Konponbideari begira

Berriak

Gordean zuenaren kontakizuna

Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzak gatazkaren ondorioei buruzko dokumentu batzuk ezagutarazi ditu. Besteak beste, 2017ko martxoan Urkulluk Rajoyri espetxe politika berriari buruz egindako proposamena, eta 2014-2017 artean euskal presoei igorritako gutunak.
<b>Gobernuburuen lehen bilera.</b> Mariano Rajoy eta Iñigo Urkullu, 2013ko urtarrilaren 30ean, Moncloan.
Gobernuburuen lehen bilera. Mariano Rajoy eta Iñigo Urkullu, 2013ko urtarrilaren 30ean, Moncloan. JUAN M. ESPINOSA / EFE

2019-10-17 / Enekoitz Esnaola

Euskal gatazkaren ondorioetan bere irizpide nagusiak jendaurrean argi utzi arren, zehaztasunera jotzean diskrezioa izan behar dela esan izan du sarri Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Baina, oraingoan, azkeneko bost urteetan gordean izandako dokumentu batzuk argitara atera ditu, ETAren armagabetzean eta desegitean Eusko Jaurlaritzak egindakoaren deskribapena eta balorazioa txostenean. Astelehenean laburpen bat egin zuen Bilbon, Sabino Arana fundazioan, baina Lehendakaritzak txostena bera ez zuen astelehenean zabaldu. Sarean badago orain, asteartetik. Haien esanetan, iazko abenduaren 10ean bukatu zuten, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, eta «memoriaren eraikuntzarako balio dezan» egin dute. Besteren artean, Espainiako Gobernuari 2017ko martxoan espetxe politika berriaz egindako proposamenaz gain, Lehendakaritzak estreinakoz zabaldu ditu presoei igorritako bost gutun. Auziko proposamenen artean ardatz dira Euskal Herriratzea edo 250 kilometrotik beherako eremurako hurbilketa, neurri humanitarioen eta legezkoen beharra, eta onuretarako gogoeta autokritikoa.







2012ko abenduan hartu zuen Urkulluk lehendakari kargua, eta 2014ko irailera artean bost aldiz bildu zen Espainiako orduko gobernuburuarekin: Mariano Rajoyrekin. ETAk jarduera armatuaren bukaera 2011ko urrian iragarri zuen, eta Lehendakaritzaren txostenak dakar Urkulluk Rajoyri bilera guztietan atera ziola espetxe politikaren gaia, «testuinguru berrira egokitzeko» beharra nabarmenduta. 2017an, ordea, dokumentu zehatzak entregatu zizkion: Espetxe politika birbideratzea partekatzeko akordio proposamena eta Euskal presoak Presondegietan birkokatzeko irizpide proposamena —Sare plataformak euskal preso eriez osatutako bi dossier ere eman zizkion—.



Lehendakaritzak zehaztu duenez, 2017ko martxoaren 14an eman zizkion dokumentu horiek, Moncloan. Bilera berezi batean entregatu ere: ETAren armagabetze egunaren iragarpen publikoa berehalaxe zetorren —bakegileek hala jakinarazi zioten Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako idazkari nagusiari martxoaren 12an, Baionan—, eta Urkullu Rajoyri Madrilera hori esatera joan zitzaion. Kartzela politika berri baterako proposamenak ere eman zizkion. Jaurlaritza ordurako aurkeztuta zen bi programa: 2014ko urrian Hitzeman, euskal presoen «gizarteratzeko legezko prozesuei» buruzkoa; eta urte bereko azaroan Zuzen Bidean, zigor eta espetxe arloan «salbuespena» gainditzeko neurriak.



Lehendakaritzak 2017ko idatzian zioen «baieztatuta» zegoela «ETAk terrorismoa behin betiko laga» zuela, eta bazela espetxe politika «berrikusteko» garaia. Haren esanetan, urruntze politikak «kostu humanoa, familiarra eta ekonomikoa» dakarkie presoen senideei —«presoentzat ia alderik ez dago penintsulako ipar, hego, eki edo mendebaldeko presondegietako bizimoduaren artean, ez bada eguraldia bera»—; eta, halaber, «tentsio soziopolitikoen eragilea» dela. Txostenak gogoratu zuen urruntze politika 1989an jarri zela abian —ez zioen ezer EAJk eta Jaurlaritzak orduan espetxe politika diseinatzean izandako erantzukizunaz—, eta azkeneko urteetako inkestek erakusten zutela «ia euskal gizarte osoa presoak hurbiltzeko politikaren aldekoa» zela.



Hala, Moncloan, Espetxe politika birbideratzea partekatzeko akordio proposamena txostenean hiru proposamen aurkeztu zizkion Urkulluk Rajoyri, «planteamendu ireki» modura: «Presoak birkokatzea»; «izaera humanitarioko beste neurri batzuk»; eta «birgizarteratzeaz, espetxe kudeaketaz, eta zigor eta espetxe normaltasunaz bi gobernuek lanerako mahai bat osatzea». Aurreneko bi eskaerak «epe motzean ezartzeko pentsatuak» ziren.



267 presoak, 10 espetxetan



Jaurlaritzak lehendabiziko proposamena garatu egin zuen Euskal presoak Presondegietan birkokatzeko irizpide proposamena dokumentuan. 2017ko martxoaren 13 arteko datua aintzat hartuz, Espainiako Estatuko kartzeletan ETArekin lotutako kasuetako «Euskadiko nahiz Nafarroako» 267 herritar zeudela zioen —haietatik zortzi, EAEkoetan—, eta 267 euskal presoetatik 234 zeudela Hego Euskal Herritik 300 kilometro baino urrunagoko espetxeetan, eta 195, 500 kilometrotik landa.



