretara bideratua izan dadin, ez izan dudarik! Ea gabonetako argiak benetan aurten argiagoak ditugun!

7

G. Kolaboraziorik edukiko al duzue Kongresuan, PSOEren ezkerrera dauden taldeekin (ERC, IU, BNG, CHA, eta abar)? Amonamantangorri

E. Kaixo amonamantangorri! Bai, horiek ikusten ditugu gure aliatu natural bezala, bai euren ezkertiar mezuagatik eta baita naziotasun ukapenaren egoeraren aldetik ere. Ea horiek eta beste batzuren artean (euskaldunak...) elefantea mugiarazten dugun!

6

G. Uste al duzu immigranteek (Espainiar estatutik kanpo etorritakoak) etorkizunean alderdi espainiarrei botoa emango dietela alderdi abertzaleei eman ordez? bilbotik

E. Zorionez, urtetan, inmigranteekin harreman zuzena izateko aukera izan dut Caritas-en bitartez,eta nere esperientziak dinosta,integrazio prozesu egoki baten bitartez,hasieran asko Espainiara zetozela uste bazuten ere, gero bertakotuta, euren burua euskalduntzat dutela gehienek.Egia esan, honetan ere, hezkuntzak, euskeraren erabilpenak, zer ingurutan egokitzen diren...asko esan nahi du;baina esango dizut egun hauetan euretako hainbatek esan didala edo guri emango zigutela bozka (bozkatzeko aukera duten apurrek) edo beraiek dabiltzan ingurutan zabalduko zuela gure mezua.Kontuan izan behar da eurak ere askotan nazio errealitate ukatu batetik datozela eta ulergarriagoa egiten zaiela gure aldarria.Beraz, baikor naiz honen inguruan,baina lan handia egin beharra dago eurekiko begirunean eta gure artean leku egitean.

5

G. Aristegi anderea, ulertzen dut Amaiurren jarrera, baina zilegi al da kongresuko postua onartu eta betebehar guztietan parte ez hartzea? Arlo jakin batzuetan bakarrik hartuko omen duzue parte, baina kargu hori onartzeak ez al dakar berarekin bertan lantzen diren gai guztiak jorratzea edo, behintzat, present egotea? Be�at

E. Kaixo Be�at: Guk Kongresurako bidea hartu dugunean konpromiso argi batzurekin egin dugu. Batetik, Madril ez dela gure erreferentzia; guretzat hura ez da geltoki definitiboa, hara euskal herritarren eta Euskal Herriaren eskubideak defendatzera goaz; erabakitzeko eskubidea eta dagokigun subirautza osorako bermea dugunean guk ez dugu han ezer pintatzen. Instituzio haiek gure eskubideen ukatzaile izan dira urte askoan eta ez dut uste inongo zilegitasunik galtzen dugunik, geuri, Euskal Herriari dagokiona defenditzeagatik. Horregatik, gure partehartzea, Herri honen mesederako eta gure lan-ardatzen ildotik doazen gaietara zuzenduko da, beti ere ahaztu barik, gure ezkerreko ikuspegitik ez dugula ezta ere gure botorik emango langileen eskubideen edozein murrizketa planteatzen denean, eta horretan ere bilatu beharko ditugu lagunak eta konplizitateak ezkertiarren artean. Gu lana egitea goaz, gogor gainera, baina Euskal Herria eta euskal herritarren eskubideen alde.

4

G. apa maite! independentzia eta sozialismoaz asko hitz egiten duzue bainan ez al duzu uste euskarak protagonismo handiagoa izan beharko lukeela, hots, euskararen ofizialtasuna ozenagoa aldarrikatu beharko litzatekeela? Horrez gain, zer pausu eman beharko lirateke euskararen aldetan? Animo! Herria zuekin da! amaiur!!!

E. Euskara da Herri honen bihotza eta arrazoi duzu behar bada gure aldarrietan protagonismo gehiago izan beharko lukeela. Baina argi daukagu Madrilera bagoaz, gure eskubide politiko, ekonomiko, linguistiko eta kultural guztien errespetuaren bila goazela, eta gure aldarrikapenetako bat duda barik, euskararen benetako ofizialtasuna eskatzea izan beharko dela. Eta Madrilen erakutsi beharko dugu hemen euskaraz bizi nahi duen Herri bat dela, bertan ere euskaraz mintzatzeko dauden aukeretaz baliatuz. Egunero mintzatuz eta euskeraz bizitzeko aukera etengabe, gauden tokian, erreibindikatuz, horrela eta berari buruzko gaietan dagokigun subirautza eskatuz baino ez dugu bere biziraupena ziurtatuko.

3

G. zertan desberdinduko da zuon eta EAJ ren lan Madrilen? pedro quintana lopez

E. Gure lanaren ardatzak erabakitze eskubidea bermatzea eta subirautza politiko eta ekonomiko osoko esparrua geureganatzea dira, ikuspegi ezkertiar batetatik beste eredu sozio-ekonomiko bat bultzatuz: aberastasunaren banaketan, parekidetasunean eta ama-lurrarekiko errespetuan oinarrituko dena. Gu ez goaz orain arte EAJ joan den moduan ondarrak edo limosnak eskatzera, ez eta transferentzia bat edo beste eskuratzeko agintean dagoenarekin pasteleatzera. Langileriaren eskubideak defendatu eta euskal herritarron eta Euskal Herriaren hitza eman eta subirautza osoa aldarrikatuko ditugu. Eta ez dakigu honen harira EAJ hurbilduko zaigun; Herriaren onerako, hobe hala balitz!

2

G. Egunon Maite, zergatik euskalduna izanik, hainbeste gogo Espainiako instituzioetan parte hartzeko, ikusirik hainbeste urteetan hara joanez ez dela deus ere lortu? Aizpea

E. Euskaldunak gara eta Euskal Herria da gure erreferentzia, ez izan dudarik. Baina euskaldunon biziraupenerako konponbidea bilatze horretan Madrilek badu bere protagonismoa, nola ukatu! Egia da urtetan ez digutela kasurik ere egin, baina uste dugu une historiko batean gaudela, eta ematen diren hainbat baldintzari esker gatazka historiko honi behingoz konponbide demokratikoa emateko atearen zirrikitua zabalik dugula. Eta ezin dugu aukera hau pasatzen utzi; Madrilera inoiz baino ahots ozenagoz, autodeterminazioaren alde dagoen Herri honen gehiengoaren ahots lodiaz, igandean batu ditzakegun bozka kopuru izugarriaren indarraz joan behar dugu; Europan bere burua altxatzen ari diren beste Herri batzuren pareko izan nahi dugulako, eta gaurdanik aukera hori lantzen hasi behar dugulako. Eta elefantea mugituko da, mugitu araziko dugu!

1

G. Kaixo Maite! Galdera zaila egin behar dizut: ultraeskuin espainiarrak gehiengo absolutua lortzen badu, zertarako balio dio independentista bati Madrilen 5, 6 edo 7 diputatu izateak? Amets

E. Argi dago halako gehiengo absolutu batek egoera zaildu egiten duela;hala ere, Amaiurren aldeko gehiengo sozial batek, eta zenbat eta handiagoa hobeto, behartu dezake ezezko eta ukazioaren jarrera hori aldatzera. Horregatik goaz hara Herri bezela, Herriaren, herritarren gehiengoaren bultzadak soilik lagun dezakeelako Madrileko harkaitz horiek urtzen. Eta ez ahaztu bizi dugun kontextu historikoa,(Aieteko deklarazioa, ETAk armak uztearena...)nazioartea ere begira dago eta jartzen dela jartzen dena gaiari heldutasunez erantzuteko orrua egin behar dio Herri honek.

www.berria.eus 2011