Parisekin kontaktuan, «laguntzeko»

2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren txostenak aitortu du espetxepolitikan «aldaketarik esanguratsuenak» Frantziako Estatuan gertatu direla, «[Emmanuel] Macron presidentea buru duen gobernu berriaren eskutik», eta esan du Jaurlaritzak berak izan duela parte hartzerik. Jakinarazi du Helene Davo Frantziako Justizia Ministerioko arduradunetakoak 2017ko uztailaren 14an Jonan Fernandezi telefonoz azaldu ziola Parisek euskal presoekiko politikan «joera berria» zuela —DPS asko kendu, eta Mont-de-Marsanera (Okzitania) «kasu nabarmenak edo hilketa larriak» ez zituzten eta berehala kondena beteko zuten 17-18 preso hurbildu—, eta abuztuaren 22an biak batu zirela, ministerioaren egoitzan.

Jakina denez, Justizia saila uztailaren 10ean Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin batzartu zen, leku berean, euskal presoen auziko elkarrizketei ekiteko —hiru hilabete zen ETA desarmatu zela—. Lehendakaritzaren txostenak dio Pariserako martxa bat deituta-eta «artisauak Frantziako Justizia Ministerioarekin zeukaten harremanaren inguruan gehiegizko erakustaldi publikoa» egiten ari zirela, «eta, gainera, gertatuko ziren aldaketak puztu egiten zituzten iragarpenak eginez». Orduan ere jaso zuen Jaurlaritzak Parisen mezua, txostenak dakarrenez: «Frantziako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari helarazi zion ezin zituztela aldaketa esanguratsuak egin presio edo manifestazio bati erantzunez, are gutxiago horiek negoziazio baten ondorioz aurkezten baldin baziren».

Jaurlaritzak jakinarazi du bi mugimendu egin zituela orduan: batetik, «Iparraldeko taldeen» jarreraz «ezker abertzalearen inguruan zuhurki ohartarazi» zuen; bestetik, ETAren biktimen elkarte nagusiekin bilerak prestatzen aritu zen Frantziako Justizia Ministerioarekin, gobernuak «eman nahi zituen urratsak ez blokeatzen laguntzeko». Bileren «emaitza ona» izan zen.

Euskal ordezkaritzak segitu du Parisekin hartu-emanean, modu ofizialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.