«Eusko Jaurlaritzak ez dauka, a priori, preso guztiak presondegi berdinean biltzearen ez aldeko ez kontrako jarrerarik», ageri zen dokumentuan, baina «presoak beren zigorrak EAEko eta Nafarroako espetxeetan betetzearen alde dago, eta, salbuespenezko egoeran kasu zehatzetan egoeraren batek aholkatuko balu, horiengandik gertuen daudenetan». Presoak Hego Euskal Herrian eta honengandik 250 kilometrotik behera dauden sei kartzeletan kokatzea proposatu zuen —neurketarako, Arabak, Gipuzkoak eta Nafarroak bat egiten duten lekua hartu zuen erreferentziatzat—. Gogoratu zuen Espainiako Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12.1. artikuluak dioela presoak etxetik ahal den gertuen egon behar duela. 267 presoetatik 190, euskal espetxeetan izateko proposamena egin zion Jaurlaritzak PPren gobernuari: 100 preso Zaballan (Gasteiz), 40 Iruñean , eta 25na Basaurin (Bizkaia) eta Martutenen (Donostia). Beste 77ak, Espainiako lurraldeotako kartzeletan: hogeina preso Logroñokoan (137 kilometrora) eta Burgoskoan (164 km), hamabost Dueson (Santoña, Kantabria; 175 km), hamar Zuerakoan (Zaragoza; 219 km), zazpi Soriakoan (230 km) eta bost Dueñaskoan (Palentzia; 250 km). Justu hogei urte lehenago Eusko Legebiltzarrak presoak —850 inguru orduan— Hegoaldetik 300 kilometroko eremuan kokatzeko plana onartu zuen.



Madrilen «balaztada»



2017ko uztailaren 19an bildu ziren berriro Urkullu eta Rajoy —apirilaren 8an armagabetu zen ETA—. «Bilera honetan berrikuntza garrantzitsu bat gertatzen da —dio Lehendakaritzak—: Rajoyk bi gobernuen artean solaskidetasun diskretua eta egonkorra zabaltzea onartu zuen espetxe politikan aldaketak adoste aldera». Hark izendatutako mintzakidea Angel Yuste izan zen, Espainiako Espetxeetako Erakundeko idazkari nagusia, eta Urkulluk izendatutakoa, Jonan Fernandez. Yuste eta Fernandez uztailaren 28an batzartu ziren lehen aldiz, Lermako (Burgos) hotel bateko kafetegian, eta Jaurlaritzaren ordezkariak proposatu zuen lanerako eskema bi eremutan banatu zen: «Egiturazko aldaketak —hurbiltzea eta gizarteratzea— eta kasuen kudeaketa: Langraitz bideko presoak, Hitzemani lotutako presoak, publikoki ezagunak ez ziren preso gaixoak, 70 urtetik gorakoak, adin txikiko seme-alabak zituzten emakumezko presoak, eta bere zaurgarritasun egoeragatik premiazko kasuak». Lehendakariaren Espetxe politika birbideratzea partekatzeko akordio proposamenak tokiko Espetxe Zaintza, kartzela eskumena, Frantziako zigor urteen aintzatespena eta 7/2003 legearen aldaketa ere jasoak zeuzkan.



Fernandezen eta Yusteren arteko hurrengo bilera, irailaren 7an, Madrilen. Lehendakaritzak azaldu duenez, PPren gobernua ez zegoen prest egiturazko aldaketak proposatzeko, baina bai kasuz kasu lan egiteko; «bide bat zabaltzen ari zela zirudien». Bi haien hirugarren bilera, urriaren 9an, Espainiako hiriburuan; «balaztada», Yuste «iheskor». Laugarren batzarrak —2018ko urtarrilaren 17a, Madril—, «geldialdia berresteko balio izan zuen». Yustek esan omen zuen gobernuarentzat «baldintza hobeak» egongo zirela ETA desegitean. Iazko maiatzaren 3an bukatu zuen ETAk ibilbidea, EPPK-k 2017ko uztailean iragarri zuen legebidea jarraituko zuela, baina PPren gobernuak ez zuen aldatzeko imintziorik egin. Lehendakaritza: «2017ko udatik 2018ko hasierara, espetxe politikan aurrerapen txikiak egin ziren. Kasu guztietan erabaki judizialekin izan zuten zerikusia, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren edo arartekoaren ekiteagatik».



Urkullu iazko ekainaren 25ean bildu zen aurreneko aldiz Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu berriarekin, eta urtebete lehenago Rajoyri emandako «agiri eta proposamen berberak» eman zizkion. PSOEren gobernuak egin ditu mugimendu batzuk, baina espetxe politika aldatu gabe da. Iazko bilera haren ondoren Lehendakaritzako iturriek iragarri zuten bi gobernuek espetxe politikaz aritzeko lantalde bat eratuko zutela. PSOEk eta Moncloak sekula ez dute horrelakorik baieztatu, eta Lehendakaritzak orain ezagutarazi duen txostenean 2018ko abenduaren 10 arteko kontakizunean ere ez da ageri lantaldeaz aipamenik.



ETAren bukaera faseko kontuak eta komeriak. Jaurlaritzaren kontakizuna armagabetzean eta desegitean egindakoaz

Informazio osagarria

Publizitatea