188-191 egunak: Basamortuaren oparia

188-191 egunak: Basamortuaren oparia

188. eguna: Kalima – Dongola (177km, +312m)

Basamortua zeharkatuz beste trabesia bat egiteko ordua iritsi da. Oraingoan egin beharreko distantzia aurreko egunekoa baino apur bat txikiagoa da, 180 kilometrokoa, hain zuzen. Gure asmoa, indarrek eta haizeak uzten badigute behintzat, egun bakarrean egitea da.  Iragarpenaren arabera haize bortitza izango dugu gure norabide berdinean, beraz, etapa egiteko gai izango garela uste dugu. Antza denez, iragarpena ez dugu ondo interpretatu. Haize handia izango genuela ikusi bai, baina ez gara konturatu  honek beste ondorio batzuk izan zitzakeenik. Harea-ekaitza, esaterako.

Goizeko hamarrak aldera zerua ilundu da eta hondar aleak, bala txikiak izango balira bezala, gure hankak jotzen hasi dira. Hanketan ez dugu minik sentitu, baina gure begiek lepotik sufritu dute. Nahiz eta buff-a eta betaurrekoekin aurpegia ahalik eta ondoen babesten saiatu, ezin izan ditugu ale guztiak saihestu eta bakarren bat, asko ez esatearren, begian sartu zaigu.

Hala ere, ez da dena negatiboa izan. Haize zakarra eta area batu egun dira eta  hondarrezko gortina modukoak sortu du errepidean. Une oro aldatzen joan diren forma ederrak sortu dira gure aurrean. Naturak sorturiko artelan baten modukoa izan da gaurko paisaia. Eguzki azpian, 40 gradutan eta haizea kontran horrenbeste kilometro egin ostean basamortua gutaz errukitu eta ordainetan opari hau egin digula sentitu dugu. Pena merezi izan du sufrimenduak, zalantzarik gabe.

189. eguna: Dongola – Tumbus (60km, +135m)

Ramadana dela eta, egunean zehar ia denda guztiak itxita aurkitzen ditugu Sudanen. Aurrera goazela aurkitzen dugu supermerkaturen bat edo beste irekita, baina ez da ohikoa izaten. Gainera, normalean zabalik aurkitzen ditugun dendak gutxien espero dugun tokietan izaten dira. 

Gaurko gaua herri handi xamar batean pasatzeko asmoa dugu. Zoritxarrez, herrira iristean denda gutxi topatu ditugu, eta aurkitu ditugun apurrak itxita. Etxe bateko atea jo dugu ea dendarik irekita dagoen jakiteko. Dena itxita dagoela esan digute eta ez dugula jatekorik aurkituko. Agur esan eta barrura joan da gizona. Itxura guztien arabera baraurik joango gara lotara.

Alako batean, gizonak etxeko atea zabaldu eta sartzera gonbidatu gaitu. Eseri bezain pronto hainbat plater ekarri dizkigu afaltzeko. Gozatu ederra hartu dugu, izan ere, dendak itxita zeudenez, ez dugu bazkaltzeko aukerarik ere izan. Espero gabeko otorduak dira onenak!

Hori gutxi ez eta bi ohe prestatu dizkigute etxearen kanpoaldean. Giro freskoa dago eta ez da eltxorik sumatzen. Gau lasai bat azkenean! 8ak aldera, ohean etzan eta segituan hartu dugu lo.

Ametsen artean, gaueko 12ak aldera, etxeko jabeak Pello esnatu du. Guztiz desorientatuta esnatu da. Buruari reset moduko bat egin, eta non dagoen konturatu denean, gizonak eskuartean janariz betetako bandeja bat duela ikusi du.

Badirudi gizonak gosetuta ikusi gaituela eta bigarren afari bat ekarri digu. Pellok Jon esnatu eta honek lotan jarraituko zuela esan dio. Afaria hain zegoen goxoa, non Jonek plateren usaina sumatu, goseak logura garaitu, eta azkenean hitzartu eta elkarrekin afaldu dugun.

190. eguna: Tumbus – Abu Sari (82km, +303m)

Eguzkia sartu baino minutu batzuk lehenago iritsi gara Abu Sarira. Bero handia egin duenez, bazkalostean Nilo ibaian bañu bat hartzea erabaki dugu, eta berandutu egin zaigu.

Herrira iristean ohikoa ez den giroa topatu dugu. Jende asko dabil batera eta bestera, gehienak aztoratuta. Jakina, afaltzeko ordua da beraientzat. Ramadana dela eta, egun osoa daramate ezer jan gabe. Eguzkia ezkutatu orduko hasiko dira afaltzen.  Gu ere gose handiarekin iritsi gara helmugara. Beraien moduan guk ere eguzkia sartzera itxaron behar izan dugu. Ez zaigu errespetuzko iruditu beraiek egun osoa ezer dastatu gabe egon, eta eguzkia ezkutatzear dagoela beraien aurrean jaten hastea. 

Kalean zeuden pertsona guztiak alfonbra batzuen gainean eseri, eta bozgorailuetatik errezu hots bat entzun denean denak batera hasi dira afaltzen. Interesgarria izan da munduan zehar horren hedatua den, eta aldi berean hain gutxi ezagutzen dugun tradizio bat gertutik ezagutzea.

191. eguna: Abu Sari – Abri (81km, +447m)

Kilometro asko daramatzagu Nilo ibaiari segika, baina orain arte ez dugu eguzkia bere barnean sartzen ikusi. Gaur lo egitea erabaki dugun herria Niloren ertzean aurkitzen da. Argazkietan ageri den ikuskizuna bizitzeko aukera izan dugu. Zoragarria izan da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer