Nairobi: Kubuka

Nairobi: Kubuka

Nairobin Kubuka GKEa bisitatu dugu. Zambian erakunde hau ezagutzeko aukera izan genuen Livingstoneko proiektuetan. Hauetaz gain, Kenyan ere lanean dabiltza. Bertako proiektuei dagokienez bi tokitan egiten dute lan: Tala izena duen landa eremuan eta Nairobiko Kibera auzoan. Guk azken hau ezagutzeko aukera izan dugu.

Kibera auzoa, Nairobiren mendebaldean kokatzen den ghetto bat da. Kontatu digutenez Afrikako asentamendu handienetako bat da. Nairobin bost miloi biztanle bizi dira eta hauetatik bat Kibera auzoan.

Bertan bizi den jende asko aurretik landa eremuan bizitakoa da. Aukera berrien bila Nairobira jotzea erabaki zuten eta hiriburuan geratzeko alternatiba bakarra auzo honetan bizitzen jartzea izan zuten. Ikusitakoak ikusita, ez dakigu aldaketa hau onerako izan ote den.

Benetan eremu pobrea da Kibera. Bisitatu ditugun lekuetatik egoera eskasenean bizi diren tokia da, zalantzarik gabe. Txapazko etxez osaturiko labirinto baten antzekoa da. Kale estuak, etxeak nonahiā€¦ Hondakinen kudeaketa ordenatu bat egitea zaila da halako inguruetan. Horren ondorio dira kale ertzetan eta auzoaren inguruan sortzen diren zaborrezko guneak.

Eguraldiak ere inon baino presentzia handiagoa izaten du horrelako lekuetan. Afrika kontinente lehor baten moduan ezagutzen den arren, eurite sasoi bat izaten da bertan. Urtaro honetan euri jasa gogorrak izaten dira eta ondorioz, auzoko kaleak erreka txikietan bihurtzen dira. Erauntsiek hala nahi dutenean, indar handiko errekak sortzen dira, kasu txarrenetan etxe batzuk botaz. Esan digutenez, uholde hauek direla eta pertsona bat baino gehiago hiltzen da urtero auzoan. 

Bisitatu dugun erakundea 2013. urtetik dabil bertan lanean eta dagoeneko hainbat proiektu garatu dituzte. Gure kasuan lehen hezkuntzako eskola bat eta birziklapen planta bat ikusteko aukera izan dugu.

Lehen hezkuntzako eskola

Auzoaren errealitateari uko egin ezinik, toki gutxi eta ikasle asko dagoen eskola batekin egin dugu topo. Guztira 350 haurrek ikasten dute bertan sei mailatan banatuta.

Ikasleek eskolan bertan gosaldu eta bazkaltzen dute. Helburua, haurrek elikadura osasuntsu bat mantentzea da, izan ere, familia batzuek ezin izaten dituzte haurrak behar bezala elikatu. Kontatu digutenez, duela hilabete batzuk ikasle bat anemiak jota hil egin zen. 

Hezkuntza sistema antolatua dagoen moduagatik, bigarren hezkuntzako ikasketak Nairobitik kanpo egiten dituzte. Horrela, bertako ikasleek aukera dute Kiberatik kanpoko errealitatea zein den ezagutzeko. Zuzendariari haur hauen etorkizunaz galdetu diogu. Bigarren hezkuntzako ikasketak kanpoan burutzea positiboa den moduan, bere nahia etorkizunean haur hauek Kiberara itzultzea da. Esan digunez, ikasle hauek lortu dituzten ezagutza berriekin merezi duten auzo duina eraikitzea du amets.

Etorkizunean eskola handitzeko asmoa dute. Helburua hezkuntza pertsonalizatuagoa eskaintzea da, izan ere, gaur egun dituzten baliabideak direla eta ezin izaten dute ikasle guztiengana behar duten arretaz iritsi. Horrez gain, zuzendariaren nahietako bat bigarren hezkuntzako eskola bat irekitzea da.

Birziklapen planta

Proiektu hau plastikozko hondakinen birziklapena sustatzeko gune bat da. Bertan ez dute birziklapen prozesu osoa egiten, aurre prozesu bat, baizik. Botilak, poltsakā€¦ bildu, plastiko hauek sailkatu eta txikitu egiten dituzte. Ondoren, material hau enpresa handiagoei saltzen diete eta azken hauek dira birziklapen prozesuari amaiera ematen diotenak.

Auzoan bizi direnek aukera dute bertara plastikozko hondakinak eramateko. Trukean, bildutako pisuaren arabera, dirua ordaintzen diete. Bi helburu lortu nahi ditu GKEak proiektu honekin. Batetik, bertako familiei diru sarrera bat eskaini, eta bestetik, auzoa garbiago mantentzeko aitzakia bat sortu. 

Kontaktua

Proiektu hauetan laguntzeko sei hilabeteko gutxieneko estantzia eskatzen dute Kubukatik. Denbora tarte hori estimatzen dute erakundea ezagutu eta laguntza eskaintzeko behar den denbora minimoa moduan. Hortik gora nahi den guztia!

Proiektua bisitatu edo laguntza eskaini nahi duenak ondorengo korreo elektroniko edo Whatsapp-era idatzi dezake beraiekin harremanetan jartzeko.

  • Aliantza estrategikoen arduraduna
  • Korreoa: xavigrodrigo@kubuka.org
  • Telefonoa: +34 626 141 767

2 Replies to “Nairobi: Kubuka”

  1. Kaixo gazteak, nola zoazte?
    Gari naiz udan Ugandara joateko asmoa duen Hernaniarra (Peio ez gara ezagutzen baina familiako harategia ezagutzen dut).
    Zuek inguruan ibilita galdera batzuk datorzkit burura.
    Laburbiltzearren; Nola dago gauza jan, edan eta abr egiteko..kanping denda bai? Edo bertan galdeti norbaitenean lo egiteko.
    Rekorridoa nola osatzen duzue?

    Aldez surretik mila esker eta barkatu txapa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer