Autokritika, espetxe politika aldatzeko oinarri

Urkullu lehendakari denetik, Jaurlaritzak bost eskutitz igorri dizkie euskal presoei, ETAren giza eskubideen urraketetan azpimarra jarrita

enekoitz esnaola
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Euskal presoei bost komunikazio helarazi dizkie Iñigo Urkulluren Jaurlaritzaren Lehendakaritzak, eta, funtsean, oinarri izan du haiek legezko prozesuak jarraitzeko ETAren indarkeriaz gogoeta autokritikoa egitearen beharra adieraztea. Lehendakaritzak iritzi dio PPren gobernuak izan duela espetxe politikari eustearen «erantzukizun nagusia», aitortu du euskal gizarteak eta instituzioek ere badutela ardura bat, eta deitoratu du EPPK-ko kideek eta haren «inguru politikoak» oraindik ez dutela nahikoa aurrerapausorik eman.

Lehen gutuna 2014ko urriaren 10ean bidali zien euskal presoei, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak sinatuta, gizarteratzeko lege prozesuak laguntzeko Hitzeman programari buruzkoa. Programa bera ere atxiki zien, eta ekarpenak eskatu. Bigarren eskutitza 2015eko urtarrilaren 21ean datatutakoa da, aurreko berak igorritakoa: Zuzen Bidean programa, dokumentua barne —«zigor eta espetxe arloan salbuespena gainditzeko hogei neurri zehatz»—. 2015eko apirilaren 30ekoa hirugarrena, berriz ere Bakegintzatik, Hitzemanen esperientzia pilotua abian jartzeko Jaurlaritzaren urratsen ingurukoa. Laugarren gutuna, 2016ko apirilaren 6koa da: «terrorismoagatik» zigortutako preso baten gradu bilakaeran eta onura legalen informazioa. Azken komunikazioa, EPPK-koek igorritako eskutitzei Urkulluk egindako erantzun bat da, 2017ko ekainaren 13koa.

Urkullu 2012ko abenduan Jaurlaritzako buru jarri eta urtebetera argitaratu zuen EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak legediaren bidea jarraitzeko egindako hautuaren adierazpena —eragindako mina aitortu zuen, halaber—, baina Lehendakaritzaren txostenak dio EPPK eta haren inguru politikoa ez zirela gai izan «egoeraaldatzea lagunduko zuketenmugimendu erreal minimoak sortzeko». Urkulluren Jaurlaritzak 2014ko urrian ekin zion euskal presoei gutunak bidaltzeari, eta Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak 2015eko urtarrilaren 28an eta 29an hiru bilera eduki zituen Mikel Albisu eta Marixol Iparragirre EPPK-ren orduko solaskideekin, Parisko kartzela batean. «EPPK-ko ordezkarien jarrera ez zen bereziki harkorra izan». Kolektiboak legebideaz 2017ko uztailean eman zuen jakitera beste adierazpen bat;Lehendakaritzak deritzo «erabakia pisu handikoa» izan zela, eta gogoratu du Madrilek gradu aldaketa eskari ia denak ukatu dituela.

Azken gutunean, zuzenean

Jaurlaritzaren dokumentuak gogor kritikatu du ETAk eragindako giza eskubideen urraketez eta biktima guztiez gogoeta kritikorik egin ez izana bere desegite fasean. «Urrezko aukera galdu zuen. Ezker abertzalearen teilatuan utzi zuen hipoteka. ETAk egin izan balu, preso bakoitzak adierazpen horretan sostengua hartu ahal izango zukeen orain gizarteratze ibilbidea garatzeko». Gaineratu du horretaz balorazio kritikorik eskainigabe jarraitzen duela ezker abertzaleak. Ongi ikusi zituen Segurako auziko eta Ekineko bi kasuetako akordioak, eta azpimarratu du euskal presoek ere jorratu beharko luketela antzeko bide bat.

Halako argudioak azalduz zuzendu zitzaien Urkullu EPPK-ko kideei 2017ko eskutitzean. «Beharrezkoak dira presoen eta haren ingurune politikoaren ekarpenak ere. Harritzekoa da zure eskutitzean ezer ez aipatzea. Are harrigarriagoa da ez egitea irakurketa kritiko bat ETAk eragindako giza eskubideen urraketez. Ez zait onargarria iruditzen beste guztioi zuzendutako eskaerak eta salaketak jartzea eta zuen erantzukizunekoak diren pausoak ez ematea».

Jaurlaritzaren txostena osorik, BERRIAren webgunean ikusgai: www.berria.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.